2026-02-02
HomeEkintza PolitikoaEzker independentismotik krisi ekosozialari eman beharreko erantzunaz aritu gara EH Bildurekin

Ezker independentismotik krisi ekosozialari eman beharreko erantzunaz aritu gara EH Bildurekin

LAB sindikatuak eta EH Bilduk bilera egin dugu gaur Gasteizen, Euskal Herriko egoera sozioekonomikoa aztertu eta eman beharreko erantzunaz aritzeko. Honako hauek osatu dute LABen ordezkaritza: Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorra, Izaskun Garcia antolakuntza arduraduna, Endika Perez Ekintza Sozialeko arduraduna eta Imanol Karrera Nafarroako bozeramailea.

Bi aldeak bat etorri gara ezker independentismoak krisi ekosozialari aurre egiteko Euskal Herritik Euskal Herrirako iniziatibak hartzearen garrantzian, areago ikusita 78ko Erregimenak eta alderdi politiko sistemikoek ez dutela eredu sozioekonomikoa aldatu eta ez dutela langileen aldeko politika publikoak sustatzeko ez gaitasunik, ezta borondaterik ere.

LABen iritziz, borroka sindikal eta sozialak ezinbestekoak dira langileen aldeko lorpen zehatzak eskuratzeko, eta Euskal Herrian sakoneko eredu aldaketa baterako baldintzak sortzeko ere bai. Era berean, aldaketa politikoak beharrezkoak dira euskal langileen egoerari egiturazko erantzunak emateko, bi zentzutan: batetik, egungo eskumenak baliatuta bestelako politika publikoak indarrean jarriz; eta bestetik, afera sozioekonomikoen inguruan erabakiak hartzeko euskal instituzio eta eragileen ahalmena handituz.

Ildo honetan, TRANTSIZIO EKOSOZIALISTA FEMINISTARAKO eta ONDASUNAREN BANAKETArako LABen proposamena aurkeztu diete sindikatuko arduradunek EH Bilduko ordezkariei. Lau atal ditu proposamenak:

Lehenik eta behin, enplegu, zaintza lanak eta aberastasunaren bidezko banaketa, hala enplegu politikaren bidez (besteak beste, 1.400 euroko gutxieneko soldata ezarri, erosmen ahalmena bermatu, arrakala ororekin amaitu eta 30 orduko lanaldia ezarriz) nola zerga politikaren bidez (Kapital Errenten eta Elkarteen gaineko zergak indartuz).

Bigarrenik, herritar orori zerbitzu publikoak eta oinarrizko eskubideak bermatzeko neurriak, hala nola, osasuna, zaintza, garraioa, etxebizitza, pentsioa edota energia. Eremu hauetan esku hartze publiko sendoa eskatu dugu, oligopolioen mesederako pribatizazio politika ororekin amaituz.

Hirugarrenik, Patronalari negozioa egiten ahalbidetuko dion “kapitalismo berdea”ren iruzurraren ordez, langileon parte hartzearekin bideratutako trantsizio ekosozialista abian jartzea eskatzen dugu. “Gehien kontsumitzen dutenek gehiago murriztu beharko dute euren kontsumoa” da puntu honetan goiburu nagusia.

Azkenik, euskal instituzioek dituzten eskumenak erabiltzearekin batera, estatu tresnak eskuratzeko premia nabarmentzen dugu, hala nola, Euskal Gizarte Segurantza edota Euskal Lan Kodea.

LABen proposamenaz ez ezik, EH Bilduk aurkeztu duen Ongizate Itunerako Proposamenaren inguruan ere aritu gara eta sindikatuaren iritzia helarazi diegu. EHBilduk eta LABek defendatzen ditugun neurrien artean, ondasunaren banaketaren beharraz, krisi ekologikoari eman beharreko erantzunaz, zerbitzu publiko sendoen beharraz edo zaintzaren garrantziaz aritu gara. Laburbilduz, eragile bakoitzak bere aldarrikapen propioak dituen arren, bat etorri gara krisi testuinguru honetan errotiko aldaketak behar direla esaterakoan, eta adostasunak agerikoak izan dira, aktibazioa sozialaren garrantzia eta ezinbestekotasuna nabarmentzerakoan ere.

Eragile bakoitzaren ikuspegi eta ildo propioa aintzat hartuta, eta zenbait gaietan jarrera desberdinak izanda ere, bat gatoz, beraz, —eta horrela baieztatu ahal izan dugun bileran— Euskal Herriko esparru sindikalaren, sozialaren eta politikoaren artean sinergiak elikatzea, ortzimuga komun bat irudikatzea eta Euskal Herrian trantsizio ekosozialista eta feminista baterako ibilbide partekatua sustatzea beharrezkoa dela diogunean.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...

Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean mobilizatu da LAB, milaka herritar etxegabetze arriskuan jarrita Madrilen “ezkutu soziala” bertan behera utzi dutela salatzeko 

Langileon aldeko politikak, Madrilek inposatu beharrean, Euskal Herrian hartzearen beharra aldarrikatu du LABek Bilbon; hala nola, etxegabetzeak geldiarazteko neurriak, pentsio justu eta duinak bermatzea...

LABek adierazten du Udalen sektorerako Udalhitz hitzarmeneko negoziazio mahaia deitu gabe eta blokeatuta dagoela azaroaren 7az geroztik

Udalhitzen blokeoa gainditzeko otsailean hasiko den mobilizazio dinamika bati ekingo dio LABek Urte bat igaro da EUDELen zuzendaritzak sektoreko sindikatuoi dei egin zigunetik eta mahai...