2026-10-31
HomeZerbitzu PublikoakGarraioaELA, LAB, CCOO, UGT, ESK ETA USO sindikatuek Bizkaiko txartel bakarra sortzea...

ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK ETA USO sindikatuek Bizkaiko txartel bakarra sortzea eskatzen dute

ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK eta USO sindikatuek Bizkaiko txartel bakarra sortzea eskatzen dute, herritarren joan-etorriak errazteko, zerbitzu hobea eskaintzeko, eta sektoreko enpleguari eta lan-baldintzei eusteko asmoz.

Sindikatu sinatzaileen ustez dena delako ibilbide bat egiteko ordaindu beharreko prezioa berdina izan behar da, erabiltzen den garraiobidea zein den kontuan hartu gabe. Gaur egun hori ez da horrela, ibilbide bera egiteko 4 edo 5 prezio desberdin egon daitezke-eta.

Gure iritziz herri-erakundeek garraio publikoa sustatu behar dute; azken finean, gizartearen eta ingurumenaren onerako izango baita. Gogora ekarri nahi dugu, orain dela egun gutxi, Bizkaiko Garraio Partzuergoak berak jakitera eman zuen txostenean esandakoa. Horren arabera garraio publikoari esker 600 milioi eurotik gora aurreztu dira, eta 4.200 bat lanpostu -zuzeneko eta zeharkako- sortu dira. Albiste horrek akuilatu egiten gaitu kalitatezko garraio publikoa sustatzera.

Garraio publikoa pertsona guztien eskubidea izan behar da; eta norbaiten errentak galarazten du eskubide horretaz baliatzea, garraio publikoa egokitu behar da errenta apalen eskueran utzi arte. Zenbat eta errenta apalagoa izan, orduan eta merkeagoa prezioa.

Lehenago aipatu dugunez, garraio publikoak kostuen aurrezkia dakarkio gizarteari; horregatik, dagoen enplegua, eta sortu behar dena, kalitatezkoa izan behar da, eragin ona izan dezan Bizkaiko langabezia-tasa ikaragarrietan.

Esandako guztia kudeatze eta gauzatze aldera, beharrezkotzat jotzen dugu Garraio Agintaritza bakar bat sortzea Bizkaian, erakunde guztiak eta enpresa eragileak koordinatzearren, eta herritarrei eskaintzen zaien zerbitzua kalitatezkoa eta eskuragarria izan dadin, mugikortasuna gizarte-kohesiorako tresna baita.

Horregatik guztiagatik, ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK eta USO sindikatuok Bizkaiko txartel bakarra lehenbailehen sortzea eskatzen dugu. Horren bidez lortuko den hobekuntza garraio publikoaren, erakundeen, orokorrean gizarte osoaren eta sektoreko langileen onerako izango delakoan gaude.
 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Osakidetzako langileek irmoki erantzun diote greba deialdiari, eta kaleak bete dituzte lehenengo greba egunean

Eguerdiko manifestazioek milaka pertsona bildu dituzte, osasun zerbitzuko kategoria guztietako beharginak eta osasungintza publikoa babesteko herri plataformetako kideak eta herritarrak barne.

Osakidetzako grebaren baitan Osasun Sailean eserialdia egin dugu

Bilboko egoitzan ekimena egin dugu goizean, eta Alberto Martinez sailburuari eskutitza helarazi ahal izan diote haren idazkariaren bitartez. Greba eguna oso arrakastatsua izaten ari da....

Nafarroako administrazioko langile guztiek 60 urterekin erretiroa hartu ahal izatea eskatu dugu

Gaur goizean LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du Nafarroako Jauregiaren aurrean, urtarriletik aurrera langileok enegarren eskubide-igalera pairatuko dugula salatzeko: erretiro adin arrunta 67 urtera atzeratzea....