2024-04-26
HomeEkintza SindikalaGarbiketetako sindikatuok Nafarroako Gobernuak ezarritako gutxieneko zerbitzuak salatu ditugu, ia %100ekoak baitira

Garbiketetako sindikatuok Nafarroako Gobernuak ezarritako gutxieneko zerbitzuak salatu ditugu, ia %100ekoak baitira

Bortz sindikatuetako Garbiketa ataleko arduradunak Nafarroako Parlamentuaren parean agertu gara, grebaren bezperan, Nafarroako Gobernuak ezarritako gutxieneko zerbitzuak salatzeko. Izan ere, zerbitzu horiek gehiegizkoak dira, kasu askotan ia %100koak baitira. Garbiketen greba apirilaren 13tik 16era eginen da, biak barne.

LAB, CCOO, ELA, UGT eta Solidari sindikatuok salatu dugu Nafarroako Gobernuak goitik behera aldatu dituela apirilaren 6ko 82/2021 Foru Aginduan argitaratuta zituen gutxieneko zerbitzuak, eta “akats” onartezinak aitzakiatzat hartuta. Orain, Gobernuak ia %100eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu Ekonomia eta Ogasunean, Hezkuntzan edo Osasun departamentuan, baita gaur egun garbitzen ez diren edo itxita dauden eraikinetan ere. Nola azaltzen da udal bateko garbitzaile batek greba egitea eta museo batekoak eskubide hori ez izatea? Sindikatuok oso larritzat jotzen ditugu azken inposizio horiek, Nafarroako Gobernuak azpikontrataturiko langileei grebarako oinarrizko eskubidea kentzen baitiete.

“Ezin da izan progresista eta berdintasunaren defendatzailea deitzen den Gobernuak gobernu horren bulegoetarako zerbitzuak ematen dituzten milaka langileren greba-eskubidea praktikan jartzea eragoztea”, adierazi dugu sindikatuon ordezkariok. “Sinbolismoetatik urruti, adierazpenetatik urruti, Nafarroako Gobernuak, ekintzen bidez, patronalaren alde jartzea erabaki du”.

Sindikatuon ordezkarion arabera, horrela ez da berdintasuna defendatzen. “Sektore feminizatua gara, lanaldi partzialekoa, eta, gainera, orain, Nafarroako Gobernuak grebarako dugun oinarrizko eskubidea erabiltzea galarazten digu, sindikatu guztiek deitutako greba eta gure hitzarmena eta lan-baldintzak hobetzeko helburu duen greba batean. Hori dela eta, bateraezinak iruditzen zaizkigu Gobernua berdintasunarekin konprometituta daudela dioten mezuak, eta grebarako eskubidea kentzea soldata arrakala eta genero-diskriminazioa bukatzea bilatzen duten langileei”.

“Garbitzaileak funtsezkoak gara”, berretsi dugu sindikalistok. “Eta gure hitzarmena funtsezkoa ere badenez, Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu berehala zuzentzeko gehiegizko gutxieneko zerbitzu horiek, eta grebarako eskubidea erabiltzeko aukera emateko”.

Azkenik, LAB, CCOO, ELA, UGT eta Solidari sindikatuok jakinarazi nahi izan dugu sektoreko 62 enpresaren ordezkari sindikalek bat egin dutela bihar, apirilak 13, 11:00etan, Iruñeko Gurutze plazatik aterako den manifestazioarekin.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Euskara baztertzailetzat jo eta hizkuntzaren normalizazio prozesua kolpatzen duen enegarren epaia

Euskal administrazioa euskalduntzeko prozesuaren aurka pairatzen ari garen oldarraldiaren barruko epai berri bat ezagutu dugu. Kasu honetan, Donostiako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiak Eibarko udaltzain lanpostu baterako euskara-eskakizuna frogatu beharretik salbuetsi ditu hautagaiak ezohiko egonkortze deialdi batean, hautagaietako batek jarritako helegitea partzialki onartuta.

Lan osasuna bermatzeko prebentzioa jorratzea premiazkoa dela aldarrikatu dugu sindikatuok

Gaur, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunaren bezperetan gauden honetan, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde, HIRU eta CGT (Nafarroan) sindikatuok osatzen dugun intersindikalak irmoki salatu dugu langileok gure osasuna jokoan ipintzen dugula, bizitza duin baterako diru sarrera nahikorik bermatzen ez duten enpleguetan.

Nafarroako Arartekoak Hezkuntzari gomendatu dio Lanbide Heziketan diharduten PTak ere “saritu” ditzala

LABek eskatuta, Patxi Verak zuzentzen duen erakundeak Hezkuntzari eskatu dio beharrezko neurriak har ditzala Lanbide Heziketako PTei ere aplikatzeko DBHra atxikita daudenek jasotzen duten soldataren %5,45eko osagarria.