2026-10-08
HomeEkintza SindikalaGipuzkoako suhiltzaile zerbitzuaren egoera salatu dugu Batzar Nagusien aurrean

Gipuzkoako suhiltzaile zerbitzuaren egoera salatu dugu Batzar Nagusien aurrean

2026ko irailaren 4an, Gipuzkoako Foru Aldundiko Suhiltzaile Zerbitzuko ofizial guardia-burua bere Donostiako Suhiltzaile Zerbitzuko etxean kokatutako komunikazio zentraleko lanpostu operatibotik bota zuen Donostiako Suhiltzaile Zerbitzuko Zuzendariak. 2018tik indarrean zegoen bi administrazioen arteko hitzarmena pasa den abuztuaren 31n iraungi zela eta zerbitzuaren berrantolaketagatik Donostiako Suhiltzaile Zerbitzuak bulego hori beharrezkoa zuela izan zen horretarako eman zuen argudioa. Guardia-buruaren bulegoa bakarrik ez, hitzarmenean araututa zeuden bestelako lanetarako espazioak erabiltzeko debekua ere ezarri zuen.

Salbuespena Bai Esaneko (Suteak Prebenitu eta Itzaltzeko eta Salbamenduko Zerbitzuarenkomunikazio zentroko) operadoreentzat ezarri zuten. Haiek bai, beren lantokia mantendu dute, oraingoz behintzat (modu alegal batean daudela argi utzi dieten arren Donostiako Suhiltzaile Zerbitzutik), baina guardia-buruaren faltak beraiei ez dagozkien erantzukizunak hartzera behartzen dituzte, 2023. urtearen aurretik zegoen prekaritate-egoerara itzuliz eta herritarrei ematen dien zerbitzuaren kalitateari kalte eginez.

Gertakari hau, azken bi legealdietan eramandako kudeaketa politiko okerren amaierako ondorioa da. Izan ere, azken zortzi urteetan zerbitzua noraezean egon da eta ez da Donostiako Zerbitzuarekin elkarlana garatu.

Foru Aldundiko Suhiltzaile Zerbitzuko langileok beti sinetsi izan dugu bi suhiltzaile zerbitzuen arteko koordinazioa eta elkarlana ezinbestekoa dela. Sinetsi bakarrik ez, helburu hori lortzeko kontaezinak diren proposamen eta ekimenak bultzatu dira. Foru Aldundiko teknikariek ondorengoak proposatu eta bultzatu dituzte, besteak beste:

  • Gipuzkoa Babestu 2030 plana diseinatzea, Gipuzkoa osoko larrialdien ikuspegi integralarekin.
  • Donostiako Zerbitzuko suhiltzaile etxean bi zerbitzuentzako zentral bateratua diseinatu, sortu eta eraikitzea.
  • Bateratze operatiboa ahalbidetzeko aurrera pausuak ematea (bi zerbitzuentzako irrati sare digital berria, kudeaketa operatiborako prozedura partekatzea, eta abar.)
  • 2023-2027ko legealdiko Plan Estrategikoaren bitartez, Aritzetako parke berriarekin zerbitzu osoagoa eskaintzea Donostialdeako hiritarrei, baita Donostiako hiriko biztanleei ere, lankidetza operatiborako aukera berriak aztertuz.

Aipatutako ekimen tekniko hauek, ordea, muga aurkitu dute kudeaketa politikoan. Zoritxarrez, saiakera hauek guztiak ezerezean gelditu dira arduradun politikoen kudeaketarako gaitasun edota borondate ezagatik.

Azken atzerapausoa berriki aipatutako ofizial guardia-buruaren kaleratzea izan da. Hitzarmenaren iraungitze data aspalditik ezaguna zen arren, arduradun politikoak ez dira gai izan akordio batera iristeko. Kudeaketa falta honen ondorioak argiak dira eta herritarren segurtasunean eragin zuzena dute. Gaur egun, Foru Aldundiko Suhiltzaile Zerbitzuko guardia-buruak ezin du lana komunikazio zentraletik egin, eta horrek eragin larria du zerbitzuaren funtzionamenduan.

Gertakari hau 2026ko otsailaren 26an Batzar Nagusiek Foru Aldundiko eta Donostiako Suhiltzaile Zerbitzuen arteko lankidetza eta koordinazioa hobetzeko lanean jarraitzea eskaeraren kontrako norabidean doa.

Ebazpen berdinean Bidasoako Parkeko Suhiltzaileen Zerbitzuak estaltzen duen eremuaren arreta indartzea eskatu zen. Berriz ere, landutako proposamen teknikoek muga aurkitu dute kudeaketa politikoan.

Guzti honengatik, egoera honetara ekarri gaituzten azken urtetako gertakariek sortu diguten kezka eta egonezinetik abiatuta, benetako zerbitzu publikoan oinarritutako larrialdiei erantzuna emateko sistema integratu batean sinesten dugulako, ondorengoa eskatzendugu:

  • Bi administrazioetako arduradunen erantzukizun politikoa argitzea eta betetzea.
  • Berehalakoan guardia-buruak komunikazio zentralean lantoki bat edukitzea, zerbitzuaren funtzionamendu eraginkorra berreskuratzeko.
  • Donostiako Suhiltzaile Zerbitzuko etxearen edukiera agortuta dagoela argudiatu dutenez, ezinbestekoa da gure komunikazio zentrala, BaiEsan, eta guardia-buruaren bulegoa, Aritzetako etorkizuneko 9. parkeko ingurura lekualdatzea, hau eraiki eta zentral bateratua hartuko duen espazioa eduki arte.
  • Aritzeta inguruko beharrezko egokitzapenak egin bitartean, Donostiako Suhiltzaile Zerbitzuko etxera itzultzeko aukera izan behar dugu gure komunikazio zentrala den BaiEsan han dagoenez gero, handik kanporatuak izan aurretik geneuzkan baldintza berberetan. Hau da, bulego berean edo, bestela, gure komunikazio-zentrala den BaiEsanekin harreman zuzena izateko aurretik genituen baldintza berak bermatuko dituen beste bulego batean egon behar dugu, zerbitzuaren operatibitateari kalterik ez eragiteko.
  • Gipuzkoako Foru Aldundiko Suhiltzaile Zerbitzuaren 9. dotazio bat izatea, Donostialdea artatuko duena eta Oarsoaldeari laguntza emango diona, Aritzeta inguruan kokatutako behin-behineko parke batetik jardunez, 9. parkea eraiki arte.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Postako langileak kalera atera dira zerbitzu publikoaren eta beren eskubideen defentsan

Elkarretaratzea egin dute Gasteizen, Eusko Legebiltzarraren aurrean. Honako neurri hauek eskatu dituzte, hemen erabaki nahi dituztelako beren lan-baldintzak: - Posta Zerbitzu Unibertsalaren finantzaketa indartzea kalitatezko...

EAEko udal sektoreko greba eguna arrakastatsua izan da eta langileek argi eta garbi adierazi diote EUDELi negoziazioaren blokeoa ez dutela onartuko

Bizkaiko eta Gipuzkoako zonalde askotan greba jarraipena zabala izaten ari da, hainbat udaleta udal zerbitzu itxi direlarik. LABek eta ELAk argi adierazi nahi diegu Eudeleko mahaia osatzen duten alderdiei Udalhitzen negoziazioaren blokeoa ez dugula onartzen eta aurrera pausuak emateko garaia dela.

LABek Euskal Herrian azaroaren 11rako greba orokorra deitzea proposatuko dio bihar bere Nazio Biltzarrari

Eragile sindikal eta sozialekin deialdi bateratuaren alde egindako lanaren ondorioz eta Espainiako Estatuko Maizterren Konfederazioarekin harremanetan egon eta gero, azaroaren 11n etxebizitza eskubidearen eta soldata duinen aldeko greba orokorra antolatzeko erabakia proposatuko dio LABek bere Nazio Biltzarrari bihar arratsaldean.