2026-09-07
HomeIndustriaMetalgintzaLABek aurrea hartzen jarraituko du Bizkaiko metalgintzako enpresa guztietarako hitzarmena lortzeko, patronalaren...

LABek aurrea hartzen jarraituko du Bizkaiko metalgintzako enpresa guztietarako hitzarmena lortzeko, patronalaren itxikeria eta txantaiaren aurrean

Atzo, irailak 18, Bizkaiko metalgintzako mahai negoziatzailea elkartu zen. Beste behin patronalak argi utzi du bere jarrera: ez du negoziatzeko inolako asmorik.

LABek egindako proposamenen aurrean, guztiz onargarriak direnak eta beste sektore batzutan Confebaskek sinatu dituenak (Merkataritza, Grafikagintza, Papergintza…), beti egin dugu topo patronalaren itxikeriarekin, ez baitu ezer negoziatu nahi eta honek ezinezko egiten du ezelango akordiorik lortu ahal izatea. FVEMen asmo bakarra bere neurrira egindako hitzarmena inposatzea dela baiezta dezakegu. Sektoreko langileen lan-baldintzak prekarizatuko dituena eta enpresetan borondatezko aplikazioa izango duena, hitz bitan esanda, lan erreforman oinarritutako akordioa. Gure ekonomiaren motorra den metalgintza desarautu nahi dute.

Gogora arazi nahi dugu maiatzean Eusko Jaurlaritza interpelatu zela, egoera desblokeatzeko asmoarekin eta gure buruei honako hau galdetzen diegu: Zer egin du orain arte? Zer egiteko prest daude lan-baldintzak mantenduko dituen hitzarmen duin bat bermatzeko?

Patronalaren itxikeria eta txantaia hor izan arren, LABek aurrea hartzen jarraituko du enpresa guztietarako hitzarmena lortzeko, sektoreko langile guztien kohesio sozial eta laborala bermatuko duena. Borrokan jarraituko dugu.
 

 

 


AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gogor salatzen dugu CCOOren eta UGTren traizioa, Bizkaiko garraioko hitzarmena sinatuta prekaritatea iraunarazi eta langileen eskubideak saldu dituztelako

Joan den ostiralean, lan baldintzak hobetzeko beste aukera bat galdu zen Bizkaiko garraioaren eta logistikaren sektorean. CCOO eta UGT sindikatuek aurrera pausorik ez dakarren hitzarmena sinatu dute berriro, ASETRABI-CEBEK patronalaren aurrean belauniko jarriz eta milaka langileren eskubideak salduz.

Suhiltzaile zerbitzuan Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren koordinazio falta salatzen dugu

Asteburuan zerbitzuko guardia-burua Garberako suhiltzaile-etxeko bere bulegotik kanporatua izan zen.

Hezkuntza publikoa indartzeko ezinbestekoa da baliabidez hornitzea

Hezkuntza Sailaren inprobisazioa, arduragabekeria, noraeza, itxurakeria, erabakiak aldebakarrez hartzea eta 2025eko irakaskuntza publikoan mobilizazio eta greba zikloei bukaera eman zieten akordioak bere osotasunean betetzen ez dituela salatzeko elkarretaratzea egin du LAB sindikatuak.