2024-09-19
HomeZerbitzu PublikoakZerbitzu SoziokomunitarioaKalitatezko zerbitzu sozialak eskaintzeko lan baldintza duinak behar direla berretsi dugu Gipuzkoako...

Kalitatezko zerbitzu sozialak eskaintzeko lan baldintza duinak behar direla berretsi dugu Gipuzkoako Aldundiaren aurrean

Gipuzkoako helduen egoitzetan greba egin dugu, hitzarmen duinaren alde. Hala, elkarretaratze bat egin dugu Foru Aldundiaren aurrean eta, bertan, LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk, Gipuzkoako egoitzetako langileen egoerarekin batera, EAEn zerbitzu sozialek bizi duten egoera salatu du.

Kalitateko zerbitzu sozialen alde, prekarietatearen aurka eta langileontzat lan baldintza duinen defentsan hainbat borroka ditugu piztuta LABetik: Gipuzkoako Hirugarren adinekoen egoitzak, Bizkaiko Loramendi egoitzak, Donostiako Etxez Etxeko Laguntza, Bizkaiko Etxez Etxeko laguntza eta herrialde bereko interbentzio soziala. Eta guztiak dira eremu honetan bizi dugun egoeraren adierazle.

Gaur, azaroak 26, Gipuzkoako hirugarren adinekoen egoitzetan greba eta mobilizazio eguna dugu. Prekarietatearen kontra, lan baldintzak duintzeko eta kalitateko zerbitzuak berma daitezen borroka eredugarria ari dira gauzatzen egoitzetako langileak. Eta gaur, Aldundiaren aurrean egin dugun moduan, kalean eta borrokan jarraitzeko determinazio osoa dute, jendartea sentsibilizatu eta erantzuleak, erakunde publikoak seinalatzeko.

Kalitateko zerbitzu publikoak eskaintzeko ardura dute administrazio publikoek, baina hauek pribatizazioaren aldeko apustua egiten dute, zerbitzuekin gertatzen denaz arduratzeari utziz. Behin zerbitzua esku pribatuetara pasata, irabaziak lehenesten dira, zerbitzuaren kalitatearen eta gure lan baldintzen kaltetan.

Foru Aldundiek, Eusko Jaurlaritzak eta udalek zerbitzu sozialak abandonatu egin dituzte, eta ondorio zuzenak nozitzen ari gara langileok eta erabiltzaileak, gero eta haserreago daudenak.

Zerbitzu sozialetan ari garen langileok gure jendartarentzat oinarrizkoa den lan bat egiten dugu, eta gehiengo handi batean, emakumeak gara. Borroka hauek emakume aurpegia dute, bai. Eremu guztiz feminizatuak dira, prekarioetan prekarioenak. Bizi dugun egoerarekin amaitzeko, Zerbitzu Sozialen Legearen helburu eta izpirituaren mesedetan, neurri zehatzak eskatzen ditugu: zerbitzu sozial guztien errebertsioa eta pribatizazioekin amaitzea, esaterako.

Badira helburu horretara iristeko bidean gaurdanik har daitezkeen eta hartu beharreko erabakiak: klausula sozialak ezartzea eta langileen subrogazioa bermatzea; kontrol mekanismoak ezartzea; sektoreko hitzarmen kolektiboa betetzea, enpresa irabaziei mugak jartzea, aurrekontu partida egokiak eta finkoak izatea lan baldintzak errespetatu eta hobetzeko eta laneko arriskuen prebentzio legea betetzeko.

Zerbitzu sozialak behar bezala erregulatzeko ratioen arazoari ere aurre egin behar zaio, arreta egokia bermatzea ahalbidetuko duten ratioak ezarriz; ratio egokiak ezinbestekoak dira langileon osasuna zaintzeko.

Zerbitzu on bat ematea menpekotasuna duten pertsonei bizitza duina bermatzea da. Zerbitzu on bat emateko, lan baldintza duinak behar dira.

Borrokak, kasuz kasu:

Hirugarren adinekoen egoitzak Gipuzkoan. Eskualdeetan mobilizazio ugari egin ostean, orain, greba egunetan sartuak daude: azaroak 26, abenduak 24 eta 31 dira hurrengo greba egunak. Gipuzkoako egoitzetan behin-behinekotasun handia dago, ez dago zerbitzu egokia emateko langile nahikorik, ez ratio nahikorik, eta lan arrisku handiak dituzte. Gipuzkoako langile guztiei lan baldintza duinak bermatuko dizkien herrialdeko hitzarmena falta da. Mahai negoziatzailea osatu zela bi urte badira eta patronalak ez du proposamen bakar bat ere egin, negoziazioari bizkar ematen dio, Aldundiaren babesarekin.

Loramendi erresidentzia, Bizkaia. Greba mugagabean urriaren 22a ezkeroztik. Egoitzako garbitzaileek sufritzen duten diskriminazioa amaitzea aldarrikatzen dute, jardunaldi partzial inposatuekin amaitu eta plantila handitzea. 10 urte daramatzate borrokan.

Hirugarren adinekoen egoitzak, orohar. Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban, herrialde guztietan egoera larria da, zerbitzuaren kalitatea eta lan baldintzak okertzen ari dira. Ez dago langile nahikorik dagoen lan zamari aurre egiteko eta horrek langileen osasuna kaltetzen du. Jaurlaritzak aurkeztu duen ratioen zirriborroak ez du prekarietatearekin eta zerbitzuen kalitate eskasarekin amaitzea ekarriko.

Etxez etxeko laguntza Donostian. Greba mugagabean urriaren 22tik. Une honetan behin-behinean eten dute greba, konkurtso publikoa egin artean. Herrialdeko hitzarmenik ez dago Gipuzkoan eta Gipuzkoako etxez etxeko laguntzako langileek negoziazioa blokeatuta dute. Lanaldi partzial inposatuak, malgutasuna, etxe batetik bestera lanera joateko behar duten denbora langilearen bizkar, ez zaizkie prebentzio neurriak aplikatzen eta ez dute formazio planik ere.

Etxez etxeko laguntza Bizkaia, 3 urte hitzarmenik gabe. 2017az geroztik hilero bi lanuzte partzial egin ondoren, azaroan 4 greba egun egin dituzte eta abenduan 24 eta 31n ere greba dute. Lanaldi partzial inposatuak dituzte, ez zaizkie prebentzio neurriak aplikatzen, soldatari dagokionez enpresaren proposamena IPCaren azpitik geratzen da.

Interbentzio soziala Bizkaian. Aurtengo urtean lanuzte eta grebak egin dituzte. 2016 ezkeroztik hitzarmenik gabe daude. Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrekontuei alegazioak aurkeztu dizkiete. Mahai negoziatzailea irekita dago.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Pentsioen inguruko akordio berriak erretiro adina atzeratzen du eta pauso berri bat suposatzen du gizarte segurantzaren pribatizaziorantz

Gaur, Pedro Sanchez buru dutela, sinatu dute CCOO eta UGT sindikatuek eta CEOE eta Cepyme patronalek pentsioen alorrean adostutako akordio sozial berria. Akordio hori estatu-mailan egin da, eta legezko adina eta kotizazio-urteak igotzen jarraitzea du helburu, erretiro adina atzeratzea sustatuz. LABen uste dugu akordio honek ez diela erantzuten euskal gehiengo sindikalak eta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak aurkeztutako premiazko eskaerei. Aitzitik, Espainiako Gobernuak aurrera egiten du Bruselatik garatutako politika neoliberaletan, betiere patronala babesten duten sindikatuen bermearekin.

Fekoorren mobilizazio zikloa abiatuko dugu datorren astean

Desgaitasun fisikoa edo/eta organikoa duten pertsonen Bizkaiko Federazio Koordinatzaileko beharginek hitzarmen propioa dute aldarri.
01:41:36

[BIDEOA]: “Zerga-sistema aldatu, aberatsek gehiago ordain dezaten” solasaldia Iruñean, Mikel Aranburu eta Carlos Cruzadorekin

Fiskalitatearen inguruan antolatu dugun lehen solasaldietako lehena izaten ari da orain, Iruñeko Txalaparta liburudendan. Ilargi Jaunarena sindikatuko ekonomialariak gidatuta, Carlos Cruzado “Los ricos no pagan IRPF. Claves para afrontar el debate fiscal” (Capìtan Swing, 2024) liburuaren egilea eta Mikel Aranburu Nafarroako Gobernuko Ogasun kontseilari ohia zerga-politikaz ari dira solasten.