2026-01-31
HomeLAB SindikatuaGasteizko Gobernuak patronalaren tesiak defenda ez ditzala eskatu diogu Idoia Mendiari

Gasteizko Gobernuak patronalaren tesiak defenda ez ditzala eskatu diogu Idoia Mendiari

LABeko idazkari nagusi GarbiƱe Aranburuk eta Negoziazio Kolektiboko eta Ekintza Sindikaleko idazkari Xabier Ugartemendiak Gasteizko Gobernuko Lan eta Enplegu sailburu berri Idoia Mendiarekin izandako bileran, berretsi dugu LAB ez dagoela sistema kapitalista berreraikitzeko. Gure apustua beste eredu baterantz joatea da. Trantsizio ekosozialista eta feminista bat behar dugu. Beste eredu baterako bidean, lau multzo nagusitan egin ditugu proposamenak: enplegua, zerbitzu publikoak, gizarte-babesa eta fiskalitatea.

Enplegu integraleko plan baterako LABen proposamena helarazi diegu. Plan horrek lan-erreformak indargabetu behar ditu, eta enpleguaren suntsipena geldiarazteko eta enplegua duintzeko neurri zehatzak hartu. Patronalaren tesien aurkako jarrera argia har dezaten esan diegu, soldata edo enplegua artean aukeratzera eraman nahi baigaituzte. Enpleguari eusteko ez dira soldatak jaitsi behar.

Zerbitzu publikoak indartzeko beharra planteatu dugu. Hezkuntzan, osasunean eta azpikontratetan mobilizatzen ari diren langileen eskaerei erantzuten hasita. Lehentasunezkoa da, halaber, egoitzetan bizi den egoera larriari erantzutea. Horretarako, langile gehiago kontratatu eta ratioak jaitsi behar dira, pribatizatu diren zerbitzuak publifikatu behar dira; azken batean, inbertsio handiagoa behar da. Hori aurrekontuetan islatu beharko litzateke.

DSBEren erreforma ere egiteke dago eta planteatu dugu atzera bota behar direla azken urteotako murrizketa guztiak eta babes sozialeko esparru guztietan estaldura sistema zabaltzea.

Fiskalitateari buruz ere hitz egin behar da. Gure proposamena helarazi diegu Enplegu Saileko ordezkariei. Honek, diru gehiago eta modu progresiboagoan biltzeko 4 neurri planteatzen ditu.

Aranburuk gaineratu du, ā€œbileratik ateratzen dugu ondorioa da gutxi aldatuko dela edo ez dela ezer aldatukoā€. Batetik adierazi du ez dugula aldaketarik ikusten politika publikoen norabidean, Eusko Jaurlaritza eta CONFEBASKek osatutako tandemak funtzionatzen jarraituko du. Gainera, ā€œLan eta Enplegu Saila Madrilgo sukurtsal bat izango da. Herritarrei bizitza duina bermatuko dieten politikak egiteko errotikoak diren gaietan erabaki behar da, hala nola lan harremanak edo babes soziala. Baina ez dago borondate politikorik Lan Harremanak eta Babes Sozialerako Esparru Propiorantz aurrera egitekoā€, adierazi du.

Amaitzeko, gaineratu du langileen gehiengoaren eskariak kontuan hartu gabe jarraitu nahi dutela gobernatzeko, elkarrizketa sozialaren esparruari eusteko apustu argia eginez. ā€œProposatu ditugun gaien inguruan hitz egiteko prest gaudela adierazi dugu, baina elkarrizketa sozialaren mahaia ez da horretarako egokia. Edukiz hutsik dagoen esparrua da, eta gehiengo sindikalak errespetatzen ez dituena. Elkarrizketa sozialaren iruzur horretan parte hartuko ez dugula berresten duguā€.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EstaƱos Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako EstaƱos Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...

Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean mobilizatu da LAB, milaka herritar etxegabetze arriskuan jarrita Madrilen ā€œezkutu sozialaā€ bertan behera utzi dutela salatzekoĀ 

Langileon aldeko politikak, Madrilek inposatu beharrean, Euskal Herrian hartzearen beharra aldarrikatu du LABek Bilbon; hala nola, etxegabetzeak geldiarazteko neurriak, pentsio justu eta duinak bermatzea...

LABek adierazten du Udalen sektorerako Udalhitz hitzarmeneko negoziazio mahaia deitu gabe eta blokeatuta dagoela azaroaren 7az geroztik

Udalhitzen blokeoa gainditzeko otsailean hasiko den mobilizazio dinamika bati ekingo dio LABek Urte bat igaro da EUDELen zuzendaritzak sektoreko sindikatuoi dei egin zigunetik eta mahai...