2026-10-02
HomeEkintza SindikalaErabateko arrakasta izan du kaleratutako lankidea berriz onartzea eskatzeko Amazonen kontrata batean...

Erabateko arrakasta izan du kaleratutako lankidea berriz onartzea eskatzeko Amazonen kontrata batean egindako lehen greba egunak

Gaurko, otsailaren 21erako eta 28rako deituta dauden hiru greba-egunen helburua honakoa da: langile baten kaleratzea eta Amazonen azpikontrata den E-BOX enpresa bere langileen aurka jartzen ari den zigorrak salatzea. Gaurko deialdia arrakastatsua izan da; izan ere, Amazonen jardueran eragina izan du, eta furgoneten irteera eta sarrera ordu eta erdi baino gehiagoz eten da, bai E-BOXen kontratarena, bai Amazonen gainerako kontratena.

Urtarrilaren 8an, E-BOX Last Milleko langileek hauteskunde sindikalak egin zituzten, eta LABen proiektu sindikalaren inguruan antolatzea erabaki zuten. Horren ondorioz, hainbat ekintza egin dira bai Lan Ikuskaritzan, bai epaitegietan, Amazonen azpikontrata honetako lan-baldintzak duintzeko.

Urtarrileko azken astean, enpresak oraindik ez zuen langileen erabakia onartzen, hau da, LAB izatea enpresan ordezkaritza sindikala duena eta bere plantillaren aurkako errepresio sindikal kanpaina hasi zuen. Amazonen enpresa azpikontaratatua ohartarazpenak eta enplegu eta soldata-zigorrak jartzen hasi zen, eta langile bat kaleratu zuen. Zehatutako langile guztiek, bai eta kaleratutako langileak ere, ekintza judizialak abiarazi zituzten aplikazio-hitzarmena aldatzeko, lan-baldintzak hobetzeko asmoz, eta enpresak, errepresio-neurri gisa, langileen zerrenda beltza egin zuen.

Amazonen azpikontratatutako enpresa langileak kaleratu eta zigorrak jartzen ari da, LABeko ordezkariarekin inolako harremanik izan gabe. Horren aurrean, LABen ordezkaritzak kaleratutako langilea berriz hartzeko eta zigorrak kentzeko eta elkarrizketak hasteko eskatu zion enpresari. Enpresak eskaerari jaramonik egin ez zionez, langileek greba egin dute gaur, eta beste horrenbeste egingo dute otsailaren 21ean eta 28an, kaleratutako lankidea berriz hartzeko eta zigorrak kentzea eskatzeko.

LAB sindikatuaren ustez, lan-gatazka horren erruduna E-BOX Last Mille enpresaren jarrera autoritarioa da, baina Amazon enpresa kontratistak ere badu erantzukizunaren zati bat, kontratetako langileen lan-baldintzez arduratzen ez delako. Amazonek Trapagaranen dituen kontratetako langileak LGS kobratzen ari dira eta eraginkortasun mugatuko hitzarmen bat aplikatzen diete. LABek, egoera horren aurrean, demandak jarri ditu kontrata honetan eta beste batzuetan, eta epaitegiak arrazoia ematen ari zaizkio. Adibidez, joan den ostegunean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak Vayven Deliveryren errekurtsoaren aurkako ebazpena eman eta berriro ere LABi eman zion arrazoia enpresa honen aurka hasitako gatazka kolektiboan. Honek esan nahi du du kontrata horrek Bizkaiko errepide bidezko garraioaren hitzarmena aplikatzen hasi behar duela, honela, besteak beste, langileek hilean 800 euro gehiago kobratuko dituzte.

Horregatik guztiagatik, E-BOX Last Mille eta Amazoni eskatzen diegu egoera bideratzeko eta kaleratutako lankidea lanpostura itzultzeko eta zigorrak kentzeko, bestela, kalean izango baikaituzte gure lanpostuak defendatzen datorren otsailaren 21ean eta 28an egingo diren bi greba-egunetan.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.