2026-10-02
HomeBBVA Sail SindikalaAlbisteakISTORIO NEOLIBERAL BAT

ISTORIO NEOLIBERAL BAT

ZORROA LEHERTUTA ERE… ATZERAPAUSURIK EZ!!

2008. urtea. Kapitalaren sektore batzuk apur bat izutzen dira eta ahots bakan batzuk entzuten dira bankaren erregulazioaren alde, paradisu fiskalen kontrolaren alde… baina ezta horrela ere! Atzerapausurik ez! Badakite boteretsuak direla , oposizio handirik ez daukatela eta beraien arduragabekeria onartzeko asmorik ez daukate.

Eta ez hori bakarrik. XX. mendean eskuratutako lorpen sozialen kontrako eraso bortitz bat abiatu dute, lotsagabekeria eta inpunitate osoz. Botere politikoa beraien esanetara izanik (gaizki hazitako eta dirugosekeriz beteriko politikariak) oinarrizko zerbitzu sozialetatik dirua kentzen dute (osasungintza, hezkuntza, pentsioak,…) beraiek sortutako iruzur piramidalak finantza-erakundeetan eragindako izugarrizko zuloa estaltzeko. Eta zerbitzu publikoak deskapitalizatzen direnez, pribatizazioa bultzatzeko aprobetxatzen dute gizartearen oinarrizko premiak negozio-gai oparoa bihurturik.

Ez dago aurre egingo dien ideología sendorik, ez dago ezarritako boterearen kontrako gizarte eta langileen mugimendurik, eta sindikatu gehienak sistemaren barnean eroso sentitzen diren bitartean are gutxiago. Honek, ondorioz, soldaten jeitsiera eta lanorduen igoera dakar, aurreko hamarkadetako joera apurtuz. Ideologiaren galerari edo, zehatzago esanda, hiru hamarkadetan zehar landu duten neoliberal ideologizazio masiboari orain ateratzen diote etekina, shock egoera honen aurrean dagoen alternatiba falta eta desmobilizazioaz baliatuz.

Eta guzti honen ondorioak jasaten ari gara orain. Egoera hau “mendebalde kapitalista” osoan (mendebaldeko Europa eta Ameriketako Estatu Batuak batez ere) jasaten bada ere, krisisaren ondorioak ez dira berdinak toki guztietan. Eta hemen, Kantauri itsasoko txoko honetan, ondorioak bereziki larriak dira, gobernatzen gaituen potere politiko zein ekonomikoek inon baino txarrago (ala hobeto, zein poltsikotik ikusita ere) jardun baitute, betiko panderetazko Espaina erregezale honetan gertatzen ohi denez. Horretarako gobernu autonomikoen (bazkide ideologikoak, hain zuzen) laguntza sutsua izan dute.

Istorio guzti hau gertatzen ari denari buruz beste azalpen bat emateko saio bat da. Izan ere, istorio ofiziala bestelakoa da, ekonomia zein politika arloko eliteek kontatzen digutena, hain zuzen. Eta elite hauek ahalmen izugarria dute bere istorio bakarra, bere gezurra, zabaltzeko eta ezartzeko, (in)komunikabide gehien gehienak bere menpean baitaude. Eta zer kontatzen digute espaniar finantzar sistemari buruz? … (jarraituko dugu) …

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.