2026-08-26
HomeEkintza SindikalaNavarrabiomed kalera atera da Nafarroako Gobernuaren aurrean, herritarrei informazioa ematen jarraitzeko eta...

Navarrabiomed kalera atera da Nafarroako Gobernuaren aurrean, herritarrei informazioa ematen jarraitzeko eta hitzarmen duin bat eskatzeko

Navarrabiomed–Miguel Servet Fundazioko Langileen Batzordeak, LABeko bederatzi ordezkarik osatua, elkarretaratzea egin du Nafarroako Gobernuaren egoitza den Nafarroako Jauregiaren aurrean. Ekimenak helburu bikoitza izan du: herritarrei argi erakustea Navarrabiomeden egiten duten lanaren garrantzia eta langile guztientzako lan-baldintza duinak aldarrikatzea. Horrela, ikerketa biomediko publikoaren errealitatea hurbildu nahi izan zaio gizarteari.

Kanpoaldean mobilizazioa egin den bitartean, eraikinaren barruan Nafarroako Gobernua bilduta egon da. Batzordeak zuzenean helarazi nahi dizkio bere aldarrikapenak Foru Exekutiboari, eta etorkizuneko hitzarmen kolektiboa gauzatu eta aplikatu ahal izateko behar diren neurriak entzun eta har ditzala eskatu nahi dio.

Navarrabiomed–Miguel Servet Fundazioa 40 urteko ibilbidea duen fundazio publikoa bada ere, bere plantillak ez du hitzarmen kolektibo propiorik. Batzordeak salatu du hiru urte daramatzala ikerketa biomedikoaren eremuaren berezitasunak bilduko dituen eta aldi berean erakundean lan egiten duten pertsona guztien lan-baldintzak duinduko dituen testu bat negoziatzen.

Horrekin batera, Batzordea sinadurak biltzen ere ari da Nafarroako herritarren artean, euren aldarrikapenei babes soziala emateko. Babes bilketa honekin, Nafarroako Gobernuari jakinarazi nahi diote Navarrabiomedeko langileentzako hitzarmen duin baten eskaera ez dela soilik lan kontu bat. Baldintza egonkorrak, bidezkoak eta ikerketaren errealitatera egokituak izatea ezinbestekoa da talentua atxiki eta erakartzeko, kualifikazio handiko profesionalen ihesa saihesteko eta fundazio publikoaren ikerketa-gaitasuna indartzeko.

Era berean, ikerketa biomediko publiko sendo batek osasun sistemaren kalitatean eragin zuzena duela nabarmendu dute, gaixotasunen prebentzioan, diagnostikoan eta tratamenduan aurrerapenak bultzatzen dituelako, Nafarroako gizarte osoarentzat onura zuzena izanik. Horregatik, ikertzaileentzako eta teknikarientzako lan-baldintza duinak bermatzeak Nafarroako osasun-sistema publikoa eta gaitasun zientifikoa indartzea ere ekarriko du.

Horregatik, Batzordeak borondate politikoa eta inplikazioa eskatzen dizkio Nafarroako Gobernuari: bai negoziazioa desblokeatzeko, eta baita 2027rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan hitzarmena gauzatzeko behar diren baliabideak bermatzeko ere.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Arabako metaleko intersindikala deitu dugu

Negoziazioa erabateko blokeoan dagoenean, sektore osoaren indarra beharrezkoa da.

Zubietako erraustegiko langileak mobilizatu egin dira lan osasuna berma dadila eskatu eta beren lanari egokituriko ituna exijitzeko

Zubietako erraustegiko langileek mobilizazioa egin dute eguerdian lantokiaren aurrean, joan den astean gertaturikoa salatu eta lan osasuna bermatuta egon dadila exijitzeko. Bederatzi lagun artatu behar izan zituzten osasun langileek plantan sutea piztu ostean eta beharrezko neurriak hartu ez izanaren ondorioz.

Zubietako erraustegian izaniko sutearen ostean, lan osasuna bermatu dadin eskatzeko elkarretaratzea egingo dugu gaur

Sua piztu zenean, enpresak arrisku handiko egoera batean jarri zituen beharginak, eta horren ondorioz bederatzi pertsona artatu behar izan zituzten osasun zerbitzuek. Egoera onartezina salatzeko 13:00etan protesta egingo dugu.