LAB sindikatua ez dator bat maiatzaren 31n deituta zegoen greba deialdia bertan behera uztearekin, ELA eta STEE-EILAS sindikatuek gaur publiko egin duten bezala.

LABen iritziz, maiatzaren 3an deialdia publiko egin genuenetik gaur arte deialdiaren arrazoiak birplanteatzera eramateko moduko elementu berririk ez da agertu. Patxi Lópezek eta bere Gobernu taldeak badakite oso litekeena dela hauteskundeak aurreratzea eta horregatik adierazpen batzuk egin ditu. Esandakoaren arabera, espainiar Gobernuak agindutako neurrietako batzuk ez omen ditu ezarriko, baina hori antzezpen hutsa besterik ez da. Iruzurra, hauteskundeei begirako keinua, eta amoraltasun politikotik hurbil dagoena.

Patxi Lópezen gobernuak, eragile sozial eta sindikalok maiatzaren 20 eta 26ko manifestazioen deialdietan esan bezala, ez du inolako sinesgarritasunik, hain zuzen ere eurak izan direnean osasuna, hezkuntza eta bestelako zerbitzu publikoetako aurrekontuetan murrizketak egin dituzten lehenak. Murrizketa horiek direla eta, 2009an baino gutxiago inbertitzen da gaur egun. Lan baldintza murrizketak egiten ere lehenak izan ziren (eurak izan ziren soldaten izozteak agindu zituztenak, aurrekontu plantillak handitzea debekatu zutenak, errelebu kontratuak zein kontratazio berriak ekartzen zituzten adinagatiko lizentziak eten zituztenak, ordezkapenak mugatu zituztenak, bajan egoteagatiko zigorrak ezarri zituztenak etab.).

Gainera, Patxi López ez da honetan hasiberria, eta oso ondo daki konstituzio-kontrakotasun errekurtsoa aurkeztea denbora galtzeko eta arazoa gainetik kentzeko modu bat besterik ez dela. Madrilen erabakitzen diren zerbitzu publikoen desagerpena bilatzen duten egiturazko erreformei aurre egiteko erantzun politikoa behar da, ez juridikoa. Ederki asko daki López berak ere defendatzen duen marko juridiko eta politiko honetan, neurri horiek ezartzera derrigortuko gaituztela, oinarrizko legeria eta azken hitza beti espainiar erakundeetan dagoelako. Horregatik, López lehendakariak eraso hauei aurre egin nahi badie, zera da egin behar duena: gatazka politikoa planteatzea, Euskal Herria eta bertako langileok geure lan eta bizitza baldintzak erabaki ditzagun.

Ildo honetan, greba deialdia bertan behera uztearekin ez gatoz bat, deitzeko iznadako arrazoiak bertan mantentzen direlako: Eusko Jaurlaritzak ezarri dituen zerbitzu publiko eta lan baldintzen murrizketak hortxe dirautelako, eta aplikatzen ari direlako; neurrion aplikazioa ekiditeko borrokarik egin ezean, Zerbitzu Publikoak suntsitzen jarraituko dutelako; eta zerbitzu publikoak bultzatzeko eta enplegu publikoa sortzeko inolako jarrerarik ikusten ez dugulako. Urte osoan lanean aritu izan diren interinoei eta noizbehinkako ordezkapen-kontratuak izan dituztenei galdetzea dute, orain ordezkapen bakan batzuk baino ez egitera pasatu direlarik zein egoeratan dauden; eta urteetan ordezkapen mota horiek egiten aritu izan direnei zuzenean kalera joan direnean; eta datorren ikasturtean kontraturik izango ez duten guztiei berdin.

Langileok behin eta berriz frogatu dugu ongi antolatu ezkero, mobilizatzeko eta grebak egiteko prest gaudela, eta hain zuzen ere besteak beste greba eta borroka horiei esker lortu dugu zerbitzu publikoen auzia agenda politiko eta sozialean egotea, gero eta garrantzia handiagoarekin.

Hau guztia kontutan hartuta, ELA eta STEE-EILASek greba deialdia bertan behera uzteko egin duten iragarpenaren aurrean, ostiral honetan egingo dugun batzarrean aztertuko dugu egoera.