2026-09-18
HomeEkintza SindikalaHaur eskolek euskaraz izan behar dutela aldarrikatu dugu Iruñeko kaleetan

Haur eskolek euskaraz izan behar dutela aldarrikatu dugu Iruñeko kaleetan

Eman haizea euskarari lelopean egingiko mobilizazioan parte hartu dugu LAB sindikatuko kideok. Iruñeko hainbat auzotako gurasoek bultzatutako ekimena izan da, hasiera-hasieratik haurrak euskaraz eskolatzeko eskubidea aldarrikatzea xede izan duena.

Gaurkoan ez ezik, eskakizun hori hainbatetan egin izan dugu, gure hizkuntzaren normalizazio prozesuaren baitan funtsezkotzat baitugu ume txikiak euskaraz hezteko baldintzak bermatzea. Gure helburua auzo guztietan haur eskolak euskaraz izatea da, eta norabide horretan segiko dugu lanean.

Gainera, gaurko mobilizazioan nabarmendu dugunaren ildotik, euskaldunok eta seme-alabak euskaraz hezi nahi ditugunok ere bizi-kalitatea merezi dugu, gure etxeko txikiek haurreskolan euskara jaso dezaten hiri osoa zeharkatzen ibili gabe.

Hala, gaurko ekimenaren bidez udal arduradunei eskatu diegu ahalbidetu dezatela auzo guztietako bizilagunek euskarazko haurreskoletarako sarbidea izatea beren bizilekuan bertan. Izan ere, euskarari buruzko udal ordenantzak berak jasotzen du “ahalik eta modurik hoberenean” bermatu behar dela gurasoek euren seme-alabentzako hizkuntza eredua hautatzeko duten eskubidea.

Horrenbestez, agendan lehentasun gisa gai hau sartu eta datorren ikasturteko matrikulazioari begira lanean hasteko eskaria plazaratu dugu gaur Nafarroako hiriburuan.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Osasun Departamentuaren aurrekontuaren igoera osasun arreta hobetzeko erabil dadila exijitzen dugu

Nafarroako Gobernuak osasun arloko aurrekontua % 10 handituko duela iragarri du, eta horrek agerian uzten du premia ekonomiko larria dagoela Osasunbideak eta, oro har, osasun sistema publikoak dituzten arazoak konpontzeko. Gero eta handiagoa den eskariari erantzutea, itxaron-zerrendak arintzea eta Oinarrizko Osasun Laguntzaren egoera gero eta kezkagarriagoari aurre egitea, horiexek dira aurrekontuaren igoera hori justifikatuko luketen erronkak. Eta “justifikatuko luketen” diogu; izan ere, gure sindikatuan askotan kritikatu dugu aurrekontua erabili dela sistemari adabakiak jartzeko, behar diren neurriak ezartzera bideratu beharrean.

Lanbide Heziketako ratio eta bikoizketen kudeaketak nabarmen utzi du Gimeno

Hezkuntza departamentuak 2025ean sinatutako Hezkuntza Itunean zein foru dekretuetan ezarritako gehienezko ratioak urratzen ditu. Kasu batzuetan, egiten den jarduera dela eta, ikasleak eta irakasleak arriskuan ere jartzen ditu.

Erandioko ‘Los Ochos’ eraikinetako bizilagunek eta LAB sindikatuak manifestazioa deitu dute irailaren 24an eta adierazi dute beren etxeak defendatzeko prest daudela

Alokairuan dauden 120 familia baino gehiago beren etxebizitzetatik kanporatuak izateko arriskuan daude Mosaic putre funtsak erosi dituenetik eta urte luzez haien bizitzak hantxe eraiki...