2026-10-05
HomeZerbitzu PublikoakUdal eta Foru AdministrazioaIrregulartasunak Basauriko Udalekuetan

Irregulartasunak Basauriko Udalekuetan

LABek Kulturbide eta Basauriko udalaren aurkako salaketa aurkeztuko du Lan Ikuskaritzan, kontratazioetan egindako irregulartasunengatik.

Basauriko aurtengo udalekuetan ibilitako begiraleek aspaldian kaleratu zuten euren salaketa publikoa. Lehiaketa baten ostean, Kulturbide enpresak burutu zituen udalekuak; asko izan ginen, lehiaketa bat egoteak aurreko urteetako irregulartasunen amaiera ekarriko zuela pentsatu genuenak, baina badirudi ez dela horrela izan.

Udalekuetan ibilitako langileen adierazpenak ikusita behintzat, ez dira irregulartasunak amaitu. Enpresak eta gobernu taldeak jokatzeko duten era ikusirik, langileek salatutako kontuak argi daitezen nahi dugu, eta horrelakorik berriro gerta ez dadin eskatzen dugu. Era berean, bat egiten dugu guraso askok aurtengo udalekuen inguruan adierazitako poztasunarekin eta ziur gaude horrela izan dela langileek egindako lanari eta erakutsitako ardurari esker. Begiraleek modu guztiz arduratsuan jokatu dute.

LAB sindikatuak burutu dituen kontsulten ondorioz, begiraleen lan talde honen kontratazioan hainbat irregulartasun egon direla esan dezakegu. Langileek idatzitako prentsa oharrean salatzen zuten moduan ez zitzaien zegokien lan hitzarmena aplikatu; hasiera batean enpresaren lan hitzarmena aplikatuko zitzaiela esan zieten. Baina enpresak lan hitzarmen propiorik ez zeukanez, aisialdirako estatu mailako lan hitzarmena aplikatu zieten. Gizarte gai hauetarako Bizkaia mailako lan hitzarmena alde batera utzi zuen enpresak eta jakina, honek langileak kaltetu zituen.

Honen guztiaren berri eman zitzaien enpresa eta gobernu taldeari uztailean, eta bien aldetik jasotako erantzuna antzekoa izan zen. Enpresak, uztailaren 13an egindako idazki batean langileekin burututako batzar bat aipatzen zuen. Batzar honetan, lan harremana hasi aurretik langileei euren lan baldintzak azaldu zitzaizkiela esaten zuten, eta beraz, euren lan egoera zein izango zen bazekitenez, langileei ukatu egiten zitzaien lan baldintzak eztabaidatu eta zalantzan jartzeko aukera. Bestetik, “modu didaktikoan“ lanaldia amaitzean nominak izango zituen zehaztapenak azaldu zitzaizkien; gaur egun, eta hilabeteak pasatu diren arren, oraindik ez dute nominarik jaso.

Basauriko udalaren gobernu taldearen izenean Euskara arloko zinegotziak eman zituen azalpenak. Zinegotzia kezkatuta agertu zen, langileei ez zitzaielako zegokien lan hitzarmena aplikatu eta enpresari legea betetzeko eskatuko ziola esan zuen. Hala ere, zinegotziak baldintza-agirietan ez dela aplikatu beharreko lan hitzarmena aipatzen argudiatu zuen. Gai hau enpresaren eskuetan gelditzen dela gaineratu zuen. Enpresari ezartzen zaizkion baldintza administratiboen artean “lan arloan, Gizarte Segurantzan eta laneko segurtasun eta higiene gaietan indarrean dauden lege-xedapenak bete ditzala ” agertzen da eta beraz administrazioa ez da arduraduna enpresak hala egiten ez badu. Idazki honetan berriro aipatzen da, kontratua sinatu aurretik lan baldintzen berri eman zitzaiela langileei, baina aipatu batzar horretan zinegotzia hasieran baino ez zen egon eta ez zen inolako kontraturik sinatu.

LAB sindikatutik gai honetan erabilitako logika salatu nahi dugu: “lana ez hartzea zeneukan ” edo “bazenekien eta orain ez daukazu kexatzerik ” bezalako logika ez da onargarria guretzat; batez ere lege hauste argia dagoenean. Gobernu taldeak beste leku batera begiratu nahi du, gai honetan bere ardura nabaria den arren. Honen guztiaren gainean jakitun ez dagoen plantak egiten ditu udalak eta langileen salaketak “udalaren aurkako asmo argitzat ” hartzen ditu, irailaren 19an komunikabide batek jasotzen zuen bezala.

Ez dugu onartuko zerbitzu publikoetan espekulatzerik. Kalitateko zerbitzu duinak defendatuko ditugu. Justuak eta langileriaren eskubideak babesten dituzten zerbitzu publikoak nahi ditugu. Aurreko gobernu taldeek hartu zuten bidetik ez dadila joan eskatu nahi diogu oraingo gobernu taldeari. Jendaurrean, basauriar guztiekin arduratsu eta konprometitu agertu nahi zuten aurreko gobernu taldeek, baina euren mesederako erabili zituzten laguntza eta enplegu planak. Horrela gertatu zen, E+Euskadi planarekin; plan honen erabilera okerra zuzendu behar izan zuen udalak LAB sindikatuak sartutako salaketa baten ondorioz. Gauzak horrela, kontratazioetan egindako irregulartasunak ikusirik, Kulturbide enpresa eta Basauriko udalaren kontra salaketa jarriko dugu Lan Ikuskaritzan.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Estatu mailan argitaratu berri den grafikagintzako hitzarmenak Arabako eta Nafarroako sektoreko langileen prekaritatea betikotzen du

LABen beti defendatu izan ditugu Euskal Herrian lan egiteko eta erabakitzeko esparruak, hemen negoziatu eta erabakitzeak lan-baldintza hobeak lortzeko aukera emango ligukeelako.

Gipuzkoako suhiltzaile zerbitzuaren egoera salatu dugu Batzar Nagusien aurrean

2026ko irailaren 4an, Gipuzkoako Foru Aldundiko Suhiltzaile Zerbitzuko ofizial guardia-burua bere Donostiako Suhiltzaile Zerbitzuko etxean kokatutako komunikazio zentraleko lanpostu operatibotik bota zuen Donostiako Suhiltzaile Zerbitzuko Zuzendariak. 2018tik indarrean zegoen bi administrazioen arteko hitzarmena pasa den abuztuaren 31n iraungi zela eta zerbitzuaren berrantolaketagatik Donostiako Suhiltzaile Zerbitzuak bulego hori beharrezkoa zuela izan zen horretarako eman zuen argudioa. Guardia-buruaren bulegoa bakarrik ez, hitzarmenean araututa zeuden bestelako lanetarako espazioak erabiltzeko debekua ere ezarri zuen.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte Ekintza eta Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasun sailen plantilla handitzea eta zerbitzu horiek biltzeko egoitza espezifiko bat eskatzen dugu

2025eko urrian, LABen atal sindikaletik 2026ko Bizkaiko Aurrekontu Orokorren Proiektuari buruzko proposamena egin eta zabaldu genuen langileen artean. Bizkaiko Foru Aldundiak (BFA) aurrekontu horietako...