2025-07-20
HomeEkintza SindikalaHipokrisia gutxiago eta konpromiso erreal gehiago

Hipokrisia gutxiago eta konpromiso erreal gehiago

Abenduaren 18a Migratzaileen Nazioarteko Eguna da. 2000. urteaz geroztik, NBEk egun hori izendatu zuen, eta dei egin zuen estatuek migrazioa prozesua segurua, erregularra eta duina izan dadin lagun zezaten. Langile migratzaileen eskubideak babesteari buruzko Nazioarteko Konbentzioa (1990) izan zen aurrekarietako bat. Hainbat hamarkada igaro dira adierazpen horietatik, eta ez Nazio Batuen Erakundeakk, ez Lanaren Nazioarteko Erakundeak, ez Europar Batasunak ez dute agindutakoa bete. Aitzitik, arrazakeria eta gorrotoa bere DNAn txertatuta daraman Europaren gotorleku izaera berresten dute, eta horixe bera egikaritzeko tresnak dira Erkidegoko estatuen atzerritartasun, asilo eta muga-kontroleko politiken multzoa.

Hego EHn 324.000 migratzaile baino gehiago bizi dira, hau da, biztanleria osoaren % 10-11 inguru. Hainbat lan esparrutan diharduten langileak dira, hala nola nekazaritzan eta abeltzaintzan, arrantzan, elikagaien eta kontserben industrian, ostalaritzan, zaintzan, baso-mozketan… Esplotazioa, diskriminazioa, desberdintasuna, abusuak, xantaiak, esklabismoa, engainuak, desinformazioa, deshumanizazioa, injustizia, errespetu falta, lehen egunetik arbuiatzea, tratu txar psikologikoa, umiliazioa, atsedenak ez betetzea, gehiegizko lanaldiak, kontratu faltsuak, Norbere Babeserako Ekipamenduak eta lan-osasunerako eskubidea ukatzea, errepresaliak, beldurra, presioa, ezintasuna, amorrua, ziurgabetasuna. Hori ez dugu asmatu, laneko arrazakeriaren inguruko bizipen esplizituak dira, eta LABek 2023ko urrian egindako lan-eskubideei buruzko prestakuntza saioetan parte hartzen duten langile migratuek partekatu dituzte.

Langileak gara, eta ez biktimak edota subjektu pasiboak. Aldiz, sindikatuaren parte aktibo gara, gero eta gehiago, antolatzeko modu eta tresna berriak ekartzen ditugularik. Une honetan, gure presentzia erabakigarria izaten ari den borrokak piztuta daude, hala nola nekazaritza eta abeltzaintzaren sektorekoa Nafarroako erriberan; Amazoneko banaketa-langileen greba, Eroskiko Bizkaiko biltegietakoa, eta etxeko eta zaintzako langileena, zeintzuek azaroaren 30eko Euskal Herriko Greba Feminista Orokorrean erdigunean egotea lortu baitute.

Lan-arrazakeria gorrotoaren eta desparekotasun sistemikoaren adierazpen bat da, eta enpleguaren munduan ahalik eta etekinik handiena ateratzea ahalbidetzen du beren burua defendatzeko aukera gutxien daukaten gorputz eta lan-indarretatik. Guri dagokigunez, sindikatu-tresna gisa, LABetik arrazismoa borrokatu nahi badugu Euskal Herrian, arraza-diskriminazioagatiko lan-abusuzko egoera horiek izendatu eta jorratu behar ditugu. Migratzaileak aintzat hartzea egun zehatz batetik harago doa. Zera eskatzen dugu: borondate politikoa, egikaritzeko moduko konpromisoak, neurri zehatzak, aurrekontua eta hemen finkatzea erabakitzen dutelako edo beste lurralde batzuetarako bidean daudelako Euskal Herrira iristen diren migratzaileek dituzten (eta eskaintzen zaizkien) bizitza- eta enplegu-baldintzen jarraipena.

Amaitzeko, LABek bat egiten du Euskal Herriko hainbat gizarte taldek abenduaren 18an eskubideak exigitzeko egindako deialdiekin.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Nafarroako 600 lanpostu baino gehiagoren suntsiketa justifikaezina salatzen du

Penaz eta frustrazioz bizi dugu ordezkaritza sindikalaren gehiengoak (UGT, CCOO, ATISS eta Solidari) ontzat eman izana, azken unean, BSHk Eskirozko lantegiaren itxiera justifikatzeko erabili...

LAB eta ELA sindikatuek Eusko Jaurlaritzari ohartarazi diote bere gutxieneko soldata proposamenak ez liokeela 10.000 pertsonari ere eragingo

Eusko Jaurlaritzaren hitzarmenetarako gutxieneko soldata proposamenak ez lieke eragingo EAEn lan baldintza okerrenak dituzten langileei, estatuko hitzarmenak dituztenei edo hitzarmenik aplikagarririk ez duten langileei,...

LABek Hezkuntza publikoan Jaurlaritzaren bete gabekoak salatu ditu

Hurrengo ikasturtea baliabide nahikorik gabe hasiko da hezkuntza publikoan. Negoziazio, mobilizazio eta grebez jositakoa izan da igarotako ikasturtea EAEko unibertsiteaz kanpoko hezkuntza publikoan. LAB, hezkuntza...