2024-12-14
HomeUncategorizedEmakumeok grebara, borrokara, Euskal Herria iraultzera!

Emakumeok grebara, borrokara, Euskal Herria iraultzera!

Zaloa Ibeas De La Cruz, Miren Conde Rekondo, Izaskun Garcia Bordagarai
LABeko emakume idazkaritzaren izenean

Urteak eman ditugu krisiaz hitz egiten, krisia gora, krisia behera. Benetan krisian egotea zer den ongi dakigunak emakumeok gara.

Urte askoan egon gara etxean giltzapeturik, “gure lanak” omen zirenak egitera kondenaturik eta gizonezkoenak omen ziren esparruak debekaturik. Borroka handiz lortu genuen egoera hori atzean uztea, ez guztiz hala ere: lan munduan ere esparru berezietara konfinatu gintuzten, zenbait enplegu galarazi eta prekarietatearen prekarioena guretzat gorde.

Emakumeok esparru pribatuan egiten dugun lanak ez dauka aitortzarik eta lan munduan diskriminazioa eta gizonekiko aukera berdintasunik eza pairatzen dugu. Honek arrazoi nagusi bat dauka: emakumeok historikoki bete izan dugun lan erreproduktiboak (etxeko lanak zein zaintza lanak) eta lan munduan nagusiki betetzen ditugunak ez dute inoiz aitortza politiko eta sozialik izan, gizonezkoekin gertatu ez bezala.

Ez dugu sekula borrokan etsi, eta hauxe da momentua gure borroka indartzeko. Sistema kapitalista patriarkal honen porrota eta ezintasuna erakutsi duen krisi honi sisteman gehiago sakonduz bilatu nahi diote irtenbidea. Askotan esaten dugu krisi honen emaitza kapitalismo basatiena izatea bilatzen dutela, baina, zer esan nahi du honek emakumeon kasuan? Urteetako atzerapausoa gure eskubideetan, bai lan munduari dagokionez, bai eta jendartean betetzen dugun tokiari eta funtzioari dagokionez ere, are gehiago duela 50-60 urtetako egoera malenkoniaz gogoratzen duen estatu baten barruan.

Krisiaren aitzakiarekin aplikatzen ari diren politiken emaitzak zelan jotzen gaituen emakumeok bereziki ikusten dugu egunez egun. Langabeziak gora egiten jarraitzen du etengabe, eta nahiz eta emakumeen okupazio tasa gizonezkoena baino txikiagoa izan, oraindik ere emakumezkoak gara langabezi tasa altuena jasaten dugunak, % 50’77 hain zuzen ere. Lanari eustea lortu dugunean ere, lanaldi partzialean aritzeko aukera eskaini digute “kontziliatu” ahal izateko eta, gainera, gure hobe beharrez egiten dutela esaten digute… Aurpegia behar da gero! Hitz politak urtean behin, baina borondate politikorik ez daukate lan erreproduktiboa emakume eta gizonen artean banatzeko formula errealak ezartzeko; egungo sistema hau mantentzeko beharrezkoa da gure bizkar uztea eta, lan egiten tematzen bagara, lan baldintza prekario eta jasanezinetan egin dezagula.

Zerbitzu publikoak murriztea eta sistema publikoa deuseztatzeak ere zigor bikoitza dakarkigu emakumeoi: alde batetik, emakumeok lan baldintza duinik nonbait lortu badugu, sektore publikoan izan da eta, bestetik, murrizten eta pribatizatzen ari diren zaintza lan horiek gure gain hartzera beharturik gaude emakumeok; emakume asko eta asko lan merkatua utzi eta etxera itzultzera behartuak ikusten ari dira euren buruak.

Babes sozialean egiten ari diren murrizketek ere zuzen jotzen gaituzte, gu garelako prestazio eta laguntza jasotzaile nagusiak. Pobreziak eta bazterketa sozialak emakume izena eta aurpegia dauka: baliabide ekonomiko nahikorik edo dependentzia ekonomiko handia dugulako, lan merkatu arautuan sartzeko ezintasunagatik edota lan merkatuan pairatzen dugun prekarietate eta diskriminazioagatik.

Eta bizi dugun egoera hau nahikoa ez balitz, krisiak sakabanatzen duen langabezia eta pobreziarekin batera, frustrazioa eta amorrua ere zabalduz doaz. Horrekin batera, familia tradizionalaren eredua indartzeko, objektu huts edo erabakitzeko gaitasunik gabeko subjektu bilakatzeko, hau da, emakumeok bigarren mailako herritarrak bihurtzeko, erasoaldi ideologiko latza bizitzen ari gara. Honek guztiak lehen mailako ondorio zuzena dauka: indarkeria sexista, etxean zein kalean, etengabe ugaltzea.

Emakumeok emerjentzia egoeran gaude. Gasteizko eta Iruñeako Gobernuak aplikatzen ari diren politikak errotik aldatu behar dira. Gure agintarien politikak elite ekonomikoei begira egoteari utzi, eta behingoz herriari begira, eta emakumeei begira jartzera behartu behar ditugu. Presio soziala eta Euskal Herrian erantzuteko dugun gaitasuna hartzen dituzten erabakiak baldintzatu ditzakete, eta hala egin dute orain arte, aldaketarako bidean borrokaren balioa agerian geratu da. Eta denon artean jorratzen ari garen aldaketa horretan, emakumeok borroka handia egin beharko dugu, jendarte justurik ez baita sortuko, emakumeon egoerari irtenbiderik eman ezean.

Emakumeok barruan dugun amorrua modu kolektiboan askatzeko aukera bikaina dugu maiatzaren 30ean. Desadostasuna plazaratu, baina baita emakume eta gizonezkoen parekidetasunean oinarrituko den eredu sozio-ekonomiko propio baten eraikuntzan urratsak egiten jarraitzeko egingo dugu bat emakumeok greba orokorrarekin.

Emakumeon aktibazioa inoiz baino garrantzitsuagoa da, baita gure ekarpena ere. Prozesu sozial indartsua dago martxan Euskal Herrian eta prozesu horretan Euskal Herriko gutun soziala lantzera goaz. Herri honetako esparru ezberdinetako emakumeok parte hartu eta gure herrirako zein eredu sozio-ekonomiko nahi dugun erabaki behar dugu. Emakumeon aldarrikapen feministak bertan islatzeko eta horren alde denok borrokatzeko, gure presentzia beharrezkoa da.

Zutik, beraz, Euskal Herriko emakumeok, 30an kalera atera, nahikoa dela ozen oihukatzeko, aldaketa ekarriko duen prozesu sozialari hauspoa emateko, indarrak biltzeko eta Euskal Herria behingoz iraultzeko! 

 

LAB SAREAN
{module[111]}

    

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Balenciagako langileek lan mahaia eratzea lortu dute, baina Espainiako Gobernuak ardurarik hartu gabe jarraitzen du

Zumaiako Balenciaga ontziolako langileek asteak daramatzate mobilizatzen, ontziolaren eta euren lanpostuen defentsan. Instituzioei lan mahai bat eratzeko eskaera egin zieten, ontziolaren bideragarritasuna bermatzeko, eta Hego Euskal Herriko instituzioek horren aldeko urratsa ematea lortu dute langileek. Espainiako Gobernuak, aldiz, bere posiziotik mugitu gabe eta dagokion erantzukizuna hartu gabe jarraitzen du.

Helegitea aurkeztuko diogu Osakidetzako filtrazioengatik ateratako autoari eta salatzaileen zintzotasuna balioesten du

Lehenik eta behin, LABek aitortza egin nahi die Osakidetzan filtrazioak modu batera edo bestera salatu dituzten eta sistema maltzur horren aurrean agertu diren pertsona guztiei, bereziki prozesu judizial honetan aurpegia eman dutenei. Jakin badakigu zein presio jasan dituzten, eta beren zintzotasuna aitortu nahi diegu.

Arabako adineko egoitzetako LABeko ordezkariek benetako konpromisoak hartzea exijitu diote Gorka Urtarani

Arabako adineko egoitza pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako hitzarmen probintzialaren negoziaketa hasi ginenetik, LABek behin eta berriro exijitu dio Aldundiari gatazka honetan daukan erantzukizuna onartzeko. Sektore honetan urte luzez eman duen etengabeko borrokari esker, hilabete honetan Aldunditik bilera egiteko gonbidapena jaso zuen sindikatuak.