Prekaritatea murrizteko borroka, zerbitzu publikoen defentsa eta trantsizio ekosozialerako industria politika izango ditu lehentasun nagusi sindikatuak, eta agente aktibo izango da burujabetza maila handiagoak eskuratzeko.
Langile guztiei bizi baldintza duinak ziurtatuko dizkien politika publikoak eta sindikalismo borrokalaria, feminista eta antirrazista. Horixe da oldarraldi erreakzionarioari eta joera inboluzionistei muga jartzeko modurik onena, LABen arabera. Prentsa agerraldia egin du gaur sindikatuak, testuingurua aztertu eta aurtengo ikasturtean izango dituen lehentasun nagusiak azaltzeko.
Endika Perez Ekintza Sozialeko arduradunak erreparatu dio egungo testuinguru politiko eta ekonomikoari. “Ziurgabetasuna”. Horixe da instituzioek, eragile politikoek eta patronalek etengabe errepikatzen duten hitza, baina, azaldu duenez, ziurgabetasunaren aitzakipean patronalari gero eta diru publiko gehiago ematen zaio, bueltan ezer eskatu gabe edo inolako baldintzarik ezarri gabe.: “Ez da politika birbanatzailerik bultzatzen, ez dago zerga politika progresiborik eta ezta soldatak duintzeko politikarik ere. Aldi berean, zerbitzu publikoak ahultzen ari dira. Ziurgabetasun aldi orok, beraz, langileen bizi baldintzen prekarizazioan urrats bat gehiago esan nahi du”.
Gerra komertzialaren ondorioak ere hizpide izan ditu, eta Europako Batasunak AEBekin sinatutako akordioa gogor kritikatu du. “Langile klasea izango da akordio horren eragin kaltegarriak pairatuko dituena. Europak alfonbra gorria jarri die Trumpen burutazio neoliberalei, AEBekiko dependentzian sakonduz. Europako Batasuneko gastu militarrak gora egiten jarraituko du, eta AEBetako armagintza industria indartuko da, Israel Palestinan egiten ari den genozidioan sakonduz. Gainera, akordio horrek atzeratu egingo du beharrezkoa den trantsizio energetikoa, eta eragin zuzena izango du larrialdi klimatikoan”.
Bestalde, eta aurrekoari lotuta, olatu erreakzionarioak gero eta eremu gehiago bustitzen dituela ohartarazi du Perezek, eta adibidetzat jarri ditu indarkeria matxista, feminismoaren kontrako mezu misoginoak eta jarrera xenofoboak. “Migratzaileen inguruko pertzepzio soziala aldatzen eta arrazismoa zabaltzen ari da”.
Horrekin batera, “intentsitatez igotzen” ari da euskararen kontrako oldarraldi politiko, sozial eta judiziala, Perezen arabera, administrazio publikoan euskara eskakizunak apaltzeko eta euskararen erabilera mugatzeko epaitegiek emandako epaiei lotuta.
Horren guztiaren aurrean, sindikalismo borrokalari, feminista eta antirrazista ezinbestekoa dela nabarmendu du, eta LABek eredu sindikal horren garrantzia berresten duela azpimarratu.
Langileak erdigunean
Testuinguruaz ohartaraziz hasi du bere hitzartzea Garbiñe Aranburu koordinatzaile nagusiak ere: Kapitalaren aldeko politikak muturrera eramaten ari dira, langileen bizi baldintzen kaltetan, gerrak eraginez eta larrialdi klimatikoa eta zaintza krisia areagotuz”. Sistema kapitalista, gainera, geroz eta autoritarioagoa dela azaldu du, eta faxismoaren mamua indarrez esnatu dela.
Diskurtsoak ez dira nahikoa, ordea, faxismoari, antifeminismoari, arrazismoari eta elkarbizitza erasotzen duten gorroto jarrerei aurre egiteko, Aranburuk gogoratu duenez: “Langile guztiei bizi baldintza duinak ziurtatuko dizkieten politika publikoak behar dira. Langileen aldeko politikak egin behar dira: politika birbanatzaileak eta zerbitzu publiko sendoak, politika feministak eta politika antirrazistak”.
Egungo eskumen markoaren barruan bestelako politika publiko batzuk egin daitezkeela adierazi du Aranburuk, baina, horretarako, Eusko Jaurlaritzaren eta diputazioen politiken norabidea erabat aldatu behar dela. Edonola ere, gogorarazi du Euskal Herria estatu-tresnarik gabeko nazioa dela, “gai soziolaboraletan eta sozioekonomikoetan erabakitzeko gaitasun osoa ez duena”.
Horregatik, koordinatzaile nagusiak berretsi du estatus politiko berriak behar direla, nazio bat garela aitortuko dutenak, eta hemen lan baldintzak erabakitzeko dauden mugak gaindituko dituzten esparru juridiko eta politikoak behar direla, esparru sozioekonomiko propioa ziurtatuko dutenak.
Ikasturte berriari dagokionez, sindikatuarentzat honako lan ildo hauek izango dira lehentasunezkoak, zehaztu duenez:
1. Prekarietaren kontrako eta langileen arteko arrakalak murrizteko borroka. Prekarietatearen kontrako borrokan, sexu, genero, orientazio, arraza edo hizkuntzagatiko diskriminazio ororen aurka egingo du LABek. Lan lerro nagusia soldatak duintzeko borroka izango da, beste neurri batzuen artean hau ere diskriminazioei aurre egiteko bidea baita:
- KPIaren gainetik egongo diren soldaten alde egingo du LABek. Azken urteetan sortzen den aberastasuna gero eta okerrago banatzen da, eta, desoreka horiek arintzeko, erosahalmena bermatuko duten soldata igoerak behar dira.
- Lanbidearteko Gutxieneko Soldata: patronalak atea itxi zion akordio bat negoziatzeari baina denbora laburrean 138.000 sinadura baina gehiago bildu dira Hego Euskal Herrian. Ez patronalak, ez alderdiek, ez Jaurlaritzak ezin dio entzungor egin aldarrikapen honi. Gutxieneko soldata baten alde lanean jarraituko du LABek, bai negoziazio kolektiboan eta baita gehiengo sindikalarekin iniziatibak eginez ere.
- Gutxieneko soldata duin bat izatea aldarrikapen estrategikoa da, milaka langileren bizi baldintzak duinagoak izan daitezen. LABek ez du ontzat ematen sistema kapitalistak egiten duen langileen arteko banaketa, eta gutxieneko soldata igotzeak langileen arteko arrakalei aurre egiten lagunduko luke.
- Soldata duinekin batera, pentsio duinak aldarrikatzen ditu LABek. LGSren aldeko HELa ez da tramitazioan dagoen bakarra. LABek gogora ekarri eta balioan jarri nahi du pentsiodunek egindako lan eskerga eta gutxieneko pentsioaren aldeko HELaren eskaera.
2. Zerbitzu publikoen defentsa:
- Osasungintza: Osasun Itunean ez da osasun sistema publikoa indartzeko helbururik izan. Eztabaida nagusia Osakidetzak eman beharreko zerbitzuak bitarteko publikoekin edo pribatuekin emango diren izan da, eta pribatizazio prozesuari eutsi nahi izan zaio. LAB eta bertan ziren sindikatu guztiak, beste eragile batzuekin batera, Osasun Itunetik kanpo geratu dira.
LABek ez du ontzat emango osasun sistema publikoa eraisterik eta pribatiazio prozesuen kontra egiten, kontzertazioa salatzen eta Osakidetzako Mahai Sektorialean Osasun Mahaian kontuan hartu ez diren hainbat neurriren alde borrokaten jarraituko du. Aldi berean, beste sindikatu eta eragileekin eman beharreko erantzun soziala aztertuko du. - Hezkuntza: aurreko urtean itxitako akordioetan, LABentzat garrantzitsua izan zen lan zamak arintzea eta soldatak hobetzea, baita hezkuntza publikoa hobetzeko baliabide gehigarriak lortzea ere. Akordioa sinatu orduko, Hezkuntza Sailearen aldetik adosturiko baliabide gehigarri guztiak ez betetzeko nahia sumatu zuen LABek eta lanuzte batekin erantzun. Sindikatuak gertutik egingo dio jarraipena akordioen inplementazioari, eta, ez betetzeak baleude, ekintza sindikala eta mobilizazioak aktibatuko ditu. Eremu azpikontratatuan ere hobekuntzen alde borrokatzen jarraituko du sindikatuak.
- Zaintza Sistema Publikoa: zaintza beharrak handitzen ari dira eta ez zaio erantzun egokirik ematen. Zaintza beharrei erantzun behar die sistema publikoak. Egun pribatizatuak daude zaintza lanak, eta zaintzako emakume langileek lan publikoa egiten dute egoera erabat prekarioan, negozioa egiten duten enpresa pribatuetan. Zaintza sistema publiko bat eratu behar da, eta, bide horretan, lan baldintzen ekiparazioak bultzatuko ditu LABek, eta hitzarmenak berritzeko eta ratioak murirzteko borroka egingo du, baita publifikazio prozesuak bultzatu ere.
- Euskara: herritarrek eskubidea dute euskaraz bizi eta lan egiteko eta zerbitzu publikoak euskaraz jasotzeko, eta baita langile publikoek ere euskaraz lan egiteko. Administrazioaren euskalduntzeak euskararen ezagutzaren hedapenean eta normalizazioan ekarpena egiten du. Egungo oldarraldi politiko, juridiko eta sozialaren aurrean, lege berriak eta berme juridikoak behar dituela esan izan du LABek, eta horrek erantzun soziala ere eskatzen duela. Zentzu horretan, udazkenean mobilizazioak bultzatuko ditu sindikatuak.
3. Industria defendatu eta trantsizio ekosoziala bultzatu: Jaurlaritzak aurkeztu berri duen industria planak ez dio helburu horri erantzuten, eta ez du ziurtatzen trantsizio ekosozialean urratsik egingo denik; esaterako, ez dago deskarbonizazio prozesuari heltzeko erabaki argirik, ezta enplegu industriala babesteko edo enplegu hori duina izateko inolako bermerik ere.
Diru publiko asko jarriko da enpresen eskura, baina ez dago esku-hartze publiko aktiborik birmoldaketa industrialari termino ekosozialetan ekiteko. Diru publiko horrek poltsiko pribatuetan amaitzen du, eta, bere horretan, ez du bermatzen ez berritasun teknologikori, ez enpresen errotzerik edo jarraikortasunik, ezta enplegu duinik ere. LABek enplegurako eskubidea defendatzen du, eta negoziazio kolektiboan trantsizio ekosozialerako klausulak txertatuko ditu.
Amaitzeko, Aranburuk adierazi du LABek eraldaketa sozialaren alde borroka egingo duela, bai, baina, era berean, aldaketa politikoak ere sustatuko dituela: “LAB eragile aktiboa izango da estatus berri bati buruzko eztabaidan. Estatus berri horrek barne hartu behar duelako soldatak, pentsioak, lan baldintzak eta zerbitzu publikoak hemen bertan erabakitzeko aukera. Lan Harremanenetako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua eratzeko bermeak izan behar ditu, esparru sozioekonomiko propioa”.

