2026-08-01
HomeEkintza Soziala“Euskal oasian” ere badago ustelkeria

“Euskal oasian” ere badago ustelkeria

Hau ez da berria, Euskal Herrian ere beti egon da ustelkeria, erakunde ezberdinetan eta aukera politiko batzuen aldetik. De Miguel kasuan argi ikusten ari gara zigorraren inguruko akordioa adostua izango dela.

Kasuan zerikusia izan duten guztiek beraien ardurak ordaindu behar dituzte, eta lapurtu dutena bueltatu egin behar dute. Berdin gertatzen da dagoeneko epaituak dauden beste kasu batzuekin, Gipuzkoan Bravo, Kutxabankeko Cabiecesena, zein Euskal Herriko beste hainbat Udaletako ustelkeria kasuetan. Argi dago Euskal Herria ez dela salbuespena, eta Estatuan bezala, berton ere ustelkeria kasu gehiegi daukagula. Gure ustez, premiazkoa da hauetako ardurak argitzea, baita hauen atzean iskutatzen diren ardura politikoak ere. Beste behin, ardurak mugatu nahi dira. Atzo Fiskaltzaren eskaerak ezagutu genituen, zigor eskaerak erdira jaitsi dituzte, eta prozesuan zehar, Estatuak are gehiago murriztera joko du, ardurak izkutatuz eta lapurtutakoa itzultzera behartu gabe.

Ez dira PPren eskutik ematen diren Estatuko kasuak bakarrik. Euskal erakundeetan ere hainbat iruzur eta ustelkeria kasu badagoela ari gara ikusten, ikusten gaude bertoko politikarien eskutik egoera hau baliatuz. LAB kasu hauetariko batzutan Herri Akusazio modura aurkeztu da epaitegietan, gure nahia kasu guzti hauek argitzea eta ardurak ordaintzea delako, euskal herritarroi lapurtu diguten azken zentimoa ere bueltatuz.

Zoritxarrez, sarri askotan entzun diegu politikariei “tolerantzia zero ustelekin” baina geroko jarrera bestelakoa da, beste alde batera begiratu dute, eta beste kasu batzuetan, akusatuei aurpegia atera edo justifikatu egin dituzte. De Miguel kasuan nabarmenak dira horrelako praktikak. Horrelako kasuetan murgildurik dauden politikariek errudun gutxi batzuk jarri dituzte aurrean, eta beste asko, atzeko atetik atera dira, denok dakigunean ustelkeria bera erakundetan txertaturik dagoela.

Ezin ditugu ahaztu ustelkeriak zuzenean herritarrongan dauzkan ondorioak, beharrizan sozialetara bideratu beharko ziren baliabide ekonomikoek politikari jakin batzuen kontu korronteetan bukatzen baitute. Ordua da, lapurtu diguten azken zentimoa ere bueltatu diezaguten.

De Miguel kasua ez da isolatua, ezagutzen ari garenetatik beste bat da, eta arduradun zehatzak ditu. Erakundeak beraienak balira bezala kudeatzen dituzten horiek dira egoera hauen arduradunak, herriaren baliabide ekonomikoak eta erakundeak Batzokiak balira bezala kudeatu dituztenak.

Esandako guztiagatik eta sarri salatu dugun bezala, LABetik, ardurak argitzeko eman beharreko pausu guztiak ematea exijitzen dugu, bai arlo penalean, zein politikoan; lapurturiko guztia bueltatu dadila eta administrazio eredua goitik-behera aldatu dadila. Hau da iruzur hauei bukaera jartzeko modu bakarra.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto Martínez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.