2024-04-26
HomeEkintza SindikalaEraikuntzako langile bat hil egin da Irunen, altueratik erorita

Eraikuntzako langile bat hil egin da Irunen, altueratik erorita

Beste lan-istripu hilgarri bat deitoratu eta salatu behar dugu, kasu honetan Irungo Arbes auzoan. 45 urteko X.L.L. eraikuntzako langilea altueratik erori da birgaitzeko lanetan ari zen eraikinean, hirugarren pisu batetik eta azpian zeuden langileak harrapatuz. Horietatik batek zauri arinak izan ditu besoan. Construcciones Arixu enpresakoa zen hildako langilea. Berriro ere beste istripu hilgarri bat eraikuntzaren eta birgaitzearen sektorean. LAB sindikatutik gure elkartasuna adierazi nahi diegu langilearen familiari, gertukoei eta langileei.

Egoera horren aurrean, norbaitek sinets al dezake kasualitatea edo zorte txarraren aurrean gaudenik? Administrazioei, lan-istripuen eta lanbide-gaixotasunen gaitz horri aurre egiteko azalpenak eta berehalako neurriak, kontrol handiagoa eta politika zehatzak eskatzen dizkiegu.

Hildako langile berri horrekin, gutxienez 5 langilek galdu dute bizia aurten Euskal Herrian, 2022tik 26 egun daramatzagunean, eta horietatik bi sektore honetakoak dira.

Erakundeei, azalpenak eta altuerako lanetarako plan espezifiko bat eskatzen dizkiegu eraikuntza eta birgaitze sektorean, beharrezko neurriak har daitezen eta benetako prebentzio-politikak egin ditzaten. Sektoreak eta langileek ezin dute egoera hau normaltzat ema,n ezta honetara ohitu ere.

Azkenik, dei egiten dugu hurrengo orduetan deitu ahal izango diren eta langileen segurtasuna eta osasuna defendatzea lehentasun izango duten salaketa-mobilizazioetan parte hartzera. Zentzu honetan, euskal gehiengo sindikalak astelehenean egingo du elkarretaratzea, Irunen.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enpresak Imegarreko grebalarien aurka erakutsitako jarrera onartezina salatu eta borrokaren zilegitasuna aldarrikatu dugu

Egun hauetan mobilizatzen aritu dira Imegarreko langileek, eta enpresari beren lankideak berriz onartzeko eta gatazka konpontzeko eskatu diote. Aldiz, enpresak, jarrera desafiatzailea eta mehatxagarria izan du. Behin baino gehiagotan, kontseiluko kideek aurre egin diete langileei, mehatxatu eta iraindu egin dituzte. Baina ez hori bakarrik; izan ere, salatu nahi dugu pikete batean parte hartzen zegoen LAB-eko kide bati salaketa jarri diotela, akusazio faltsupean. Horregatik, gaur, enpresak bere langileekiko eta langileei laguntzera joan diren pertsonekiko izan duen arduragabekeria publikoki salatu dugu.

Alex Aranzabalek egindako kudeaketa txarra salatu nahi dugu

Informazio-ohar honen bidez, azken hilabeteetan Aguirre y Aranzabal (AYA) enpresan eta Alex Aranzabal gerentearekin izandako gertakariak argitu nahi ditugu. Lehen pertsonan ikusi dugu nola igaro den denbora, eta nabarmenki gertatu da gainbehera kudeaketaren esparru guztietatik.

Bollera izatea, aske egiten gaituen erabakia. Askatasunez bizi nahi dugun erabakia. LANTOKIETAN ASKE!

Lesbiana izateagatik jazartuak eta zigortuak izatea oraindik orain gutako askok bizi dugun egoera da.