2024-04-26
HomeEkintza SindikalaSalatu dugu Xilema Fundazioak bost langile kaleratu dituela eta azpimarratu dugu Gobernuak...

Salatu dugu Xilema Fundazioak bost langile kaleratu dituela eta azpimarratu dugu Gobernuak egiten duen gizarte-zerbitzuen kudeaketa negargarriak sektorea prekarizatzen duela

Elkarretaratzea egin dugu gaur, Xilema fundazioaren Iruñeko egoitzaren aurrean, fundazio horrek adingabeen oinarrizko egoitza-harreretako hezitzaileen artean egin dituen bost kaleratzeak salatzeko. Gure iritziz, Nafarroako Gobernuak oraindik ez du kalitatezko arretarik bermatzen babesik gabe dauden adingabeei laguntzeko zerbitzuetan. Hori dela eta, diru publikoarekin erabat finantzatzen diren enpresa edo fundazioek arbitrariotasunez funtzionatzen dute, eta horrek ez du inola ere laguntzen plantillak egonkortzen.

Sektorean lan egiten dugunontzat, aski ezaguna da gaur egun Xilema Fundazioak kudeatzen duen adingabeen baldintza-agiria oso urria dela, esku-hartze zuzeneko profesionalen kopuruari dagokionez. Izan ere, Nafarroako Gobernua ez zen gai izan LAB sindikatuak helarazi zizkien eskaerak eta beharrak entzuteko.

Hala eta guztiz ere, Xilema Fundazioak erabaki zuen baldintza-agirien gainetik Oinarrizko Egoitza Harreretan arratsaldeetan laguntzeko hezitzaile bat sartzea, hau da, guztira bost pertsona. Orain, Xilema Fundazioak argudiatu du horrek gainkostu handia dakarkiola, eta ezin duela hori bere gain hartu, Gobernuak ez baititu figura horiek finantzatzen, beharrezkotzat jotzen badira ere.

Xilema Fundazioaren Zuzendaritzak arrazoi ekonomikoak argudiatu ditu, baina Enpresa Batzordeari arrazoi hori justifikatzen duen dokumentu objektiborik aurkeztu gabe eta Batzordeari zenbaki bakar bati buruzko informaziorik eman gabe; azken bi urteetan galerak izan dituztela baino ez dute adierazi, hitzez gainera. Horrek ez du justifikatzen bost lanposturen amortizazioa, ez horixe.

Xilemak dioenez, Gobernuak eskatzen zienaren gainetik jartzen aritu dira; jakina, diru nahikoa (publikoa, zergadun guztiena) Gobernuak injektatzen zielako, beste gauza batzuekin egiten duten bezala. Orain aurreztuko duten dirua da, zertara bideratuko duten ere ez dakigun diru hori bera; lehentasunen kontua.

Jakin dugu lanean jarraitzen duten gainerako taldekideei ordutegiak aldatuko zaizkiela. Hezitzaileei beren funtzioak eta lan-gainkarga areagotuko zaizkie. Honezkero, edonor konturatuko zen zerbitzuaren kalitateak okerrera eginen zuela.

Nafarroako Gobernuak babesgabetasun-egoeran dauden adingabeei arreta emateko zerbitzuetan kalitatezko arreta bermatu gabe jarraitzen du. Gainera, oraindik ez du urratsik egin adingabeentzako gizarte-zerbitzuen baimenei, homologazioei eta funtzionamenduari buruzko dekretua arautzeko, eta gaur egun 1991koak indarrean jarraitzen du.

Gizarte-zerbitzuak kudeatzeko modu hori kaltegarria da langileentzat eta erabiltzaileentzat. Erregulaziorik gabe, plantillak batzuen eta besteen arbitrariotasunen eraginpean gaude, titulazioetan irizpideak aldatzen dira, guztion diru publikoaren kudeaketan profesionalik ez dago, kaleratze libreak eta ordutegi-aldaketak daude, eta abar. Hain sektore ahulean, plantillen egonkortasuna hain beharrezkoa denean, ez dugu borondate politikorik ikusten, ezta sakoneko irtenbiderik ere.

Horiek guztiak kontuan hartu ditugu langileok eta horren arabera jokatuko dugu, jarduera horiek behar diren lekuetan salatuz. Aspaldi esan genuen bezala, sektoreko hitzarmena irabazi ondoren, hurrengo ekintza-frontea langile-ratioak hobetzera bideratu behar dugu, lanean osasuna galdu gabe eskaintzen dugun arretaren kalitatea hobetu dadin. Esku-hartzea egin nahi dugu, ez asistentzialismoa.

Horregatik, Xilema Fundazioaren aurrean gure gaitzespena adierazi nahi dugu, kaleratzeak salatzeko eta arreta ratio duinak eskatzeko, azken finean, Nafarroan adingabeen arretarako kalitatezko zerbitzuak bermatzeko helburuz.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bollera izatea, aske egiten gaituen erabakia. Askatasunez bizi nahi dugun erabakia. LANTOKIAK ASKE!

Lesbiana izateagatik jazartuak eta zigortuak izatea oraindik orain gutako askok bizi dugun egoera da.

Euskara baztertzailetzat jo eta hizkuntzaren normalizazio prozesua kolpatzen duen enegarren epaia

Euskal administrazioa euskalduntzeko prozesuaren aurka pairatzen ari garen oldarraldiaren barruko epai berri bat ezagutu dugu. Kasu honetan, Donostiako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiak Eibarko udaltzain lanpostu baterako euskara-eskakizuna frogatu beharretik salbuetsi ditu hautagaiak ezohiko egonkortze deialdi batean, hautagaietako batek jarritako helegitea partzialki onartuta.

Lan osasuna bermatzeko prebentzioa jorratzea premiazkoa dela aldarrikatu dugu sindikatuok

Gaur, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunaren bezperetan gauden honetan, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde, HIRU eta CGT (Nafarroan) sindikatuok osatzen dugun intersindikalak irmoki salatu dugu langileok gure osasuna jokoan ipintzen dugula, bizitza duin baterako diru sarrera nahikorik bermatzen ez duten enpleguetan.