Era honetako egoerei aurre egiteko beharra duten langileei bere baliabideak eskaini dizkie LABek, erakundeei indarkeria matxistari aurre egiteko neurri eraginkorrak eskatzearekin batera. Sexu lana indarkeriarekin parekatzeak sexu langileei ahotsa eta agentzia kentzea eragin dezakeela ohartarazten dugu.
LAB sindikatutik irmo gaitzetsi nahi dugu Irunen, Azken Portu auzoan sexu-lanarekin lotutako lokal batean, emakume batek jasandako sexu erasoa, baita hura laguntzera joan zen beste emakume baten aurka izandako indarkeria ere.
Aste honetan gertatu da erasoa, eta gizon bat atxilotu dute sexu erasoagatik, legez kanpoko atxiloketagatik eta lesioengatik. Informazioaren arabera, gizonak biktimari lokaletik ateratzea eragotzi zion, eta hura laguntzera joan zen beste emakume bat ere kolpatu zuen.
LABek bere elkartasuna eta babesa helarazi nahi dizkie bi emakumeei. Sindikatuak bere baliabideak jarri ditu, eta atea irekita daukagu era honetako egoerei aurre egiteko beharra duten langileentzat. Aldi berean, argi utzi nahi dugu: emakumeek ez dute indarkeriarik, sexu abusurik edo euren gorputzen eta askatasunaren gaineko kontrolik jasan behar. Inolako egoeratan, salbuespenik gabe.
Era berean, ezinbestekoa iruditzen zaigu sexu-lanean aritzen diren emakumeen baimenari eta erabakitzeko eskubideari buruzko oinarrizko ideia bat azpimarratzea. Sexu langileek, zerbitzua hasi aurretik, bezeroekin zerbitzuaren mugak eta baldintzak adosten dituzte. Akordio horretan ezarritako edozein muga urratzea sexu erasoa da. Era berean, sexu langileak eskubidea du edozein unetan eta edozein arrazoirengatik bere baimena atzera botatzeko, eta bezeroak erabaki hori errespetatzeko betebeharra du.
Baimenaren logika berbera da emakume guztientzat, sexu-zerbitzu baten truke dirua jaso ala ez. Ordainketa batek ez du emakumearen gorputzaren gaineko eskubiderik ematen, eta zerbitzu bat aldez aurretik adosteak ez du esan nahi emakumeak beste edozein sexu-praktika edo egoera onartu duenik.
Horregatik, sexu-lana eta indarkeria gauza bera balira bezala aurkezteak ez du laguntzen gertatzen diren sexu erasoak behar bezala aztertzen. Aitzitik, sexu-lana indarkeriarekin per se parekatzeak sexu langileen ahotsa eta agentzia ikusezin bihurtzeko arriskua dakar, eta biktimak salaketa jartzeko duen zilegitasuna ahuldu dezake. Era berean, garrantzitsua da sexu-lana lana dela aldarrikatzea, sexu-indarkeriaren eta sexu-lanaren arteko bereizketa egiteko, egoera hauek errepika ez daitezen eta lankideek horrelakoak jasan behar ez dituztela jakin dezaten.
Gertatutakoa ezin da, beraz, gertaera isolatu gisa ulertu, baina ezta sexu-lanaren existentzia bera sexu-indarkeriaren sinonimotzat hartu ere. Indarkeria matxista egiturazko indarkeria da, botere harreman desorekatuetan oinarritzen dena, eta indarkeria egoera bakoitza bere ezaugarriekin eta bere testuinguruan aztertu behar da, biktimaren hitza eta eskubideak erdigunean jarriz.
Horregatik, LABetik erakundeei eskatzen diegu beharrezko baliabide guztiak jar ditzatela emakume biktimen babesa, arreta eta erreparazioa bermatzeko, sexu-langileen egoera edozein dela ere.
Era berean, prekaritatea ere indarkeria da. Prekaritateak emakumeak indarkeriari aurre egiteko eta egoera horietatik irteteko beharrezko baliabiderik gabe uzten ditu. Horregatik, indarkeria matxistari aurre egiteko ezinbestekoa da emakumeen lan eta bizi baldintza duinak bermatzea.
Kontserbadurismoa gero eta handiagoa den testuinguru honetan, emakume eredu bakarra familia tradizionalarekin lotzen denean, arautik kanpo dauden emakumeen aurkako erasoak areagotzeko arriskua dago.
Konpromiso irmoa eskatzen dugu indarkeria matxistari aurre egiteko, baita lan eremuan ere. Laneko arriskuen prebentzioan indarkeria matxistaren aurkako neurriak txertatu behar dira, eta neurri horiek benetan eraginkorrak izan behar dute, emakumeen segurtasuna, osasuna eta eskubideak bermatzeko.
LABen, mugimendu feministarekin batera, lanean jarraituko dugu indarkeria matxista eta emakumeen esplotazioa ahalbidetzen dituzten botere harremanak eraldatzeko, sexu-langileekin batera eta horiek subjektu politiko gisa aitortuz. Izan ere, sistema kapitalista, zisheteropatriarkal eta kolonial honen logikak daude, argi eta garbi, eraso hauen atzean. Ezin dugu ahaztu Atzerritartasun Legeak ere emakume migratzaileen prekaritatea eta zaurgarritasuna areagotu ditzakeela, eskubideak eta baliabideak eskuratzea zailduz eta indarkeria salatzeko oztopoak sortuz. Emakume guztiek, haien egoera administratiboa edozein dela ere, babes eta eskubide berberak izan behar dituzte.
LABen gure konpromisoa berresten dugu emakumeen eskubideen defentsan eta indarkeria matxistarik gabeko lan eta bizi baldintzen eraikuntzan. Horretarako, mugimendu feministarekin eta emakume langileekin batera lanean jarraituko dugu, sexu-langileak barne.
Indarkeria matxistaren aurrean, sindikalismo feminista.

