2026-10-31
HomeEkintza SindikalaGasteizko Sidenorren lau langile kaleratu dituzte euren eskubideak aldarrikatzeagatik

Gasteizko Sidenorren lau langile kaleratu dituzte euren eskubideak aldarrikatzeagatik

LABek enpresaren jarrera salatu du, eta kaleratuak berronartzea exijitu.

Duela egun batzuk LABek ohartarazi zuen Gasteizko Sidenor enpresako behargin batzuk kaleratze arriskuan zeudela, euren eskubideak aldarrikatzeagatik. Esan bezala, lau langile hauek, beren kategoriaren araberako funtzioak egiten ari zirela ulertuta, plus bat jasotzen hasi ziren urtarrilean, 6 hilabeteren ostean kontsolidatu zena.

Bada, abuztuan, ordaintzeari utzi zion enpresak, irailean plusa kendu zuen eta urri hasieran jasotako dirua nominatik kendu zietela esan zien langileei. Horretan gelditu ez, eta enpresak espedientea ireki zien pasa den astean, eta LABek jakin berri du kaleratu egin dituztela.

Hau onartezina da. Langileek beren eskubideak bete daitezen ohiko bideak hartu dituzte, eta enpresaren zuzendaritzak, Basauritik, kaleratzeko agindua eman du. Jarrera horrek, antisindikala eta antidemokratikoa izateaz aparte, oinarrizko joko arau guztiak apurtzea esan nahi du. Edozein urratze onartu behar al dute langileek? Ezin al dute, bada, dagokien ezer eskatu? Enpresa urtarriletik da egoeraren jakitun, Gasteizen behintzat. Kaleratze erabakia guztiz gehiegizkoa da.

Genozidioarekin kolaboratzeagatik ikertua izaten ari den enpresako buruak, aste honetan Euskal Herriko pertsona aberatsenen zerrendan sartu denak, bere aberastasuna langileon lan eskubideen bizkar egin du. Noiz arte jarraituko dute zuritzen Jaurlaritzatik pertsonaia hau? Agerikoa da nola lortu duen bere aberastasuna metatzea.

LABek argi du ekintza sindikalaren bitartez erantzun behar dela. Kaleratuak berronartuak izan behar dira, eta jazarpen sindikala amaitu behar da. Komitearen baitan, elkarlanean, tamainako erantzuna proposatuko du LABek.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Osakidetzako langileek irmoki erantzun diote greba deialdiari, eta kaleak bete dituzte lehenengo greba egunean

Eguerdiko manifestazioek milaka pertsona bildu dituzte, osasun zerbitzuko kategoria guztietako beharginak eta osasungintza publikoa babesteko herri plataformetako kideak eta herritarrak barne.

Osakidetzako grebaren baitan Osasun Sailean eserialdia egin dugu

Bilboko egoitzan ekimena egin dugu goizean, eta Alberto Martinez sailburuari eskutitza helarazi ahal izan diote haren idazkariaren bitartez. Greba eguna oso arrakastatsua izaten ari da....

Nafarroako administrazioko langile guztiek 60 urterekin erretiroa hartu ahal izatea eskatu dugu

Gaur goizean LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du Nafarroako Jauregiaren aurrean, urtarriletik aurrera langileok enegarren eskubide-igalera pairatuko dugula salatzeko: erretiro adin arrunta 67 urtera atzeratzea....