2024-04-20
HomeIdazkaritzakIdazkaritza Feminista "Arantza eta loreak indarkeria matxistaren aurkako udaberrian"

[IRITZIA] “Arantza eta loreak indarkeria matxistaren aurkako udaberrian”

Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak mugimendu feministaren baitan zabaltzen ari diren indarkeria sexistaren aurreko erantzun moldeen analisi kolektibo bat egiteko premia ikusten du. Horri buruz gogoeta egin du iritzi artikulu honetan.

Jaietako protokoloak, autodefentsa feminista, kontzientziazio kanpainak…, eraso sexisten aurkako kanpainak loratzen ari dira aurtengo udan ere. Eta hori, urtez urte egindako lanaren emaitza da. Tamalez, bortizkeria matxistaren adierazpen anitzek ez dute etenik. Eta honi, komunikabide askotako informazioaren trataera arduragabea gehitu behar zaio: emakumeen jokabidea epaitu, biktima irudiarekin lotu edota morboan sakontzen dutenak. Batzuetan ez dago argi hainbat tertuliak jendartea sentsibilizatzeko edo beldurraren diskurtsoa indartu eta erasotzaileentzat patroi berriak sortzeko balio duten. Zenbat talde bortxaketa gertatu dira espainiar estatuan San Ferminetako gertakari nazkagarri hartatik?

Testuinguru honetan, Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxatik mugimendu feministaren baitan zabaltzen ari diren indarkeria sexistaren aurreko erantzun moldeen analisi kolektibo bat egiteko premia ikusten dugu.

Mugimendu feminista jendartea mugiarazten dabil aspalditik, neoliberalismoaren kritika erradikala egin, sistema patriarkalari maskara erauzi eta artikulazio politikorako duen trebezia erabilita. Zalantzarik gabe, aurtengo Martxoak 8ak pilatua genuen amorru kolektiboa elkarrekin gorpuztera eraman gaitu.

Hala ere, makinaria heteropatriarrak aurrera darrai biolentzia matxistaren laguntzarekin. Eta indarkeria hauek ez dira isolatutako tragediak, oso errotuta dagoen egitura baizik. Indarkeria matxista sistemaren zutabe nagusietan birsortzen eta zilegitzen da: estatuan, komunikabideetan, familian eta lan merkatuan.

La Manadaren auzia, adibidez, bost basapiztik egindako salbuespenezko gertakari moduan saldu zaigu, baina eguneroko ogiaren apur bat besterik ez da. Eman zaion erantzuna, bai, hori aparta izan da. Berdintasunean bizi omen den belaunaldi bati egindako iruzurra biluztu baitu Iruñeko portale hartan eta auzitegian gertatutako bortxaketak.

Uholde honek feminismoan zabaltzen ari diren parte hartze, zein mobilizazio joerak aztertzeko elementuak eskaintzen ditu: erantzunen bat-batekotasuna, sare sozialek elikatutako fenomenoak edo mugimendu feminista aintzat hartu gabe egiten diren deialdi anonimoak, kasu. Badirudi herritarren suminduratik ateratako iniziatibek, sareen laguntzaz, antolatutako kolektiboen bitartekaritzatik aldentzeko joera dutela. Eta horrek antolatutako feminismoek diskurtsoa zehaztu eta proposamenak egiteko duten aukera murrizten du. Gainera, masa hauek, desartikulatuagoak izanik, erabilgarriak dira sistemarentzat. Adibidez, espainiar estatua noraez autoritarioan dagoen honetan, eta espetxearen lekua indartu nahi duenean, ez al da saiatuko feminismoa xurgatzen jarrera zigortzaileak errotzeko? Eta horrek ez ote luke ekarriko feminismoak potentzial politikoa galtzea? Adi egon behar dugu.

Une puntualen indarra Vs. Eguneroko giharra. Biak behar ditugu. Unekako olatuek aukera ematen digute beto mediatikoaz harago, gure ikuskerak jendarteratzeko. Baina sakoneko aldaketetarako mugimendu feministaren koordinazioa eta inurri lana ezinbestekoak dira.

Bitxia da fenomeno masibo hauen alboan, beste indarkeria batzuk nola pasatzen diren oharkabean. Erailketa matxistek, esaterako, 50 lagun inguru bildu ohi dituzte elkarretaratzeetan. Zergatik? Erailketa bada biolentzia matxistaren adierazpenik muturrekoena? Badirudi egunerokotasunean integratu ditugula. Beraz, feminizidioa normalizatu dugu? Edo, sareetako kanpainak talde feministen deialdiak baino gehiago entzuten dira?

Bestalde, mobilizazio grina asko aldatu ei da erasotua nor denaren arabera. La Manadaren behin-behineko sententzia atera eta gutxira, Huelvako marrubi ustiapen landetan langile diren emakume marokoarrek sistematikoki jasaten dituzten irainen eta bortxaketen berri izan genuen. Kasu honetan, baina, ez ginen berdin mobilizatu. Honek agerian uzten du mugimendu feministak intersekzionalitatea eremu diskurtsiboan aldarrikatu bai, baina praktikan gauzatzeko beharra duela oraindik. Feminismo erradikal bat eraiki nahi badugu, ezinbestekoa da feminista zurien pribilegioen berrikusketa kolektibo bat egitea.

EMM-n indarkeriaren kontzeptua zabaldu eta sistema arteko indarkeriaren marko diskurtsiboa definitzen hasi gara. Ez delako berdina emakume guztiok indarkeriaren aurrean dugun zaurgarritasun maila eta bortxa egoera asko ez ditugulako ikusten. Hainbat kolektiborekin ari gara lanean: aniztasun funtzionala duten emakumeak, emakume etorkinak, edota emakume gazteekin, besteak beste.

2013tik EMM-k duen erailketa matxisten kontrako protokoloa biziberritzeko eta erantzun moldeak berrikusteko espazioak ere sortu ditugu. Borroka eredu berrien beharra argia da, emozioei, gorputz adierazpenari eta memoriari bide emateko.

Indarkeria sexistaren aurkako borroka ez da gauetik egunera ernetu den lorea. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiegu borroka honi eutsi dioten talde eta kide feministei; baita borroka hau bere egin duten herri eragile, aktore sozial eta politiko guztiei ere. Argi dugu erasoen aurkako borrokan autodefentsa feminista eta mugimendu feministaren lidergotza -inoren koptaziorik onartuko ez duena- direla oinarri. Gaua luzea da oraindik, baina lorez, antortxaz eta elkartasun sarez argitzen ari gara!
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ez du sinatu EAEko anbulantzietako aurreakordioa, hilabete luzetako borrokan planteatutako gutxieneko hobekuntzak ez baititu jasotzen

Anbulantzietako langileentzat Osakidetzako lankideekiko homologazioa eta soldataz haragoko bestelako hobekuntzak alde batera utzi dituzte azken asteetan LABi bizkar emanda aritu diren ELA, CCOO eta UGTk. LABek ez du sinatu aurreakordioa.

Patronalaren eta instituzioen utzikeriak dirauen bitartean prekaritateak hiltzen jarraitzen duela salatu dugu Gasteizen

Iragan asteburuan bi Euskal langileren heriotzen berri izan dugu, garraiolari bat Lleidan eta langile autonomo batena, Gasteizen. Gure elkartasuna eta besarkada beroena hurbilekoei.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak iragarritako Herri Ekimen Legegileari babesa adierazi dio LABek, gutxieneko pentsioak 1080 eurotara premiaz osagarritu daitezen

Atzo, apirilak 19, milaka euskal pentsiodun atera ziren kalera. Gasteizen egindako mobilizazioan, 1080 eurotako gutxieneko pentsioa behingoz berma dadin 170 udaletan baino gehiagotan aurkeztutako mozioak izan zituzten hizpide, baita horren segida izango den lantzen dabiltzan Legez besteko Proposamena ere. LABek mugimenduaren aldarriekin bat egiten du eta ekimen berri hau babesten duela adierazi du.