2026-10-21
HomeEkintza SindikalaLABek lau langileren kriminalizazioa salatu du martxoaren 17ko greban parte hartzeagatik

LABek lau langileren kriminalizazioa salatu du martxoaren 17ko greban parte hartzeagatik

Martxoaren 17ko greba orokorrean parte hartu zuten lau grebalari Iruñeko epaitegian deklaratzera deitu dituzte gaur, atxilotzeko mehatxuaren pean. Bi delitu egotzi dizkiete: agintaritzari desobedientzia eta trafikoaren segurtasunaren aurkako delitua. 40 pertsona baino gehiago mobilizatu dira Justizia Jauregiaren aurrean, greba egunean parte hartu zutenen aurkako errepresaliak salatzeko eta deklaratzera deitutako lau pertsonei babesa adierazteko.

LAB sindikatuak adierazi duenez, lau langileek mobilizazioetan parte hartu zuten 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde egiteko, eta “inola ere ez zioten agintaritzari desobeditu, eta ez zuten trafikoaren segurtasuna arriskuan jarri”.

Sindikatuak eskatu du greban parte hartu zuten langileen aurkako errepresaliak eteteko, bai isunen bidez —LABen arabera, Iruñerrian dagoeneko 15.000 eurotik gorakoak dira—, bai lau grebalari hauei eragiten dien bezalako prozesu judizialen bidez.

LABek onartezintzat jo du greba eskubidea eta bizi-baldintza duinen aldeko borroka jazarpen eta kriminalizazio arrazoi bihurtzea. “1.500 euroko gutxieneko soldata aldarrikatzea ez da delitua, langileon behar bat da”, defendatu du. “Hori aldarrikatzen dugu posible delako eta, gutxiagorekin, langileok ezin dugulako duintasunez bizi”, adierazi du.

Azkenik, LABek bere elkartasuna berretsi die deklaratzera deitutako lau langileei, baita, sindikatuaren arabera, martxoaren 17ko greban parte hartzeagatik errepresaliak jasaten ari diren pertsona guztiei ere. “Errepresioaren eta kriminalizazioaren aurrean, greba eskubidea eta langileon bizi-baldintza duinak defendatzen jarraituko dugu”, ondorioztatu du.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Arabako ardogintza sektoreko langileak beren eskubideen alde mobilizatuko dira

Intersindikalak proposamen bateratua egin zuenetik 5 hilabete baino gehiago pasa direnean, SEAk eta upategiek erantzun gabe jarraitzen dute.

EAEko mahai orokorra: Eusko Jaurlaritza kudeaketa irizpideen bila joaten da Madrilera

Langile publikoen soldata igoera, erretiro-txanda kontratua, egonkortasunaren kalte-ordainak, lanaldi murrizketa... Madrilek zer esango zain gelditzen jarraitzen du Eusko Jaurlaritzak, inolako ekimenik hartu gabe.

Nafarroako langileei dei egiten diegu azaroaren 11n lantokiak hustu eta kaleak bete ditzaten

Larunbatean Iruñean 2.000 lagun baino gehiago mobilizatu ondotik, LABek CENi eta Nafarroako Gobernuari pobretzearen eta errentismoaren aurkako egiturazko neurriak eskatu dizkie, eta eskaera zehatza egin dio Nafarroako Gobernuari: Testa funts putreak bereganatutako etxeak desjabetu ditzala eta parke publikora igaro daitezela.