2026-03-18
HomeEkintza PolitikoaGarbiñe Aranburu: "Ez gaituzte bidetik aterako; jarraituko dugu eredu sindikal feminista borrokalaria...

Garbiñe Aranburu: “Ez gaituzte bidetik aterako; jarraituko dugu eredu sindikal feminista borrokalaria praktikara eramaten”

Iruñeko kaleak hartu ditugu, aste honetan izandako atxiloketak salatzeko, “Borroka sindikal feminista aurrera. El sindicalismo combativo no es delito” leloarekin. Gabiñe Aranburu idazkari nagusiak gogor salatu ditu egunotako gertakariak, asteartean atxilotuetako bi delegatu ondoan zituela: “Injustizia baten isla diren langileak delitu egile bezala tratatzen dituzte, eta, berriz, delitua egiten duen patronala, indarkeria aplikatzen duen patronala, zigor gabe geratzen da”.

Garbiñe Aranburun hitzetan, aste honetako polizia operazioa “eraso argi bat izan da kontrabotere sindikalgintzaren kontra; bereziki, eredu sindikal feminista praktikatzen duen LAB sindikatuaren aurka. Demokrazian ez garela bizi begibistan geratu da; sistema kapitalista demokratikoa ez dela, alegia. Gero eta botere gehiago pilatzen da esku gutxietan, gero eta irabazi gehiago, eta patronala harroputz agertzen zaigu, batez ere bere burua zigor gabe ikusten duelako. Estatuko aparatuak, izan legegile, judizial edo polizial, bere zerbitzura ditu, eta horrek zigorgabetasun hori ematen dio patronalari”.

Idazkari nagusiaren arabera, “bizitzen ari garena mundua aldrebes moduan ikusten dugu. Injustizia baten isla diren langileak delitu egile bezala tratatzen dituzte, eta, berriz, delitua egiten duen patronala, indarkeria aplikatzen duen patronala, zigor gabe geratzen da. Borroka sindikala ez da delitua, baina bai da delitua prebentzio neurriak ez betetzea, esaterako; honengatik, hainbat langile hil egin ohi dira lan istripuetan, eta horren aurrean inoiz ez dugu ikusi patronaleko kideren bat komisaldegian gaua pasa behar izan duenik”.

LABeko arduradunaren esanetan, “ez da kasualitatea ezta ere emakumeen egoera ikustarazteko eta prekaritate egoera horiek salatzeko eta borrokatzeko ekintza baten ondorioz izatea atxiloketak. Patronalak oso argi daki arazo larri baten aurrean egon daitekeela emakumeok ahalduntzen bagara, antolatzen bagara, gure eskubideen alde borrokara irtetzen bagara, eta horretan ari gara. Hori mozteko saiakera argi bat izan da aste honetakoa”.

Era berean, azpimarratu du atxiloketekin bidali nahi izan den mezua ez dela bakarrik LAB sindikatuari helarazitako mezu bat, “ezarritako eredu honen aurka doan edonoren kontrako mezu bat dela iritzi dugu; protesta sindikal eta sozialaren aurkako eskala errepresiboan urrats berri bat eman da. Ikusi dugu, azken egunetan, enpleguaren defentsan ari diren langileak nola jipoitzen dituen poliziak, euren eskubideen alde kalean diren ostalariak nola jipoitzen dituen. Mezu argi bat bidali nahi izan digute, baina guk oso argi dugu: ez gaituzte gure bidetik aterako, ez gaituzte kikilduko, ez dugu obedientziarik egingo. Jarraituko dugu LABen kontrabotere sindikalgintzarekin aurrera, jarraituko dugu eredu sindikal feminista borrokalaria praktikara eramaten”.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Hainbat kilometro erosi ditu LABek, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatua indartzera dei egiten die LABek euskal langileei.

LABek burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa eskatzen ditu lan eta bizi baldintza duinak hemen ziurtatzeko

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) ezohiko bilera egin du Irango gerrak Nafarroan izan duen eragina aztertzeko eta maila ekonomiko eta sozialean izan dituen ondorioak...

LGS propio baten aldeko jendartearen aldarriak gobernuak eta patronalak behartu behar ditu aurrera egitera, berehala ezar dadin

Grebaren arrakastak eta mobilizazio masiboek erakusten dute euskal jendarteak ez duela amore emango 1.500 euroen aldarrikapenean. LAB, ELA, Steilas, Etxalde eta Hiru, M17aren ondoren: “Gaur atzo baino indartsuagoak gara, ez gara geratuko helburua lortu arte”.