2026-01-21
HomeEkintza PolitikoaGarbiñe Aranburu: "Gure apustua eraldaketarako bide soberanista elikatuko duen mobilizazio ziklo berri...

Garbiñe Aranburu: “Gure apustua eraldaketarako bide soberanista elikatuko duen mobilizazio ziklo berri bat abian jartzea da”

Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak hitza hartu du ELA sindikatuaren XV. Kongresuan, eta bere hitzartzean burujabetzaren aldeko konpromisoa praktikara eraman behar dela adierazi du: “Bide soberanista elikatu egin behar da, independentismoaren oinarria zabaldu eta estatuen aurrean indar korrelazioak hobetu. Eta hori ezin da egin aktibazio sozialik gabe”.

Garai berezia bizi dugula berretsi du LABeko idazkari nagusiak, langileon lan eta bizi baldintzetan eragina izango duten erabakiak hartzen ari direlako. Euskal sindikalismo independentista erronka handiak dituen ziklo berri batean murgiltzen ari garela berretsi du.

Garbiñe Aranbururen esanetan, “ez dago bizitza duinik, ez dago euskal feminismorik, ez dago euskal sozialismorik, estatu egiturak izan gabe. Euskal Errepublika sozialista, feminista eta euskalduna da gure apustua. Asko dago borrokatzeko, hobetzeko, irabazteko. Langileon lan eta bizi baldintzak hobetu nahi ditugu, Euskal Errepublika dugu ortzimugan eta bidea eraldaketa sozialerako burujabetza prozesua da. LABentzat zentralitate betea duen borroka izan da eta izango da aurrerantzean ere”.

LABeko idazkari nagusiak nabarmendu bezala, “gure apustua eraldaketarako bide soberanista elikatuko duen mobilizazio ziklo berri bat abian jartzea da. Ez dugu kritikara mugatu nahi, ez dugu euskal langileak ordezkatuak ez gauden Elkarrizketa Sozial guneetan hartzen diren erabakien zain egon nahi. Eragin egin nahi dugu, langileon lan eta bizi baldintzak Euskal Herrian erabakitzeko. Eragin egin nahi dugu lan eta pentsio erreformak indargabetzeko, eragin murrizketa berriei ateak ixteko, eragin zerbitzu publikoak sendotzeko, eragin zaintza sistema publikoa sortzeko, eragin zuriketa berdearen aurrean ekosozialismoan aurrera egiteko”.

Bide soberanista horrek begi bat Madrilen egosten ari den horretan jartzea eskatzen digu, “baina bi hankak Euskal Herrian ongi sustraituak izango dituen aktibazio garai berri bat beharrezkoa da; autonomoak gara, konfrontazio demokratikoaren bidetik, burujabetzan aurrera egiteko; autonomoak gara eragile politikoak interpelatzeko; autonomoak, alderdien logika politikoaren menpe egon gabe, burujabetza maila handiagoa eskuratzeko ekarpena eta borroka egiteko. Eta hau nola egin? Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua eraikitzeko, euskal esparru soziokonomikoa eraikitzeko, proposamenak eta borroka eginez”.

Garbiñe Aranbururen arabera, “LABen argi dugu: bide hau urratzen jarraituko dugu. Gustatuko litzaiguke elkarrekin izatea, guk bide hau ELArekin batera egin nahi dugu. ELArekin eta CIG edota Intersindikala moduko estaturik gabeko nazioetako beste sindikatu soberanista guztiekin batera. Euskal langileok asko dugu jokoan, asko dugu borrokatzeko eta asko dugu irabazteko”.

Hau guztia esanda, abenduaren 1eko mobilizazio egunean elkar ikusiko dugula adierazi die ELAko biltzarkideei.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Iruñeko Udalak azpikontratatutako enpresetako lorezainek greba deitu dute datorren asterako

Iruñeko Udalak lorezaintza zerbitzurako azpikontratatutako OHL Ingesan, Eulen eta Tasubinsa enpresetako langileek greba eta mobilizazio astea hasiko dute urtarrilaren 26an, astelehena, lan hobekuntzak eskatzeko. LAB,...

Hazten eta Sortulekuko langileek berriro salatu dute Foru Aldundiaren titulartasuneko haurren eta zaurgarritasun-egoeran dauden seme-alabak dituzten emakumeen zerbitzuetako kaosa

Gaur goizean, 2026ko urtarrilaren 20an, Gorka Urtaran Gizarte Politiken foru diputatuarekin eta Aldundiko eremu horretako lantaldearekin egindako bileraren ostean, joan den asteartean mobilizazio-egutegiari ekin...

Bilboko epaitegietan elkarretaratzea egin dugu gaur, Greba Amaierako Akordioan sinatutako eskola-ordu murrizketa etapa guztietan bete dadila exijitzeko

Gizarte Ekimeneko ikastetxe guztiei eta patronalei exijitzen diegu etapa guztietan eskola-ordu bateko murrizketa bete dezatela, lan pertsonalerako 5.ordu osagarria izatea, Greba Amaierako Akordioan (GAA)...