2026-10-18
HomeZerbitzu PublikoakZerbitzu SoziokomunitarioaGipuzkoako Aldundiaren hitzak errealitatetik urrun daudela salatu dugu, Egogain egoitzaren egoera adibide

Gipuzkoako Aldundiaren hitzak errealitatetik urrun daudela salatu dugu, Egogain egoitzaren egoera adibide

Gipuzkoako Foru Aldundiko LABek salatu du aldundiak pribatizazio eta prekarietateranzko norabidea hartu duela, lan baldintzak kaltetuz eta instituzionalizaturik dauden pertsonarik zaurgarrienek merezi duten arretaren kalitatea erasatuz.

Hauxe da Gipuzkoako Foru Aldundiko LABen oharra:

EAJ-k agintzen duen Gipuzkoako Foru Aldundiak kanpora begira eman nahi duen irudia honako hau da: modernoa, garai berrietara egokitua, lurralde aurreratua, berdintasunarekin inplikatua, kontziliazioaren aldekoa, pertsona helburu,… bla, bla, bla. Bide horretan badu zer eginik ordea! Errealitatea deskribatzetik oso urrun dauden hitzak baitira. GFAk kudeatzen duen Egogaineko nagusien egoitza da honen adibide.

Egogain, Eibarren kokatzen den egoitza da, bertan pertsona nagusi, mendekotasun handia, adimen urritasuna eta gaixotasun mentalak dituzten pertsonak artatzen ditugu, guk, zaindu eta maitatu egiten ditugu, gehienek hemen egingo baitituzte beraien bizitzako azken urteak, behar duten bizi duina eta merezi duten kalitatezko arreta izan dezaten lanean dihardugu.

Aldundiaren azken urteetako jarrerarekin (Elena Basagoitik egindako adierazpenak horren adibide), aldundiak pribatizazio eta prekarietateranzko norabidea hartu du, zeinek eta bertan lan egiten dugunon lan baldintzak kaltetuz, instituzionalizaturik dauden pertsonarik zaurgarrienek merezi duten arretaren kalitatea erasaten duen.

Honen adibide dira; langileriaren etengabeko aldaketak, ratio desegokiak, lanpostuen desagerpenak, amortizazioak, CLECE azpikontratetako gaueko lankideei egiten zaien jazarpena (etengabe zigorrak ezarriz e.a.) eta baldintza prekarioak edo instalazio zaharkituak (GUREAK enpresako langileek ikustegian jasan dituzten tenperatura altuengatik berriki salatu dugun egoera) besteak beste.

Testuinguru honetan, berriki irekiko den Unitate psikogeriatrikoan (8. solairuan) gauden langile kopuru berdinarekin irekitzeko asmoa agertu dute, Langileoi inongo informaziorik eman gabe eta beldurrezko mezuak zabalduz.

Berdintasunari dagokionez, Egogaineko langileriaren kolektiboa osatzen dugun gehiengoa emakumezkoa izanik, Aldundiak arlo honetan zabalduriko mezuak propaganda hutsa direla iruditzen zaigu: batetik aldundiak berdintasunaren aldeko apustua egiten ari dela saltzen dio gizarteari; komunikabideetatik alegia, baina bestetik, aldundiko langile garen eta Egogainen lan egiten dugun emakumeok egoera guzti honen jomugan jartzen gaitu. Berdintasunaren mesedetan hedabideetan zabaldutako hitz horiek guztiak gezur hutsa besterik ez direla deritzogu. Kalean uso, etxean otso!

Honen adibide garbia da haurren zaintzagatik lanaldi murrizketa metatuak ukatu izana. Eta, era berean, gure kategoria profesionala “Erizain Laguntzaile” izatetik “Zaintzaile” izendapena izatera aldatzea.

Hau da, gure lana gutxietsi eta desprofesionalizatu egin du Aldundiak. Erizain Laguntzailearen funtzioak bete eta “Zaintzaile” izendapena jarriz. Gipuzkoako Foru Aldundiak ez bezala, Bizkaiko eta Arabako Aldundiek, “Erizain Laguntzaile” kategoria aitortzen die langileei guk egiten dugun lan berdina egiteagatik. Aldundia egoera honen jakitun aspaldi, baina eskaera historikoa den honi muzin egiten dio. Dagokigun izendapenaren onartzeak, egindako lanaren aitortza eta etorkizunerako garapen profesionalaren bermatzea ekarriko liguke. Kalitatezko zerbitzuaren mesederako.

Aurreko paragrafoan aipatutako honek, “Kabia”-ri ematen ari zaion ereduak eta gure etorkizun profesionalarekiko ezjakintasunak, garrantzia handia du Aldundiko langile izandako oso profesionalak diren lankideen joatea eragin duelako eta Egogain, azpikontraten negozio eta paradisu bilakatzea ahalbidetzen duelako.

EAJk gizarteari eslogan eta irudi politekin saltzen digun ereduaren atzean, “pertsona helburu” duen horretan, zaurgarritasun egoeran egon gaitezkeen edonori prekarietaterantz garamatza. LABen iritziz aurreko gai hauei irtenbidea eman behar zaie, zerbitzu publikoak garatuz, langileon baldintzak hobetuz eta pertsona zaurgarrienen kalitatezko arreta integrala bermatzeko. Guztiok zerbitzu hauen erabiltzaile izan gaitezke eta. Horregatik, LABetik gizarte eragile, langileria eta erabiltzaile diren senideei hastear dauden ekimenetan inplikatzea eskatzen dizugu.

Orain pertsonak, orain Egogain!

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Azaroaren 11n lantokiak hustu eta kaleak bete ditzagun dei egiten diegu euskal langileei

Euskal Herritik Euskal Herrirako greba orokorra izango da, bertako patronalei eta instituzioei pobretzearen eta errentismoaren kontrako neurriak eskatzeko.

Testak kaltetutako familiek iragarri dute euren etxebizitzetan geratuko direla kontratuak amaitzerakoan

LABek eta Testako maizterrek deitutako manifestazioak 2.000 lagun baino gehiago elkartu ditu, alokairu kontratuen amaieragatik mehatxatuta dauden 500 familia baino gehiagorentzat konponbidea eskatzeko. LABek...

Lanuzteak egingo dituzte Bizkaiko Foru Aldundiko eta GUFEko langileek urriaren 21ean, benetako negoziazioa eskatzeko

Urriaren 7ko asanbladan, 400 langile baino gehiagoren babesarekin eta aho batez, plantilla osoak mobilizazioetan beste urrats bat ematea erabaki zuen. Horregatik, urriaren 21ean hiru...