2026-06-30
HomeEkintza SozialaAHT Gelditu Nafarroa eta LAB sindikatuaren ordezkaritza batek Nafarroako Parlamentuari azaldu dizkio...

AHT Gelditu Nafarroa eta LAB sindikatuaren ordezkaritza batek Nafarroako Parlamentuari azaldu dizkio AHTko obretan ematen diren muturreko prekaritate egoerak

PSNren gobernuari dei egin diote NOPLOIko kontseiluaren bidez koordinatu ditzan lan ikuskaritzarekin ofiziozko bisitak, non bai gauez ala egunez ikuskaketak egingo diren lan baldintzak zaintzeko.

Asteazken honetan, martxoaren 12an, AHT Gelditu eta LABeko kideek Nafarroako Parlamentuaren Lurralde Kohesioko Batzordearen lan saio batean parte hartu dute AHTko langileen muturreko lan baldintzen berri emateko. Tafallako Monte Planoko tunelean emandako esplotazioaren berri hiru langileren testigantza zuzenen bidez eman dute. Aipatu dituztenen artean daude ordaindu gabeko aparteko ordu masiboak (gainera lan orduen erregistrorik gabe), babes ekipoen gabezia, tresna eza eta legez kanpoko makineria kutsakorra, formakuntza falta, tratu txarra eta arrazakeria, langileen arteko eskubide arrakala, lanaldiari eutsi ahal izateko drogen kontsumoa eta honen guztiaren ondoriozko istripuak sarri gertatzea, batzuetan heriotzerainokoak izanda.

Horrez gain bestelako hainbat irregulartasunen berri eman dute, isuriak bertan lurperatzea edota materialekin iruzur egitea, adibidez. Kontatutakoa AHTaren beste tarteetako langileen egoeraren oso antzekoa da, eta AHTaren izaerari berari estuki lotuta doan ezaugarria dela nabarmendu dute. Lurraren eta herritarren zapalketa eragiten duen jendarte eredu bera baita lan esplotazioa sustatzen duena.

Lan esplotazioaren berri izan dezaten, langileetako baten testigantza tarteak jasotzen dituen bideoa eraman dute eta testigantzetako baten transkipzioa talde politiko bakoitzeko ordezkariei banatu diete.

Honela, AHTa babesten duten alderdiek zalantzan ipini dute salaketa bera, negazionismo ariketa bat eginez. Dena den, lan ikuskaritzan erregistratutako espedientea batzordean bertan erakutsi ostean diskurtsoa egokitu behar izan dute, delituak baleude zigortuak izan daitezela esanez.

Agerraldia deitu duten EH Bildu eta Contigo-Zurekin izan dira agertu den egoerarekin elkartasuna adierazi duten bakarrak.

Argi geratu da AHTko obretan ematen den azpikontratazioak langile migratuak baliatzen dituela. Langile hauek ez daude sindikalizatuta eta honek kontrol sindikaletik kanpo uzten ditu lanak, enpresei inpunitate eremu bat eskainiaz. Era berean, kontrol administratiboa ere oso mugatua da eta ez da ofiziozko ikuskaritzarik egiten, ez gauez ez egunez.

Honela, martxan dauden lanetan, NOPLOI eta lan ikuskaritzaren koordinazioarekin, enpresei jakinarazi gabeko gau eta eguneko ikuskaritzak egin daitezen eskatu dute, Nafarroako Gobernuak bere ardurari erantzun diezaion. Argi utzi dute, bestalde, AHTa geratzea dela irtenbide bakarra. Gainera, Nafarroako mugikortasunaren inguruko neurriak har daitezela eskatu dute, ingurumena eta langileon eskubideak bermatuko dituena, erabakiak kapitalaren atzaparretatik ateraz.

LABek AHTko obren inguruko lan osasun gabeziak eramango ditu datorren NOPLOIren kontseilura.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Maderas de Llodioko enpresa batzordeak eta Garnica enpresak akordioa erdietsi dute 284 greba egunen ostean gatazkari amaiera emateko

Gaur, ekainak 29, Maderas de Llodioko langileek eta enpresa batzordeak Laudioko Herriko plazan agerraldia egin dute 283 greba egunetan zehar aurrera eramandako borrokaren balioa nabarmentzeko. Maderas de Llodion enplegua defendatzeko eginiko borroka izan da, baina baita Aiaraldea eskualde osoan lanaren eta industriaren etorkizuna defendatzekoa ere.

Salatzen dugu segregazio mahaiak ez duela balio izan eskola segregazioari aurre egiteko itun soziala lortzeko

EAEko Hezkuntza Sailak prozesua baliatu du Hezkuntza Legea legitimatzeko eta bere erabakien propaganda egiteko

Osakidetzako ESI guztietako lan osasun batzordeetan beroaren protokoloa garatzeko eskatu dugu

LAB sindikatutik Osakidetzari eskatu diogu lan osasunerako araudia bete eta bitarteko kolektiboak ipini ditzala beroaren arriskuari aurre egiteko, hala nola estres termikoari buruzko azterketak garatzeko. Osakidetzak langile eta erabiltzaileak babesteko bermeak eskaini behar ditu instalazio guztietan. Bistan da klima aldaketaren eraginez urtez urte areagotzen ari den arrisku horren aurrean egiturazko erabakiak hartu behar direla.