2026-10-05
HomeNazioartea IdazkaritzaElkartasunaDemokrazia dago jokoan, eta eskubide demokratikoen alde kalera ateratzera deitzen dugu

Demokrazia dago jokoan, eta eskubide demokratikoen alde kalera ateratzera deitzen dugu

Gaur Gure Esku Dagok eta ANCk deituta euskal hiriburuetan antolatutako mobilizazioekin (baita Gure Eskuk antolatuta hainbat udalerritan ere) bat egiten du LABek, eta bertaratzeko deia egiten diegu euskal langileei. Beste horrenbeste otsailaren 17an Donostian egingo den manifestazioarekin ere.

Gaur hasi da Kataluniako politikari independentisten kontrako epaiketa. Kartzelan dauden politikari independentistak epaituko dituzte, eta haiez gain, bada erbestean direnen kontrako auzia eta bada bere etorkizuna erabaki nahi duen Kataluniar herriaren kontrako epaiketa, eta bada demokrazian eta herrion erabakitzeko eskubidean sinesten dugun guztion kontrako epaiketa. LABek bere elkartasun eta babes osoa adierazi nahi die auzipetuei zein erbesteratuei eta kataluniar herriari, herriari hitz ematea eta herriak hitz egitea inoiz ezin duelako delitu izan, oinarrizko eskubide eta ariketa demokratikoa, baizik.

Azken urteotan espainiar Estatuak herrion erabaki ahalmena mugatzeko erabaki ugari hartu ditu, lurralde ereduaren krisi betean, 78ko erregimenaren gaiztotzea eman da, eta nagusikerian oinarritutako agenda ezarri da Madrildik Katalunia eta Euskal Herria gisako nazioen eskaera demokratikoen aurrean. Kataluniako auzian ere, Estatua izan zen indarkeriarekin erantzun zuena erreferendum baketsu baten aurrean, eta indarkeria politikoari eusten dio, orain, erreferendum hura posible egin zutenei zigor gogorrak eskatuz.

Espainiar estatuko lurralde ereduaren krisiari irtenbide demokratikorik emateko aukerarik ez dago, gaur arte Gobernuan egon diren alderdi ezberdinek erakutsi dutenez. Ezer gutxi espero daiteke, herriari hitza eman dioten politikariak espetxeratu eta auzibidean jartzen dituen estatu batengandik.

LABetik Kataluniako herriak bere autodeterminaziorako orain arte egindako ibilbidea babestu dugu, epaiketa bertan behera geratzea eskatzen dugu, eta espetxeratuen zein erbesteratuen erabateko askatasuna. Zuen borroka gu guztion borroka da, langileok herri aske batean bizitza duina izateko eskubidea dugu, izan kataluniar, izan euskal herritar. Eraldaketa sozialerako burujabetza prozesuak auspotzeko garaia da, kateak hautsi eta bide berriak urratzeko garaia da, geure etorkizunaren jabe izateko garaia da.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gernika-Palestinak hilaren 8rako deitutako mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu

Elkarretaratzeak egingo dira ostegun honetan Euskal Herriko udaletxeetan, 19:00etan. LABek bat egingo du mobilizazio horiekin eta dei egiten du, munduko herrien eta langileen aurka ari den inperialismoaren aurrean, elkartasun internazionalista areagotzera.

Estatu mailan argitaratu berri den grafikagintzako hitzarmenak Arabako eta Nafarroako sektoreko langileen prekaritatea betikotzen du

LABen beti defendatu izan ditugu Euskal Herrian lan egiteko eta erabakitzeko esparruak, hemen negoziatu eta erabakitzeak lan-baldintza hobeak lortzeko aukera emango ligukeelako.

Gipuzkoako suhiltzaile zerbitzuaren egoera salatu dugu Batzar Nagusien aurrean

2026ko irailaren 4an, Gipuzkoako Foru Aldundiko Suhiltzaile Zerbitzuko ofizial guardia-burua bere Donostiako Suhiltzaile Zerbitzuko etxean kokatutako komunikazio zentraleko lanpostu operatibotik bota zuen Donostiako Suhiltzaile Zerbitzuko Zuzendariak. 2018tik indarrean zegoen bi administrazioen arteko hitzarmena pasa den abuztuaren 31n iraungi zela eta zerbitzuaren berrantolaketagatik Donostiako Suhiltzaile Zerbitzuak bulego hori beharrezkoa zuela izan zen horretarako eman zuen argudioa. Guardia-buruaren bulegoa bakarrik ez, hitzarmenean araututa zeuden bestelako lanetarako espazioak erabiltzeko debekua ere ezarri zuen.