2026-06-17
HomeEkintza SindikalaHerritar nahiz langileen osasuna babestu eta enpleguari eutsiko dion irtenbide integrala eskatzen...

Herritar nahiz langileen osasuna babestu eta enpleguari eutsiko dion irtenbide integrala eskatzen dugu Profersarako

Trantsizio ekosozialaren aldeko apustuan berresten gara, ekoizpen-ereduaren jasangarritasuna, ingurumena eta bizitzen zaintza uztartuko dituena, enplegua eta lan-baldintzak mantenduz.

LAB sindikatutik, beste behin ere, adierazten dugu kezkatuta gaudela Agaleus Taldeko Profersa eta Sader lantegien kokapenarekin eta kokapen honek Zorrotza auzoko bizilagunekin sortu duten gatazka historikoarekin.

Egoerari ikuspegi integral batetik helduz, beti defendatu izan dugu planta biak industria-eremu batera lekualdatzearen beharra, modu ordenatuan eta lanpostuak mantenduz. Horrek, baina, ezin du arazoaren lekualdatze hutsa ekarri; aldiz, produkzio-eredu jasangarri baterako igarobidea bultzatzeko balio izan behar du, bi lantegietako langileen lanpostu guztiak bermatuz. Zorrotza auzoko bizilagunek beren bizitza garatzeko duten eskubidea aldarrikatzen du sindikatuak, bi lantegiek eragin ditzazketen arriskuen eraginpean egon gabe.

Era berean, langileen lan-osasunerako eskubidea aldarrikatzen dugu, hau da, lan-ingurune seguruan lan egiteko eskubidea, haien osotasun fisiko eta mentalaren gain eragin negatiboa izango duten emisio edo istripurik gabe. Horretarako beharrezkoa da eragin horren pean dauden eta auzian inplikatuta dauden eragile guztien arteko lankidetza eta akordioa: auzo-elkarteena, langileena – auzoko eta eskualdeko bizilagunak ere badirenena –, lantegien jabe den enpresarena eta erakundeena: Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzarena, alegia. Bakoitzak bere erantzukizunari heldu behar dio dauzkan eskumenekin.

Urte asko igaro dira lantegiak martxan jarri zirenetik, eta lankidetza hori egon ez denez, etengabeko arriskua eragin du bizilagunengan, eta etengabeko ziurgabetasuna langileen enpleguaren etorkizunari dagokionez. Enpresa jabeak bi lantegien ekoizpena ustiatzen jarraitu du udalarekin hitzarmen ekonomiko bat negoziatzen zuen bitartean. Hitzarmen horren arabera, ongarriak ekoizten dituen Profersa enpresaren jarduera etengo zuen, ekoizteko planta itxiz eta Sader lantegiarentzat kokapen berri bat bilatuz, Profersako langileen enpleguari eusteko inolako konpromisorik gabe.

Erakundeen aldetik, Eusko Jaurlaritzak, industriaren esparruan duen erantzukizunari heldu eta ekoizpena lekualdatu eta egokitzeko prozesu ordenatu bat bultzatu beharrean, Bilboko Udalak jokatutako rolera mugatu du bere ardura, funtzio partzial eta erabat administratibo bat betez. Horrek agerian uzten du instituzioen inprobisazioa, baita egungo egoerak eskatzen duen EAEko idustria-sare ekosozialaren Egokitzapenerako eta Trantsiziorako Planik eza ere.

LAB sindikatuan uste dugu garaiz gabiltzala irtenbide partekatu bat bilatzeko, zeinetan alde guztiak onurak jasoko dituzten elkarlaneko ariketa horretatik, langileen protagonismoa oinarri hartuta, lantegiak beste kokapen batera eramateko prozesu baten bidez, enplegua bermatuz eta Zorrotzako bizilagunek auzo bizigarri batean bizitzeko duten eskubidea aitortuz, beren osasunerako arriskurik gabe.

Hori guztia dela eta, Eusko Jaurlaritzako Industria eta Ingurumen Sailarekin berehalako bilera bat eskatuko dugu, gai horiei guztiei aurrez aurre eta modu integralean heltzeko, eta ez dugu baztertzen gainerako erakundeekin ere hala egitea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Lanuztea Bizkaiko Foru Aldundian: 600 pertsona baino gehiago mobilizatu gara akordio eta hitzarmen berri baten alde eta telelanaren alde

Gaur, ekainak 17, Bizkaiko Foru Aldundiko langileek bi orduko lanuztea egin dute Langileen Batzordeak eta Enpresa Batzordeak deituta, ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuen babesarekin.

Mobilizazioak egin ditugu elikagaien merkataritzako tokiko hitzarmenak defendatzeko

Patronalak eta banaketa kate handiek bultzatutako ekimenak Hego Euskal Herriko elikagaien merkataritzan adostutako lan baldintzak mehatxatzen dituela salatu dugu. Gaur mobilizazioak egin ditugu Hego Euskal...

Hezkuntza komunitateak Gimeno kontseilariaren kargugabetzeari emandako babes masiboa erregistratu dugu

Hezkuntza komunitatea osatzen duten ia 1.900 lagunen sinadurak aurkeztu ditugu LABetik, eta Chivitek fitxarik mugitzen ez badu, irailean mobilizazioei berriz ekingo diegula iragarri dugu.