2026-01-23
HomeIrakaskuntzaHezkuntzaKoronabirusarekin harremana duten EHUko langileak berehala txertatzea eskatzen dugu

Koronabirusarekin harremana duten EHUko langileak berehala txertatzea eskatzen dugu

Komunikabideen bidez berriki ezagutu dugunez, SARS-CoV-2 birusarekin harreman zuzena duten dozenaka ikertzaile daude gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoan txertorik jaso gabe. Gauza ezaguna da (eta EHUk onartua ere) koronabirusarekin harremanetan dauden langile horietako batzuk EHUn ari direla lanean.

Egoera horren oinarrian, antza, Estatu espainiarreko Osasun Ministerioak txertaketa-estrategian langile horiek sartu ez izana aurkitzen da, eta, beraz, pertsona horiek hilabeteak eman dituzte “birusa zuzenean erabiltzen, immunizatu gabe, baita gaixotasun horren aurkako txertoak garatzen ari diren taldeen artean ere”.

SARS_CoV-2 edo 2. arnas sindrome akutuaren koronabirusa 3. taldean sailkatutako agente biologikoa da, langileak lanean agente biologikoekiko esposizioarekin lotutako arriskuetatik babesteari buruzko 664/1997 Errege Dekretuaren arabera. Talde horretan sailkatzen dira “gizakiarengan gaixotasun larria eta langileentzako arrisku larria, kolektibitatera hedatzeko arriskua eta, oro har, profilaxi edo tratamendu eraginkorra” eragin dezaketen agente biologikoak.

Aipatutako 664/1997 Errege Dekretuaren 8.3 artikuluaren arabera, “agente biologikoekiko esposizioagatiko arriskua dagoenean eta horretarako txerto eraginkorrak daudenean, horiek langileen eskura jarri beharko dira, eta txertoaren abantaila eta desabantailen berri eman beharko zaie”.

Errege Dekretu horretan bertan xedatutakoa aplika daitekeen jardueren artean sartzen ditu “laborategi klinikoetan, albaitaritzakoetan, diagnostikokoetan eta ikerketakoetan egindako lanak”. Horietakoak ere egon badaude EHUn.

Bestalde, LABek jakin ahal izan duenez, EHUko Prebentzio Zerbitzuak behin baino gehiagotan eskatu dio Eusko Jaurlaritzaren Osasun Zuzendaritzari txertatu gabeko langile horiek (ikertzaileak zein laborategi eta Administrazio eta Zerbitzuetako Pertsonaleko langileak) txertatzeko, ezezko borobila jasoz erantzun gisa, nahiz eta bere burua eskaini ere EHUko Prebentzio Zerbitzu propioaren bitartez langilea horiei txertoa jartzea.

Horretaz gain, LAB sindikatuak jakin badaki koronabirusarekiko esposizio egoera horretan aurkitzen diren EHUko zenbait langile txertatuak izan direla Eusko Jaurlaritzak Basurtuko zein Santamarina Ospitaletan gertatu ziren txertaketa irregularren ondoren txertaketa adin-tartearen arabera egitea erabaki baino lehen. Beraz, koronabirusarekin harreman zuzeneko arrisku talde berekoak izanik ere, EHUn badaude koronabirusaren aurka txertoa jaso dutenak eta oraindik txertatzeke daudenak. Egoera onartezina, LABen aburuz.

Honengatik guztiagatik, EHUko Zuzendaritzari koronabirusarekiko arriskua duten langileak lehentasunez txertatuak izatea eskatzen diogu, langile guzti horien eskubidea izateaz gain, unibertsitate publikoaren betebehar legala ere baita.

Neurri hori gauzatzeko, Eusko Jaurlaritzaren borondate politikoa eta langile horiek beren lanpostuetan egunero aurre egin behar dioten arriskuaren aitortza baino ez da behar.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Martxoak 3: langile memoria zaindu eta sindikalismo soziopolitikoari eusteko deia egin du LABek

Martxoaren 3aren urteurrenaren harira, egitarau oparoa antolatu du LABek, hitzordu nagusia martxoaren 3ko ekitaldi nazionala eta mobilizazioa izango dituena. Duela 50 urte nola, sindikalismoak...

Lanuzteak hasi dira Arabako esku-hartze sozialaren sektorean

Gaur, urtarrilak 21, ELA, LAB, CCOO eta ESK sindikatuek 3 orduko lanuzteak deitu ditugu Arabako esku-hartze sozialaren sektorean, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Dagoeneko 11...

Maderas de Llodio-ko Enpresa Batzordeak zuzendaritzak negoziazioa alde bakarrez ixtea salatu du

Maderas de Llodio-ko Enpresa Batzordeak salatzen du zuzendaritzak alde bakarrez itxi duela negoziatzeko eta Maderas de Llodion irekita dagoen gatazkari irtenbidea emateko aukera oro. Bereziki...