2024-04-26
HomeIdazkaritzakEuskara Idazkaritza "Euskarafobia gori-gorian Nafarroan"

[IRITZIA] “Euskarafobia gori-gorian Nafarroan”

LABeko kide Amaia Aurrekoetxeak, Imanol Karrerak eta Iñigo Orellak onartezinatzat jo dute Nafarroako Auzitegi Nagusiak hartutako erabakia, UGTk Euskararen Dekretuaren kontra jarritako helegitea dela eta. Erabaki honi buruz idatzi dute.

Onartezina da Nafarroako Auzitegi Nagusiak hartutako erabakia UGTk Euskararen Dekretuaren kontra jarritako helegitea dela eta. Eleaniztasuna inoiz baino baloratuago dagoen garaiotan, LABen iritziz ulertezina da hizkuntza eskubideen berdintasunaren aurka halako egoerak jasan behar izatea. Euskarak, hizkuntza gutxitua den heinean, babes neurriak behar ditu, bere aldeko neurri positiboak hain zuzen ere, eta ez diskriminatutako hizkuntza izaerarekin jarraitzeko bideak zabaldu.

Auzitara eramandako dekretuaren kontra azaldu zen LAB, euskararen normalizazioaren bidean arautzen ziren aurrerapausoak hutsaren hurrengoa zirelako, eta batez ere, egun indarrean dagoen Euskararen Legearen altzoan sortutako edozein dekretuk ezin dituelako bermatu inondik inora Nafarroako herritarron hizkuntza eskubide demokratikoak, Europako Hizkuntza Gutxituen Kartan aitortuak direnak. Bai dekretuak, bai Legeak, nafar batzuek beste batzuen gaineko diskriminazioa arautuz, ontzat ematen dute inon gertatzen ez den zonifikazioa, euskara bertako hizkuntza izanik. Epai honek berresten du LABen posizioa zuzena izan zela, eta ezinbestekoa bezain premiazkoa dela euskararentzako lege berri bat, herritar guztien hizkuntza eskubideak aitortuko dituena, diskriminaziorik sortuko ez duena eta herritarrei aukera emanen diena hautatzeko bertako zein hizkuntza erabili nahi duten administrazioarekin.

Arras kezkagarria da ikustea PSN, Geroa Bai, Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak sinatutako akordio programatikoan ez dela inondik inora kolokan jartzen nafarron artean hizkuntza segregazio sortzen duen lege baztertzailea. Ezin ahantzi aurreko legegintzaldian PSNren ekimenez eta Izquierda-Ezkerra eta eskuinaren babesarekin irakaskuntzan irakasle elebidunei elebakarrekiko ezarritako diskriminazioa eta zigorra, gainontzeko eremu eta tokietan erabiltzen den zerrenda bakarra eragotziz. Oraingoan koherenteena litzateke, Geroa Bai egungo gobernuko kide izanik, Auzitegi Nagusiaren ebazpenaren kontra helegitea jartzea aurreko gobernuak onartutako dekretua defendatuz, eta, edozein kasutan, lan deialdietan euskara meritutzat hartzea ala ez administrazioaren esku uzten denez gero, gobernuak bermatzea hala izanen dela Nafarroa osoan. Ikusiko dugu ea gobernuak gure hizkuntzaren erabilera arautzeko burujabetza defendatuko duen ala halako erasoa ontzat emanen duen gure aferei buruz erabakitzeko ezintasuna berriz ere agerian utziz…

Bestalde, sindikalismoaren oinarriaren guztiz kontrakoa da ikustea nola UGT bezalako sindikatu baten ahalegina, gutxi batzuen pribilegioak defendatzeagatik, herritarren oinarrizko hizkuntza eskubideen kontra bideratzen den.

UGTk lehenesten du hizkuntza gaitasun gutxiago izanda, beraiek asmatutako funtzionarioa izateko eskubidea, herritarrak administrazioaren aurrean artatuak izateko bertako hizkuntza aukeratzeko oinarrizko eskubidearen gainetik. Momentuz bere arduragabekeriak LEP prozesuetan murgilduta edo murgiltzear dauden ehunka langileei eraginen die, baita leku-aldaketa egin dezaketen langile finkoen eskubieetan ere.

UGTren jarreraren atzean euskarafobia baino ez dago, eta horretarako gezurrak erabili dituzte birala bihurtu den bideo batean. UGTko Nafarroako arduradunak esan du zonalde ez-euskaldunean edo mistoan inor minduta senti daitekeela errotuluetan informazioa euskaraz azaltzeagatik. Lehenbizi euskaraz eta hizki larriz eta ondoren gaztelaniaz eta hizki xehez, baina ebidentziarik ez du eman.

Elizalde jauna: esan diezagukezu non ote dauden halako errotuluak? Norbait minduta sentitzen bada igogailuetan braille erabiltzeagatik, kendu behar da? UGTren helegitean zergatik ez dute jo frantsesa edo alemana meritu gisa baloratzearen aurka eta bai euskararen aurka?

Akaso Nafarroan Europako hizkuntza hauen eskaria eta ezagutza soziologikoki justifikatuta dago (hau da euskararen erabilera bermatzearen kontra zonalde diskriminatuan erabiltzen duten argudioa)? Euskara baloratzea diskriminatzailea da eta alemana baloratzea ez? Zoritxarrez ez UGTk eta ezta Elizalde jaunak ere ez dituzte galdera hauek erantzunen. Jarrera hau ulertzeko argudio bakarra dago: euskarafobiak jota daude.

Honengatik guztiagatik, LABek dei egin nahi die Nafarroako langileei zein jendarteari larunbatean bezala mobilizatzen jarraitzera, Nafarroa osoan euskara ofiziala izan dadin eta euskaraz bizitzeko aukera bermatuko duen euskararen lege berri bat lortu arte.

Justizia, berdintasun eta kohesio kontua baino ez da.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enpresak Imegarreko grebalarien aurka erakutsitako jarrera onartezina salatu eta borrokaren zilegitasuna aldarrikatu dugu

Egun hauetan mobilizatzen aritu dira Imegarreko langileek, eta enpresari beren lankideak berriz onartzeko eta gatazka konpontzeko eskatu diote. Aldiz, enpresak, jarrera desafiatzailea eta mehatxagarria izan du. Behin baino gehiagotan, kontseiluko kideek aurre egin diete langileei, mehatxatu eta iraindu egin dituzte. Baina ez hori bakarrik; izan ere, salatu nahi dugu pikete batean parte hartzen zegoen LAB-eko kide bati salaketa jarri diotela, akusazio faltsupean. Horregatik, gaur, enpresak bere langileekiko eta langileei laguntzera joan diren pertsonekiko izan duen arduragabekeria publikoki salatu dugu.

Alex Aranzabalek egindako kudeaketa txarra salatu nahi dugu

Informazio-ohar honen bidez, azken hilabeteetan Aguirre y Aranzabal (AYA) enpresan eta Alex Aranzabal gerentearekin izandako gertakariak argitu nahi ditugu. Lehen pertsonan ikusi dugu nola igaro den denbora, eta nabarmenki gertatu da gainbehera kudeaketaren esparru guztietatik.

Bollera izatea, aske egiten gaituen erabakia. Askatasunez bizi nahi dugun erabakia. LANTOKIETAN ASKE!

Lesbiana izateagatik jazartuak eta zigortuak izatea oraindik orain gutako askok bizi dugun egoera da.