2026-08-21
HomeHerriak du hitza eta erabakiaGure Esku Dagoren larunbateko manifestazioan parte hartzeko deia egin nahi diegu langileei

Gure Esku Dagoren larunbateko manifestazioan parte hartzeko deia egin nahi diegu langileei

Kataluniako herriari gure babesa eta elkartasun osoa adierazi nahi diogu. Bi herri desberdin gara, bi errealitate desberdin ditugu baina baditugu batzen gaituzten gauzak ere. Bi herriok gara erabat antidemokratikoa den estatu baten parte, bi herriok gara Espainiako estatuaren errepresioaren jomuga, bi herriok gara erabakitzeko eskubidea ukatzen duen estatu baten parte.

LABek ere Kataluniakoaren moduko burujabetza prozesu bat bultzatzen du Euskal Herrirako, hangoaren antzerakoa izango den burujabetza prozesu bat, bertako errealitateari egokitua izango dena. Duela bi aste ELArekin adierazpen bat kaleratu genuen Euskal Herrian burutu beharreko prozesuaren ezaugarriak jasotzen zituena, “Aldebakarreko burujabetza prozesu baten alde” izenburupean.

Sindikatu independentista da LAB. Urriaren 1ean bozkatu beharko bagenu, baietz bozkatuko genuke. Urriaren 1eko erreferenduma ariketa demokratikoa da. Emaitza edozein delarik ere demokrazia ariketa bezala ulertzen dugu eta herrien erabakitzeko eskubidea defendatzen duen orok, Katalunian bizitzen ari den prozesuarekiko posizio argiak izan beharko lituzke. Anbiguetaterako tarterik ez dago.

Diadaren bezperan Bartzelonan egon ginen sindikatu soberanistekin batera manifestu bat onartu genuen prozesuari babesa ematen. Diadan ere egon zen LABen ordezkaritza bat. Euskal Herrian ere mobilizatu ginen egun horretan eta indarrez salatu nahi dugu Espainiako estatuak hartutako bidea, komunikabide eta hautetsien aurkako erasoekin. Errepresioarekin erantzun du estatuak eta aurrean herri antolatu eta aktibatu bat dauka. Errepresioa antzua da herri baten askatasun nahiak mugatzeko orduan. Herriak baitu hitza eta erabakia.

Kataluniako herriari elkartasuna adierazten jarraituko dugu. Jarraituko dugu mobilizazioetan eta ekimen ezberdinetan parte hartzen.

Larunbatean Gure Esku Dagok Bilbon “Demokrazia. Bozkatu erabakitzeko” lemapean deitutako manifestazioan izango da LAB (17:30ean abiatuko da, La Casillatik). Garbiñe Aranburu Idazkari Nagusia buru izango duen ordezkaritzarekin parte hartuko du sindikatuak eta langileei ere bertaratzeko deia egiten die.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Hirugarren greba zikloari ekingo diote Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek lan baldintzak hobetzearen alde abuztuaren 28tik 30era

Abuztuaren 28ko 22:00etatik abuztuaren 30eko 22:00etara egingo dute greba Moevek Gipuzkoan dituen 16 gasolindegietako 150 langileek. Enpresa batzordea LABeko 5 ordezkarik eta ELAko 3k...

LABek eta ELAk adingabe batzuk balorazio psikosozialik egin gabe Bilbotik Gueñesera lekualdatu izana salatzen dugu

Sindikatuok kritikatzen dugu Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eudes Fundazioak zentro-aldaketa hilabete eskaseko aurrerapenarekin aurkeztu dutela, haren eragina baloratu gabe eta adingabeekin egunero lan egiten...

Bilboko tranbian zezenketen publizitatea jartzea salatu dute Euskotreneko langileek

Mobilizazioa egin dute Arriaga plazan. Euskotreneko enpresa batzordeak bere kezka eta erabateko gaitzespena adierazi nahi ditu, aurten ere Bilboko tranbiaren unitateetan zezenketekin lotutako ikuskizunen publizitatea...