2026-10-07
HomeEkintza SozialaGernika-Palestinak hilaren 8rako deitutako mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu

Gernika-Palestinak hilaren 8rako deitutako mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu

Elkarretaratzeak egingo dira ostegun honetan Euskal Herriko udaletxeetan, 19:00etan. LABek bat egingo du mobilizazio horiekin eta dei egiten du, munduko herrien eta langileen aurka ari den inperialismoaren aurrean, elkartasun internazionalista areagotzera.

2023ko urrian Netanyahuk Gazako zerrendan genozidioa beste izenik merezi ez duen eraso eta suntsiketa sistematikoak abiatu zituen, eta proiektu sionistek urte luzez aurrera eramandako palestinar lurraren okupazioa eta eskubide urraketa kontaezinak are muturrerago eraman zituen. Geroztik, milaka eta milaka izan dira hildakoak, zaurituak, etxerik gabe geratu direnak, jatekorik gabe…

Hiru urte igarota, Gazan ez ezik, Zisjordanian ere egoera okerrera egiten ari da. Israelgo Armadaren nahiz kolonoen partetik erasoak eta mehatxuak egunero-egunero errepikatzen dira, eta estatu sionista indarrez lurrak bereganatzen ari da etengabe. Hori guztia, nazioarteko potentzia inperialisten babesarekin eta munduko gobernuen pasibotasunak ahalbidetuta.

LABek elkartasun internazionalista lantzen eta langileak ildo horretan antolatzen segiko du, eta Palestinako herriaren okupazioaren eta kolonizazioaren amaiera eta autodeterminazio eskubidea egikaritzea eskatzen du. Sindikatuak premiazkotzat jotzen du hemengo instituzio, alderdi politiko eta patronalek ere dagokien erantzukizuna beren gain hartzea eta, herritarren eta langileen eskariari jarraikiz, nazioarteko zuzenbidea aplikatuz basakeriak aurrera segi dezan galaraztea eta Israelekin harremanak etetea.

Era berean, Ekialde Hurbilean nahiz handik kanpo, gerrak ugaritzen ari dira,kapitalak erabaki duelako hori dela bere hegemonia mantentzeko bide bakarra. Gainera, ezegonkortasunak markatutako nazioarteko testuinguru batean bizi gara. Gatazkak ugaritu egiten dira, gerrak luzatu, langile klasearen prekarizazioa areagotu egiten da eta eskuin muturra indartzen ari da. Testuinguru horretan, ez da zaila logika global bat antzematea: kapital metaketa eta hegemonia geopolitikoa maiz herrien bizitzaren eta ongizatearen gainetik inposatzen dira.

Testuinguru horretan, are garrantzi handiagoa hartzen du elkartasun internazionalistak. Herrien eta langileen aurka ari den inperialismoaren aurrean, genozidioen eta esku hartze inperialisten aurka egingo du LABek,eta, langile klase eta herri gisa, munduko herri guztien askatasunaren alde egingo du.

Horregatik guztiagatik, LABek bat egin du Gernika-Palestinak “Gernikaren herritik, genozidiorik ez! Gerrarik ez!” lelopean ostegunerako udaletxeen aurrean deitutako elkarretaratzeekin, eta euskal langileei horietan parte hartzeko deia egiten die.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Nafarroako Administrazio Auzitegiak arrazoia eman digu berriz ere eta baliogabetu egin du Toquero Tuterako alkateak ezarritako hilabeteko zigorra

Auzitegiak sindikatuaren historiari buruzko erakusketaren itxiera legez kanpokotzat jo zuen jada maiatzean, eta orain indarrik gabe utzi du udal ekipamenduak erabiltzeko debekua ere. Nafarroako Administrazio...

Hobekuntza gehiago lortzeko aukerak egon arren, Arabako kirol jardueretan deitutako lanuzteak desaktibatu dira

LABek patronalari eduki gehiago ateratzeko aukera zegoela uste bazuen ere eta burututako asanbladetan borroka mantentzea defendatu duen bitartean, gainerako sindikatuek nahikotzat jo dute patronalaren azken proposamena eta, ondorioz, asteazkenean, urriak 7, hastekoak ziren lanuzteak bertan behera uztea defendatu dute.

LABen greba orokorrerako prest gaude, eta deialdia adosteko lanean ari gara beste sindikatuekin

Langileen aldeko politika birbanatzaileen alde presioa areagotzeko momentua da: errentismoaren eta espekulazioaren kontra eta soldata duinen alde.