2026-03-20
HomeEkintza PolitikoaEgungo eskumenak erabilita zerga erreformari heltzea eskatu diegu Urkullu eta Chiviteri

Egungo eskumenak erabilita zerga erreformari heltzea eskatu diegu Urkullu eta Chiviteri

Atzo goizean, Espainiako Gobernuak neurri fiskalen sorta bat ezagutzera eman zuen. Neurri hauen aurkezpena estatu mailan fiskalitateari buruzko eztabaida piztuta dagoela etorri dira. Eskuina proposatzen ari den murrizketa fiskal erregresiboekin alderatuta, Madrilgo gobernuak “gehien dutenek gehien ordaindu eta gutxien dutenek gutxiago ordain dezaten harturiko neurri fiskal selektiboak” aurkeztu ditu. Emakumeon higiene produktuen BEZ jaitsieraz aparte, gurean apenas eragina izango duten aldaketak dira iragarri direnak. LABen ustez zerga erreforma gauzatzea urgentea da. Zoritxarrez, bertako instituzioak Madrilen hartzen ari diren neurrien atzetik ari dira, eta norabide okerragoan gainera. Gutxienez, Sanchezen Gobernuak gehien dutenek gehiago ordain dezaten filosofia erabili du, epe motzeko eta irismen laburreko neurriak badira ere. Zoritxarrez, Hego Euskal Herrian ditugun eskumenak ez dira ari erabiltzen langileon bizi baldintzak hobetu eta aberastasunaren bidezko banaketa bermatzeko.

EAEri dagokionez, orain arte EAJ-PSEren gobernuen eskutik PFEZaren deflaktazio politika aplikatu da. Momentuko erronkei aurre egiteko diru gehiago bildu behar da, gehien dutenak eta irabazi enpresarialak zergapetuz egin behar da bilketa hori. PFEZa deflaktatzeko hartu den neurriak, herritarrengan onura izango badu ere, ez du progresibotasuna bermatzen, ez du kontuan hartzen krisi ekosozialaren ondorioak errenta guztiek ez dituztela berdin pairatzen. Gainera, diru bilketa murriztuko du eta gure ustez, alboan izan beharko lituzke bestelako neurri fiskal osagarriak.

Azpiazu sailburuak beste behin esan du ez dela momentua erreforma fiskal bat eztabaidatzeko momentua, euskal langileoi eztabaida bera ukatuz. EAJrentzat inoiz ez da bere alderdikide Josu Jon Imaz eta enparauak gehiago zergapetzeko unea, eta testuinguruari epe motzeko politika asistentzialistekin erantzun nahi die. Nafarroako argazkia ez da oso desberdina.

LAB sindikatuan argi daukagu. Beharrezkoa da, Euskal Herrian ere, gehien dutenek gehien ordain dezaten neurri fiskalak hartzea, eta bertako instituzioei eskatzen diegu dituzten eskumenak balia ditzaten norabide horretan. Euskal langileok behar duguna sakonekoa eta egiturazkoa den erreforma fiskala da, progresibotasuna bermatuko duena, aberastasun gehien metatzen dutenek ekarpen handiagoa egin dezaten. Zerga erreforma horrek balio behar du aberastasunaren banaketa-gaitasuna hobetu eta desberdintasun sozialak murrizteko, eta diru-sarrera publikoen bolumena handitzea funtsezko zerbitzu publikoak blindatzeko.

Norabide horretan aurkeztu berri dugu trantsizio eskosozialista eta feminista gauzatu eta ondasunak banatzeko neurri sorta, tartean erreforma fiskalaren gakoak bilduz. Honako 4 neurriak dira LABentzat ezinbestekoak: zerga politika burujabea garatzeko eskubidea aldarrikatu eta BEZa moduko zeharkako zergak arautzeko eskubidea jasotzea, Kapital errentei %1 eta %10 arteko errekargoa, elkarteen zergaren kenkariak ezabatu eta %35eko tipo nominala, eta PFGZn kapitalaren errentei lan errenten trataera bera eman eta gehienezko tipoa %60ra igotzea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Martxoak 21. Arraza diskriminazioaren aurka indar guztiz borroka egitera dei egiten du LABek

Ez dadila egun arrunt bat izan. Balio dezala, benetan, egiteke (asko) dauzkagun batzuetan aurrera egiteko. Erakunde sindikal gisa, LAB, olagarroaren beste tentakulu bat izan gaitezke edo, aitzitik, gure indar guztiekin haren aurka borrokatu.

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Hainbat kilometro erosi ditu LABek, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatua indartzera dei egiten die LABek euskal langileei.

LABek burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa eskatzen ditu lan eta bizi baldintza duinak hemen ziurtatzeko

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) ezohiko bilera egin du Irango gerrak Nafarroan izan duen eragina aztertzeko eta maila ekonomiko eta sozialean izan dituen ondorioak...