2026-10-02
HomeEkintza SindikalaErabateko jarraipena beste behin ere Mecanerren asteon deitutako greba egunetan

Erabateko jarraipena beste behin ere Mecanerren asteon deitutako greba egunetan

Urriaren 25eko eta 26ko lanuzteek plantilla osoaren babesa izan dute, eta beharginen ordezkariak Eusko Legebiltzarrean izan dira, alderdiekin bilera erronda egin eta konpromiso zehatzak hartzeko eskatu dietelarik.

Ikasturtea abiatzeaz bat jakinarazi zuen Stellantis multinazionalak Urdulizko Mecaner lantegi historikoa ixteko asmoa. Bada, orduz geroztik 6 greba egun egin dituzte langileek, guztiak ere erabateko jarraipenarekin. Asteon asteazken eta ostegunean atera dira kalera beharginak, eta ostegunekoan, hain zuzen, Gasteizko Legebiltzarrera hurbildu dira, bertan elkarretaratzea egiteaz gain, parlamentuan ordezkaritza duten alderdi guztiekin (VOXekin izan ezik) biltzeko.

Enpresaren erabakia plan estrategiko baten barruan dagoela nabarmendu beharra dago, deslokalizazio-prozesu bat egin eta Urdulizko lantegia ixtearen helburua argia baita: irabazi-marjinak handitu eta kostuak murriztea.

Aldiz, Mecaner enpresa bideragarria eta lehiakorra da. Azken urtean, 606.000 euro irabazi ditu Mecanerrek, eta 16.000 milioi baino gehiago Stellantis taldeak.

Beraz, itxiera ez legoke justifikatuta, eta ekarriko lituzkeen ondorio negatiboak sekulakoak dira, bai lanekoak, baita sozialak ere; izan ere, zuzeneko eta zeharkako enplegua suntsitzea lekarke.

Stellantis taldeak EEE bat egin nahi, eta Urdulizko instalaziotik alde egin nahi du. Hori dela eta, gobernuek ziurtatu behar dute jaso dituen diru laguntza publikoak itzuliko dituela.

Bada, enpresaren utzikeria eta zitalkeria ikusita, Mecanerreko langileok kanpoko adituen laguntzarekin txosten bat egingo dugu, bideragarritasun-plan bat, lantegiaren ixteko aukeraren aurrean alternatiba bat ekarriko duena, betiere ikuspegi ekosozialetik.

Horregatik, txosten horretan jasotako alternatibaren aurrean lankidetza eta babesa ere eskatu dugu. Kalean jarraituko dugu saretzen, elkartasuna hauspotzen, alternatibak eraikitzen eta batez ere oraina ta geroa borrokatzen.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAJk maizterren aurka eta errentismoaren alde egin du, birbanaketa politikei uko eginez eta eskuin muturrari atera irekiz

Espainiako Kongresuan etxebizitzari buruzko bi lege dekretuen bozketan errentisten interesekin lerratu dira EAJ eta UPN, eta LABetik mobilizazioak areagotzeko deia egiten dugu.

Migranteen egoera prekarioa azaleratzen dute langabeziaren datuek

Joan den hilabeteko argazki sozioekonomikoaren zantzuak ikusten jarraitzen dugu, langabeziak gora egin baitu azken hilabetearekin alderatuta, aurreko urteetan beti jaitsi izan denean. Beraz, 3.238 langabetu gehiago daude Hego Euskal Herrian, eta Erregimen Orokorrari dagokionez, 1.103.547 afiliatu iraileko azken egunean.

Basquevolt salatzen dugu lan-diskriminazio arrazista, matxista, morofobiko eta islamofobikoagatik

Apirilean, bere laborategietako batean leherketa bat gertatu eta egun batzuetara, Basquevolt enpresak bi langile kaleratu eta zigortu zituen arbitrarioki. LAB sindikatuarentzat, ekintza hori funtsik...