2024-04-25
HomeOharrakZerbitzu PublikoakHAURRESKOLETAN MURRIZKETARIK EZ!

HAURRESKOLETAN MURRIZKETARIK EZ!

Haurreskolak Partzuergoa osatzen dugun langileok, bai kudeaketako langileak bai hezkuntza arlokoak, derrigortuta sentitzen gara gure egungo egoera publikoki azaltzera. Zerbitzu publiko hau pairatzen ari den etengabeko murrizteka sorta hau euskal jendarteari azaltzeko egoeran sentitzen gara.
Eusko Jaurlaritzak eta herri zein hiri ezberdinetako Udaletxeetako ordezkariek 2003. urtean Haurreskolak Partzuergoaren sorrera sinatu zuten. 0-3 urte bitarteko haurrak dituzten familientzat eskaini behar zuten zerbitzu publikoa, ezaugarri hauekin bakarra Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Diru publikoarekin kudeatzen den enpresa honen helburua argia izan da hasieratik: familia, lana eta bizitza uztartu eta kalitateko hezkuntza sistema bat bermatu. Argitu bezala zerbitzu publikoa da, aldiz gurasoek kuota altuak ordaindu behar dituzte. 151 euro haurra haur-eskolara 5 ordu edo gutxiago eramateagatik eta 198 euro 8 ordura arte haurra haur-eskolan egoteagatik. Honekin argitu nahi dugu, publikoa izan arren ez dela ez unibertsala ez doakoa.

Erakunde hauek sinatutako hitzarmenean adosten da langileen kudeaketa Hezkuntza Sailaren menpe geratzen zela eta eraikinen mantenua, garbiketa eta zaintza Udal
ezberdinen ardurapean.

Haurreskolak Partzuergoak 2003. urtea geroztik izan duen hazkundea aipagarria da: hasierako 30 haurreskoletatik gaur egungo 222etara, hala ere oraindik ez dago plaza nahikorik dagoen eskaerari erantzun ahal izateko.

Egun 1.500 langile baino gehiago gara, kudeaketa zein hezkuntza arloan, hauetatik 735ek behin betiko kontratua dute. Haur Hezkuntza bi ziklotan banatuta dago, 1. zikloa 0-3 urte bitartekoa, Haurreskolak Partzuergotik kudeatzen dena eta 2. zikloa 2-6 urte bitartekoa, Hezkuntza Sailaren menpekoa. Bi zikloen artean alde nabarmenik ez dagoela uste dugu. Burutzen ditugun funtzio pedagogikoek bat egiten dutela uste dugu, gainera 0-2 zikloan ardura gehiago hartu behar dugu haurren elikaduraz, garbitasunaz eta atsedenaz, hain zuzen ere. Ordea, alde handia dago lan baldintzetan eta zer esanik ez soldatetan. Urtean 1.570 lan ordu ditugu, egutegi askoz zabalagoak eta soldata baxuagoak.

2009. urtetik Haurreskolak Partzuergoa dirua aurrezten ari da langileon kontura. Urte honetan aurrekontuetan langileon soldatarako % 4 bideratu baldin bazen ere, langileok %3ko igoera izan genuen eta gure kontura %1 aurreztu zuten. Gaur egun, 2010 urteko “Ley de Modificacion de Presupuestos” delakoarekin gure soldaten jaitsiera are nabarmenagoa izan da. Sindikatuek aplikatutako langileon kontrako neurri hau epaitegian salatu genuen eta Epaileak arrazoia eman digu, beraz, ebazpen honek agerian utzi du Haurreskolak Partzuergoak eta Hezkuntza Sailak langileekiko izandako jarrera. Orain langileoi kendutako dirua noiz itzuliko diguten argitu beharko lukete, baina, oso posiblea da, epai honen aurrean, Haurreskolak Patzuergoak helegitea aurrera eramatea eta gainera, horrez gain, 2011. urterako soldata guztietan %1,4 jaitsiera aplikatuko digutela adierazi digute jada.

Gastu publikoa murrizteko aitzakiarekin gure soldata zein lan baldintzen murrizketak irtenbide eraginkor bakarra direla argudiatzen digute. Gainera, lan legepeko langile guztiei (ikastolak, hezkuntza berezia, itunpeko ikastetxeak eta zerbitzuetako langileei) aplikatu zaien %0,8ko igoera guri ezeztatu digute.

Langileon soldatan eragiteaz gain, neurri murriztaileak dagoeneko aplikatzen hasi dira eta langileen lan baldintzetan zein haurren ongizate eta heziketa eskubidean eragin itzela dute. Adibide gisa:
• Ordezkapenak egun batzuk beranduago betetzen dira edo bete gabe geratzen dira. Betetzekotan ordu kopurua txikiagoa da (lanaldi erdiak osoen ordez).
• Jardueren prestakuntzarako denbora gutxiago. Haurren segurtasuna arriskuan ez jartzeko.
• Gelan haurrekin antolatutako jarduerak egitea ezinezkoa da hezitzaile bakar batekin.
• Koordinazio lanak egiteko denbora gutxiago dugu eta askotan, lan orduz kanpo egin behar ditugu. Gero ordu horiek ezin ditugu berreskuratu, haurreskolaren funtzionamendua ez oztopatzeko.
• Bazkalorduetan hezitzaile gutxiago dago haur kopuru berdinari jaten emateko eta jantokia eta umeen janaria prestatzeko. Egunero gurasoekiko hartu-emanak laburragoak izan behar dira nahita nahiez. Horregatik ere, jantokietarako erratioak ezartzea eskatzen dugu, jatorduetako baldintza egoki batzuk bermatzeko.
• Kudeaketako langileei ez zaie ordezkorik ipintzen. Langile kopurua hasierako berdina da eta gero eta lan karga handiagoa dute, haurreskola gehiago irekitzen diren heinean bere funtzioak ere gehitzen doaz.
• Hezitzaile bakar bateko haur-eskola txikietan kopurua asko handitu da eta herri txikietako hezkuntza zerbitzua zein bertan dagoen langileengan eragin zuzena
izanez.

Laburbilduz, murrizketa hauek kaskartu egiten dute haurreskoletako antolaketa eta funtzionamendua eta gure jarduera pedagogikoa erreztu beharrean, zaildu egiten dute eta aurrera eramateko, giza baliabide gutxiagorekin aurrera atera behar ditugu, langileon lana oztopatuz.. Familiek kuota berdinak ordaintzen jarraitzen dute, baina ematen zaien zerbitzua ez da kalitatekoa ez arretaren aldetik ez hezkuntza aldetik, noski.

Egoera larri honen aurrean LAB eta STEE-EILAS sindikatuok, Haurreskolak Partzuergoan % 85 baino gehiagoko ordezkaritza dugunok, zera adierazi nahi dugu: ez
dugula inolako murrizketarik onartuko ez langileen lan baldintzetan ez Haurreskolak eskaintzen duen zerbitzuetan. Kalitatezko zerbitzu baten aldekoak gara, etapa honek daukan berezitasunegatik hezigarria izateaz gain asistentziala ere bada eta gainontzeko etapetan bezala ume guztiek heziketa jasotzeko eskubidea berezkoa dutela uste dugu.

Beraz Partzuergoko Haurreskoletako arduradunen eskaintza aldatzen ez duten bitartean ez dugu parte hartuko inolako bileretan eta mobilizazioekin jarraituko dugu.
Martxoaren 22rako, goizeko 11:00etatik 14:00etara lan uzte batera deitzen ditugu sektore honetako langile guztiak. Eibarren elkartuko gara eta denok batera gure haserrea eta desadostasuna erakutsiko diegu.

Bilbon, 2011ko martxoaren 10ean
LAB eta STEE-EILAS 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Euskara baztertzailetzat jo eta hizkuntzaren normalizazio prozesua kolpatzen duen enegarren epaia

Euskal administrazioa euskalduntzeko prozesuaren aurka pairatzen ari garen oldarraldiaren barruko epai berri bat ezagutu dugu. Kasu honetan, Donostiako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiak Eibarko udaltzain lanpostu baterako euskara-eskakizuna frogatu beharretik salbuetsi ditu hautagaiak ezohiko egonkortze deialdi batean, hautagaietako batek jarritako helegitea partzialki onartuta.

Lan osasuna bermatzeko prebentzioa jorratzea premiazkoa dela aldarrikatu dugu sindikatuok

Gaur, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunaren bezperetan gauden honetan, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde, HIRU eta CGT (Nafarroan) sindikatuok osatzen dugun intersindikalak irmoki salatu dugu langileok gure osasuna jokoan ipintzen dugula, bizitza duin baterako diru sarrera nahikorik bermatzen ez duten enpleguetan.

Nafarroako Arartekoak Hezkuntzari gomendatu dio Lanbide Heziketan diharduten PTak ere “saritu” ditzala

LABek eskatuta, Patxi Verak zuzentzen duen erakundeak Hezkuntzari eskatu dio beharrezko neurriak har ditzala Lanbide Heziketako PTei ere aplikatzeko DBHra atxikita daudenek jasotzen duten soldataren %5,45eko osagarria.