2026-10-02
HomeIdazkaritzakIdazkaritza FeministaINDARKERIA SEXISTAK baditu milaka aurpegi

INDARKERIA SEXISTAK baditu milaka aurpegi

Azaroaren 25a, emakumeen kontrako indarkeria salatzeko eguna. LABek Euskal Herriko bazter guztietara, eta bereziki lantokietara, eraman nahi du bere mezua, langile guztiengana, modu irmo batean indarkeria sexistari aurre egin diezaiogun hau desagerrarazi arte.

Indarkeria sexista gizon eta emakumeon artean ematen diren harreman hierarkikoetan oinarritzen da, jendarte patriarkal honek sortzen dituen egoera diskriminatzaileen bitartez sostengatzen delarik.

Indarkeria sexista, indarkeria fisiko, indarkeria psikologiko eta indarkeria sexualezko ekintzekin identifikarazi nahi digute. Hala ere, emakumeonganako indarkeriaz hitz egiten dugunean honako honetaz ari gara:

– Indarkeria estruktural mota bat, oinarrizko eskubideak aitortuak izateko trabak, besteak beste, menperatuak izatera garamatzaten informazioaren ukazioa eta botere harremanak.

– Indarkeria politikoa edo instituzionala, instituzioek aukera berdintasun politikak garatzen ez dituztenean edo modu eskasean garatzen dituztenean, indarkeria sexistari aurre egiteko prebentzio programarik inplementatzen ez dutenean, egoera hauek onartzen direnean edo/eta indarkeria sexista pairatzen duten emakumeak babesten ez dituztenean, etab.

– Indarkeria soziala, irudia gutxiestearen bitartez emakumeon posizio sozialari balio apalagoa ezartzen diguna, euren posizio soziala baldintzatzen duten genero-estereotipoak ezartzen dizkiguna edo identitatea edo balio pertsonala ukatzen diguna.

– Indarkeria ekonomikoa, desberdintasunak baliabide ekonomiko eta jabego partekatuak eskuratzerakoan, menpekotasun ekonomikoa sortzea, lanpostu bat eskuratu ahal izatea galeraztea, lan berdina egiteagatik soldata baxuagoak jasotzea, etab.

Emakumeok gure bizitzako esparru guztietan pairatzen ditugun indarkeriak.

Egungo krisi testuinguru honetan, lan baldintzen okertze orokorra ematen ari da langileria osoarentzat orokorrean eta emakumeontzat bereziki. Horrela, ezin dugu salatu gabe utzi Madril eta Paristik onartzen ari diren neurri eta murrizketek emakumeen diskriminazio egoera okertu baino egiten ez dutela eta ondorioz, indarkeria sexistaren arazoa larritu.

Lan munduari dagokionez, indarkeria sexistaren adierazle gordinenak sexu-jazarpena eta sexuaren araberako jazarpena dira, oraindik ikusezinak izaten jarraitzen duten egoerak. LABetik hauen kontra borrokatzeko konpromiso argia dugu salaketa eta, batez ere, prebentzioaren bidez, egoera hauek errepika ez daitezen, enpresetan jarduera- eta prebentzio-protokoloak ezarriz.

Emakumeok pairatzen ari garen zaintzaren inguruko krisia, prekarietatea, emakumeon enplegu suntsiketa, pobrezia eta bazterketa soziala ere indarkeria sexistaren espresioak dira.

Emakumeonganako indarkeriaren aurka borroka egiteak egoera hauek guztiei aurre egitera eraman behar gaitu. Horretarako nahitaezkoa da eredu ekonomiko eta sozial berri baten alde lan egitea, lanaren banaketan eta enplegua eskuratzean gizon eta emakumeen berdintasuna bermatuko duen garapen eredua. Klase-menderatze eta sistema patriarkalaren egiturak gaindituko dituen eredu berri bat; gizakiaren beharrizanak erdigunean kokatuko dituena eta lanaren banaketa sexuala ezabatuko duena. Jendartea aldatzera eta klase, arraza edo sexu-generoagatiko diskriminazioa gainditzera bideratutako eredua.

PATRIARKATUA SALATU, BORROKATU, GARAITU

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Salatzen dugu Bilboko Portuko amarratzaileen aurka kaleratzeak, zigorrak eta presioa darabiltzala enpresak

Enpresak berriz ere marra gorri bat zeharkatu du: beste ordezkari sindikal bat kaleratu du bere eginkizun sindikala betetzeagatik eta langileen eskubideak eta lan-baldintzak defendatzeagatik. Enpresak mobilizatzen direnei eta lantaldearen alde aurpegia ematen dutenei ezarritako zigorren beste adibide bat da azken kaleratze hau.

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.