2026-11-03
HomeEkintza SindikalaSIDENORen ezkutuko kaleratzerik ez! Lanpostuen defentsan borrokan jarraituko dugu

SIDENORen ezkutuko kaleratzerik ez! Lanpostuen defentsan borrokan jarraituko dugu

SIDENOR ACEROS ESPECIALES SLU-ko lan zentroetako LABeko ordezkariak bildu gara gaur agerraldi batean: Basauri, Azkoitia, Gasteiz eta Legutioko lantegietakoak, hain zuzen. Gure helburua bikoitza izan da: alde batetik, Azkoitiko lankide guztiei babesa adieraztea; eta bestetik, SIDENOR taldeko egoeraren inguruko gure irakurketaren berri ematea.

Azkoitian hartutako neurriek gainontzeko lan-zentroetako langileentzako eskarmentu izan nahi dutela garbi daukagu. Hitzarmenaren negoziazioa dator Basaurin, eta zuzendaritzak garbi utzi nahi du ez duela mobilizaziorik onartuko eta ezta beraien terminoetatik kanpo dagoen ezer hitzarmenean sartuko ere. Langileok, bere lan-zentro guztietan, eskubideak murriztea onartu beste aukerarik ez daukagula azaldu nahi digu Azkoitian egiten ari denarekin.

SIDENOReko zuzendaritzak beti egin du lan-zentroen erabakitzeko ahalmena zapuztearen alde, eta denak Esparru Akordioaren barruan sartzea du xede, borrokarekin langileek lan-zentro bakoitzean lortutako eskubideak birrintzeko helburuz. Esparru horretan, askoz mesedegarriagoak zaizkion gehiengoak ditu, eta horrela lan-zentro bakoitzeko ordezkaritza sindikalak ezabatzen ditu. Prozesu horretan beste pauso bat da Azkoitian egiten ari dena. Beldurra eta mehatxua erabili du eskubideak murrizten segitzeko, eta azken negoziaketetan ere halaxe erakutsi du Euskal Herriko lan-zentro guztietan.

Agerraldian, LABeko ordezkariok zuzendaritzari zuzen eta ozen adierazi diogu oker dagoela, eta garbi utzi diogu inondik ere ez dugula onartuko bere jarrera deitoragarria. LABetik beti egingo dugu mobilizazioaren alde, eta ez diegu onartuko lanpostuak suntsitzen edo langileen egoera prekarioago bihurtzen.

Administrazioen konplizitatea

Eusko Jaurlaritzak SIDENORen kudeaketa baldintzarik gabe txalotu izan du beti. Azkenengo urteetan eredugarritzat plazaratu izan dute SIDENOReko buru den Jainaga. Genozidio batean parte hartzeagatik ikertua izaten ari da epaitegietan, langileak kaleratzen ari dira lan-zentro askotan beren eskubideak aldarrikatzeagatik, edo 2024ko otsailean salatu bezala, langileok gaixotzen gaituen zein bizitzaren kontziliazioa ezinezkoa egiten duten neurriak egunerokoak dira.

Talgo erosteko milioiak oparitu dizkiote, eta orain 36 lanpostu suntsituko ditu. Deslokalizazioa da, izan Txinara edo Kantabriara. Euskal Herriko ehun industrialaren aurkako erabakia baita. Noiz arte jarraituko dute bere jarduna zuritzen? Langileok mehatxatu eta bertako lanpostuak suntsitzen ari den bitartean, isilik daude instituzioak.

Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duen kolaborazio publiko-pribatua langileoi egiten zaigun iruzurra da, eta finean esku pribatuei milioika euro publiko uztean oinarritzen da. Orain, Azkoitian, zuzenean ari gara hori pairatzen: isilpeko 36 kaleratze. Industria politika eraginkor faltaren ondorio da Azkoitiko 36 lanpostuak suntsitzea. Garbi daukagu. 

Aldi berean, gainontzeko indar sindikalei dei egin nahi diegu: kezka handiz ikusten dugu sindikatu batzuk, enpresaren eskutik, langileak desmobilizatzeko egiten duten apustua. Denok argi izan behar dugu zein dagoen aurrean, eta datorren erasoaren aurrean (izan deslokalizazioa, kaleratzeak edo hurrengo hitzarmena), beharrezkoa izango da bidea langile guztiok elkarrekin egitea.

Atzo Gipuzkoako Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin bildu ginen SIDENOR Azkoitiako komiteko kideak, eta argi adierazi genien beraien inplikazioa behar-beharrezkoa dela Azkoitiko lan-zentroan eman diren lanpostuen suntsiketei buelta eman eta etorkizuna bermatzeko. Konpromisoa hartu zuten bi instituzioek, prozesuak irauten duen bitartean, berriro biltzeko langileon batzordearekin. Hala nola, SIDENOReko zuzendaritzarekin bilduko direla esan zuten. Gainean egongo gara. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Navarrabiomed – Miguel Servet Fundazioko plantillak bertan behera utzi ditu greba eta mobilizazioak, Osasun Departamentuak jakinarazitako aurrerapausoak direla-eta

Joan den ostegunetik, gure hitzarmen kolektiboaren aplikazioaren inguruan Osasun Departamentutik jakinarazi zizkiguten aurrerapausoak eta albisteak ezagutu ondoren, Navarrabiomed - Miguel Servet Fundazioko langileok erabaki dugu garatzen ari ginen greba eta mobilizazioak bertan behera uztea.

Udaltzain batzuk Intxaurrondon jasotako formakuntza ikertzeko eta berriro halakorik ez dadin gertatu eskatzen dugu

Gipuzkoako hainbat udaltzaingotako agenteek Intxaurrondoko kuartel nagusian, Gipuzkoako Guardia Zibilaren Komandantziaren egoitzan, egindako prestakuntza-ikastaro batean parte hartu izana salatzen dugu.

Etxebizitzarako eskubidea bermatu dadin, hiru eraldaketa eta sei ekintza lerro proposatu ditugu

Etxebizitza langileen eta herritarren beharren arabera antolatzeko, parke publikoa ardatz duen planifikazioa egin behar da; etxebizitza politiketan eman beharreko eraldaketak kapitalaren irabazi espekulatiboen bidez ordaindu behar dira; eta, jarduera espekulatiboak debekatuz, negoziorako erabiltzen diren etxebizitzak berreskuratu behar dira.