2026-09-15
HomeEkintza SindikalaGasteizko Udalaren eta Enviser-en jarrera arduragabeak greba mugagabearen konponbidea urruntzen du

Gasteizko Udalaren eta Enviser-en jarrera arduragabeak greba mugagabearen konponbidea urruntzen du

Joan den astelehenean, greba-batzordeak bilera bat izan zuen Enviser-eko zuzendaritzarekin. Bertan, Enviserrek Gasteizko Udalarekin parkeak, lorategiak eta hiriko eraztun berdea kontserbatzeko eta mantentzeko lanak egiteko duen kontratutik irteera negoziatzeko erabakia jakinarazi zion.

Berri hori jaso ondoren, greba-batzordeak premiazko bilera bat eskatu zuen Espazio Publikoko zinegotzi ordezkari Beatriz Artolazabalekin, kontratuaren etetearen aukeraren xehetasunak ezagutzeko. Izan ere, enpresa eta udalaren adostasunez kontratua bertan behera uztea gatazka konpontzeko aukera gisa planteatu zuten jendaurrean Artolazabalek eta Maider Etxebarria alkateak joan den astean.

Bada, greba-batzordeak, erantzukizunez jokatuz, presaz eskatu zuen bilera, hiriaren egoera gero eta jasangaitzagoa eta greba herritarrengan izaten ari den ondorioak direla eta. Bilera atzo egin zen, astebete geroago, ematen baitu zinegotziaren agendan gauza premiazkoagoak zeudela joan den astean.

Bileran, zinegotziaren lan-taldeak jarrera oldarkorra erakutsi zuen, eta adierazi zuen txosten juridikoen zain dagoela kontratua etetea gauzatu ahal izateko, baina hori dela gatazka konpontzeko aztertzen ari diren azken aukera, eta greba-batzordeari eskatu zion akordio bat negozia zezala enpresarekin. Honen iritziz, akordio hori soldata-igoera txikiarekin lortuko litzateke, eros-ahalmena ere bermatuko ez lukeena, kontratua amaitu arte eta 2028an kontratu berria martxan jarri arte. Greba-batzordeak argi adierazi zion langileak ez daudela prest bi urte eta erdi baino gehiago itxoiteko eskatzen dituzten funtsezko hobekuntzak lortzeko.

Aldez aurretik, udal-arduradunek adierazi zuten bilera bat egin zutela Enviser-eko zuzendaritzarekin, eta bertan esan zuten enpresak ez zuela planteatu kontratua desegitea. Enpresak egindako azken eskaintzaren berri ez zutela ere esan zuten; izan ere, eskaintza horrek aurrekoa okertzen du, eta hobekuntzak Udalak eta enpresak kontratua etetera baldintzatzen ditu.

Udal arduradunek planteatu zuten ezin dutela askoz gehiago egin greba bertan behera utziko duen eta alde guztientzat ona izango den akordio bat egon dadin, eta ez zuten argitu zer hitz egiten duten behin eta berriz enpresarekin. Alderdi guztien artean konponbidea bilatzeko eskatu dituzten txosten juridikoak partekatzeko konpromisorik ere ez zuten hartu.

Laburbilduz, badirudi haien bitartekaritzak ez duela gehiagorako ematen, eta ez dutela gaitasunik, ezta tresnarik ere, EAJren eta PSEren gobernu-taldeak sortu duen arazoa konpontzeko, zerbitzu publikoak pribatizatzeko politika oldarkorrarekin.

Enviser-eko langileek argi dute atzoko bileraren ondoren mobilizazioekin jarraitzea eta enpresa eta udalaren joko iruzurtia salatzen jarraitzea baino ez dela geratzen; izan ere, atzo, berriro ere, kasu honetan udaleko arduradunek uko egin zioten gatazka konpontzeko hiru aldeen artean bilera bat egiteari, greba-batzordeari helarazten zaizkion informazioak kontrajarriak ez izateko etengabe.

Bihar, ekainaren 4an, langileak kalera aterako dira berriz ere, Plaza Berritik hasita Gasteizko kaleak zeharkatuko dituen manifestazio batean, 18:00etan, egoitza pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako langileekin batera. Langile horiek haien beharrei erantzuten ez dion Estatu mailako hitzarmen baten pean daude eta urteak daramatzate herrialdeko hitzarmen bat aldarrikatzen, dituzten lan-baldintza eskasak direla eta, funtsezko zerbitzu publikoen pribatizazioaren ondorioz. Manifestazioan, Hego Euskal Herrian LGS propio duin baten beharra aldarrikatuko da eta sinadurak bilduko dira euskal gehiengo sindikalak bultzatzen duen HELarentzat.

EAJren eta PSEren immobilismoaren eta arduragabekeriaren aurrean, gure apustua argia da, pobreziaren aurkako ekimenak eta mobilizazioak, zerbitzu publikoak pribatizatzeko politikek horretara behartzen gaituztelako.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Langileen aldeko politiketan suspentsoa atera duela ohartarazi diogu Pradales lehendakariari

Errondaren ekimenari sinesgarritasuna kendu, eta behingoz bizitzaren prekarizazioan sakontzen duten politikak alboratzeko eskatu diogu, politika neoliberalei eustea faxismoarentzat bazka baita.

2026-2027 ikasturtearen hasieran, EHUren azpifinantzaketa eta unibertsitate publikoaren defentsa berriz ere mahai gainean jarri ditugu

EHUko ikasturte hasiera ekitaldiaren harira, LAB, STEILAS, ELA eta CGT/LKN sindikatuok elkarretaratzea eta prentsaurrekoa egin ditugu Gasteizko Letren fakultatean. Aurten ere, 2026-27 ikasturtearen hasieran unibertsitate...

Bizkaiko metal merkataritzan greba egingo dugu urriaren 7an

LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok agerraldia egin dugu patronalaren egoitzaren aurrean, hitzarmenaren negoziazioaren blokeoa publikoki salatzeko eta, batez ere, greba iragartzeko.