2026-07-12
HomeEkintza SozialaKutxabanken pribatizatzearen aurkako plataformak Gipuzkoako Aldundiak Kutxabanki buruz egindako proposamena norabide egokian...

Kutxabanken pribatizatzearen aurkako plataformak Gipuzkoako Aldundiak Kutxabanki buruz egindako proposamena norabide egokian doala deritzo

Kutxabank pribatizatzearen aurkako plataformak Gipuzkoako Aldundiak Kutxabanki buruz egindako proposamena norabide egokian doala adierazi du eta atzo Batzar Nagusietan egin bezala, bere helburuak lortzearren moblizatzen eta lanean jarraituko duela iragarri du.

Kutxabank pribatizatzearen aurkako plataforma
GIPUZKOAKO ALDUNDIAK KUTXABANKI BURUZ EGINDAKO PROPOSAMENA NORABIDE EGOKIAN DOA

Euskal Kutxen likidaziorako atzerako kontaketa ez da eten. Datozen egunotan, pribatizazioaren aitzindariek Gipuzkoako Batzar Nagusietan banku-fundazioko patronoak izendatzeko egindako antzezpenaren ondoren, hilaren 25ean Administrazio Kontseiluaren txanda izango da, eta urrian, batzarrarena. Behin Kutxak likidatuz gero, bidea libre izango dute euskal aurrezkia eta Euskal Herriko milaka pertsonak urte askotan Kutxabanken esku jarritako aktiboak bankuen eta espekulatzaileen eskuetara pasa daitezen.

Gutxi batzuk pertsonen beharrizanekin negozioa egin dezaten zerbitzu publikoak pribatizatzen diren bezalaxe, orain Aurrezki-Kutxak ere pribatizatu nahi dituzte, izan duten kutsu publiko eta soziala bertan behera utzirik.

Kutxabanken etorkizunerako berebiziko garrantzia duten uneotan euskal jendarteari, oro har, eta gipuzkoarrari, zehatzago, galarazi egiten diote bere aurrezkiak nola inbertitu eta honen etekina nork jasoko duen aztertu, eztabaidatu eta erabakitzeko aukera.

EAJk, PPk eta PSEk eztabaida saihestu egin dute, erabakia hartuta zeukatelako. Ahal zuten guztia egin dute kutxak bankarizatu eta pribatizatzeko eta bankuei bidea leuntzeko, aktibo hauen gaineko kontrola beregana zezaten, trukean Kutxabankeko administrazio-kontseiluan postuak bermatu edota banku-fundazioak kontrolatzeko.

Eurekin izandako hainbat bileretan ez dira gauza izan argudio politiko, sozial edo ekonomiko bat bera ere emateko frogatze aldera jendartearentzat ona dela Kutxen-Kutxabanken pribatizazioa. Behin eta berriz aipatu duten arrazoi bakarra indarrean dagoen legedia bete beharra izan da.

Haatik, sarri esan izan dugu argudio hori faltsua zela, eta orain Gipuzkoako Foru Aldundiak plazaratu duen txosten batek dio Kutxen eta Banku-Fundazioen Legea aintzat hartuta ere ez dela derrigorrezkoa egiten ari direna. Alderdiok Gipuzkoako Aldundiaren proposamenari eman dioten erantzunak funtsgabeak dira, deskalifikazio hutsak (“ateraldi” eta antzeko hitzak erabili dituzte). Erantzun eskas horrek agerian uzten du txosten haren balioa, baita Aldundiaren proposamenarena ere. Proposamen honi ideia egokia deritzogu, eztabaidatu eta sakondu beharrekoa.

Plataformak aldarrikatzen du orain arte garatu den prozesuari atzera eragin behar zaiola; Kutxa ez dadila banku-fundazio bihurtu; has dadila taxuzko eztabaida publiko bat. Denbora nahikoa dago, borondate politikoa badago bederen.

Guk honakoa proposatzen dugu:

1. Euskal Aurrezki-Kutxen izaera publiko eta soziala bitarteko guztiak erabiliaz defenditzea; ez dago haiek likidatzeko eta pribatizatzeko arrazoi sozial, ekonomiko edo politikorik. Orain arte egindako pribatizazio bidean atzera egin behar da.

2. Kutxabanken jite publikoa azpimarratzea, Fundazioen esku dauden akzioak euskal erakundeei utziaz, eta kudeaketarako tresna partekatu bat sortzea, bezero nahiz langileok osatua.

3. Kutxabanken akzioak, gaurkoak zein kapitala zabaltzetik sor litezkeenak, ez daitezela Burtsara atera, eta bat ere ez diezaiotela kapital pribatuari saldu.

4. Kutxen-Kutxabanken ordezkaritza eta kudeaketa organoak aldatzea, kontrol publiko eta soziala gauza ahal dadin, gure sare produktibo eta sozialaren onerako.

5. Euskal finantza-sistema publiko bat garatzeko marko arauemaile propio bat adostea; finantza-sistema horretan leku garrantzitsua izango dute Euskal Kutxek-Kutxabankek. Geuri dagokigu erabakitzea gure aurrezkiarekin zer egin nahi dugun eta zer politika egin behar den gure bizi- eta lan-baldintzak hobetzeko.

6. Harrapaketa hau esparru politiko eta profesionaletik antolatzen ari direnek dimisioa eman dezatela, eta itzul diezaietela euskal erakundeei nahi eta behar dugun banku publikoaren eredua erabakitzeko ahalmena.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gasteizko Mercedesen Aldi Baterako Laneko Enpresen presentzia handiak prekarizazioa dakarrela salatu dugu

Mercedeseko LAB, ELA eta ESK-k, lehenik eta behin, argi utzi nahi dugu Mercedes-Benz Gasteizko lantegian egiten ari den inbertsioak eta apustua bere plantillaren eta inguruko industriaren profesionaltasunaren eta lan onaren emaitza direla.

Esku-hartze sozialeko langileek elkarretaratzea egin dute Zaramagako Bizan berriaren inaugurazioan

Gasteizko alkate Maider Etxebarriari eta Gizarte Politiketako zinegotzi Lucho Royerori eskatu diete benetako bitartekaritza bat abian jar dezatela sektorearen gatazka konpontzeko; izan ere, dagoeneko 7 greba-egun eta mobilizazio ugari pilatu dituzte, erakundeak jarrera pasiboa izan duten bitartean.

Bergarako eta Zarauzko Ibilgailuen Azterketa Teknikoko langileak greban

Bigarren greba eguna izan dute gaur ITASUAko beharginek, eta egoera desblokeatu eta benetako negoziazioa ahalbidetu ezean, greba mugagabeari ekingo diote.