2026-03-21
HomeEkintza PolitikoaEuskararen aurkako epaiei aurre egiteko, administrazioaren euskalduntzea babesteko araubide egokia exijitzen du...

Euskararen aurkako epaiei aurre egiteko, administrazioaren euskalduntzea babesteko araubide egokia exijitzen du LABek

Beste behin, euskal administrazio baten lan-deialdi baten aurkako beste epai baten berri izan dugu. Oraingoan udal idazkari bitartekoen lan-poltsa osatzeko Eusko Jaurlaritzaren prozesu batean eskatutako hizkuntza-eskakizunen aurkakoa izan da, aurrez Gasteizko epaitegi batek norabide horretan hartutako epaia bigarren instantzian berretsiz. EAEko Auzitegi Nagusiak administrazioaren euskalduntzearen aurka argitaratzen ari den epaien segida luzean beste pauso bat eman du, eta euskaldunon hizkuntza-eskubideen aurkako oldarraldi judizialean urtats bat gehiago egin.

Ebazpen honek udaletan euskararen normalizazioa sustatzeko hamarkadatan egindako lana kolokan jar dezake, beraien funtzioa dela-eta udal-idazkarien figurak udaletako hizkuntza-ohituretan duten garrantzia ikusirik. Beraz, ondorio kezkagarriak izan ditzakeen erabaki salagarria da, LABen iritziz. Ezinezkoa izango da udaletan euskara normalizatzea langileak euskaldun izan ezean. Zentzu horretan, bereziki iraingarria eta salagarria da epaiak adierazten duen euskararen eskakizuna “zeharo baztergarria” denaren baieztapena.

Epai-segida luze batean beste bat gehiago izanagatik, euskaldunok eta eragile euskaltzaleok ezin gara etsipenean erori. Hori ere bada sektore euskarafoboek bilatzen dutena. Epaiak bata bestearen atzetik ebatzita, gu etsitu eta euskararen normalizazio-prozesua gerarazi nahi dute, prozesu horren motor nagusietakoa izan den administrazioaren euskalduntzea jomugan hartuta, une honetan.

Horregatik, “aski da!” ozen oihukatzeko unea da, LABen ustez. Euskaltzaleok aktibatu eta euskararen eta gure hizkuntza-eskubideen defentsan irmo azaldu behar gara, beste behin. Era berean, administrazioan euskararen normalizazio osoa erdiesteko prozesua legez babesteko araubide egokia onartzea exijitzen die LABek alderdi politikoei eta instituzioei. Araubide berri egokia onartu ezean, administrazioaren euskalduntzeak epaitegien jopuntuan egoten jarraituko du, egoera guztiz zaurgarrian. Prozesu horri ziurtasun juridikoa ematea ez da etorriko epaitegiek ezarritako euskalduntzearen aurkako jurisprudentzia itogarria onartzetik; alderantziz, ziurtasun juridikoa lege-babes berri egokia onartzetik etorriko da.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Martxoak 21. Arraza diskriminazioaren aurka indar guztiz borroka egitera dei egiten du LABek

Ez dadila egun arrunt bat izan. Balio dezala, benetan, egiteke (asko) dauzkagun batzuetan aurrera egiteko. Erakunde sindikal gisa, LAB, olagarroaren beste tentakulu bat izan gaitezke edo, aitzitik, gure indar guztiekin haren aurka borrokatu.

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Hainbat kilometro erosi ditu LABek, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatua indartzera dei egiten die LABek euskal langileei.

LABek burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa eskatzen ditu lan eta bizi baldintza duinak hemen ziurtatzeko

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) ezohiko bilera egin du Irango gerrak Nafarroan izan duen eragina aztertzeko eta maila ekonomiko eta sozialean izan dituen ondorioak...