2024-05-04
HomeEkintza SindikalaHauteskunde eremuen proposamen bateratua aurkeztu diogu Osakidetzari

Hauteskunde eremuen proposamen bateratua aurkeztu diogu Osakidetzari

LAB, SATSE, ELA, SME, UGT USAE eta UTESE sindikatuok aurkeztu dugun hirugarrena da, 2019an luzatu genuen azkenaren harira inolako erantzunik jaso ez genuelarik. Osakidetzak hauteskunde esparru berriak negoziatzeari uko egin dio, eta horrek beste hauteskunde sindikal batzuk egitea eragotzi du. Berriki emandako epai baten arabera, aurreko eremuak indargabetuta geratu ziren Erakunde Sanitario Integratuetan (ESI) antolakuntza berria indarrean sartu zen unean.

LAB, SATSE, ELA, SME, UGT, USAE eta UTESE sindikatuok hauteskunde-eremuen proposamen bateratu berria aurkeztu diogu Osakidetzari, Erakunde Sanitario Integratuen antolaketa berrira egokitzeko. Hau da egiten dugen hirugarren saiakera; izan ere, 2015. eta 2019. urteetan beste bi proposamen bateratu aurkeztu genituen, eta Osakidetzak ez zien erantzun.

Sindikatuok behin eta berriz salatu dutu Osasun Arloko Mahai Sektoriala blokeatuta dagoela, ez dagoela inolako negoziaziorik eta Osakidetzak edukiak eta agenda inposatzen dituela. Horren ondorioz, sindikatuok mahaitik altxatu gara, eta beste bide batzuk ireki ditugu, arrakastarik gabe: Osakidetza birritan deitu dugu Lan Harremanen Kontseiluan (ez da agertu bileretan), eta bilera bat egin dugu Osasun sailburuarekin. Hauteskunde sindikalak blokeo horren eta negoziatzeko borondaterik ezaren adibide argiak dira.

Azken hauteskunde sindikalak 2014an egin ziren. Ondoren, Osakidetzak antolaketa-egitura aldatzea erabaki zuen, eta ESIetan antolatzea. Horren ondorioz, aurretik itundutako hauteskunde-eremuak baliogabetuta geratu ziren, ez baitzuten errealitate berria behar bezala irudikatzen, eta ez baitziren baliagarriak ESI bakoitzaren zuzendaritzaren eta plantillaren ordezkaritzaren arteko elkarrizketa eraginkorra aurrera eramateko. Are gehiago, berriki emandako epai batek horixe berretsi du, aurreko hauteskunde-esparruak indargabetuta geratu zirela antolakuntza berria indarrean sartu zenean.
LAB, SATSE, ELA, SME, UGT, USAE eta UTESE sindikatuok argi eta garbi adierazi nahi dugu blokeo-egoera hau konpontzeko borondatea dugula; blokeo honek ordezkaritza-organoak berritzea eta plantillak bere legezko ordezkariak aukeratzea eragotzi du. Osakidetzak gai horri heltzeko eta hauteskunde-eremu berriei buruzko negoziazio-prozesua hasteko izan duen borondate ezaren ondorio zuzena izan da hori. Hauteskunde sindikalak askatasun sindikalerako oinarrizko eskubidearen ardatzetako bat dira, eta eskubide hori sistematikoki urratu du Osakidetzak.Sindikatuok Osakidetzari eskatzen diogu, behingoz, beharrezko urratsak eman ditzala hauteskunde-eremu berriak negoziatzeko, eta, horrela, berme guztiekin hauteskunde sindikalak egiteko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.