2026-02-02
HomeOsasungintzaOsasungintzaCovid beharrak direla-eta Osasunbidean kontratatutako langile guztiei kontratuak luzatu behar zaizkie

Covid beharrak direla-eta Osasunbidean kontratatutako langile guztiei kontratuak luzatu behar zaizkie

Osasunbideko gerentziaren eta, beraz, Indurain kontseilariaren azken erabakia, hots, arakatzaileen taldeari kontratuak 3 hilabetez luzatzea, Covid beharrak direla-eta Osasunbidean kontratatutako langile guztiei aplikatu beharko litzaieke.

Ez ditugu ulertzen kontseilariaren eta bere taldearen kontraesanak Covid beharrak direla-eta kontratatutako langileak kudeatzeko orduan. Hasiera batean iragarri bazuten kontratuak bertan behera utzi behar zituztela langile horiek guztiak iraupen luzeko zerrendetatik kontratatzeko, orain ezin da salbuespenik egin, gainerako langileentzat konparaziozko bidegabekeria bat delako.

Arakatzaileak lehen lerroan egon dira, bai. Eta gainerakoak? Ospitaleetako Covid solairuetako langileak, larrialdietakoak, ospitale psiko-geriatrikokoak, osasun etxeetakoak… Nor ez da egon lehen lerroan? Nor ez da ezinbestekoa izan?

Indurain kontseilariak sekulako aukera du Osasunbideko plantilla indartzeko, inor kaleratu gabe, langile horiek osasun sistemako puntu ahulenetara bideratuz, adibidez, oinarrizko osasun laguntzako osasun etxeetara.

Covid-eko errefortzuko langileak berrantolatuz, Oinarrizko Osasun Laguntzan aspalditik ditugun gabeziak konpon litezke, eta, bide batez, pandemia bitartean nabarmen handitu diren itxaron-zerrendak argaldu.

Orain ez da adabakiekin eta konponbide partzialekin jarraitzeko momentua, kontratazioak prekarizatuz eta profesionalak kanporatuz pandemian bete-betean murgilduta gaudenean. Eta ildo horretan, ezin dugu kritikatu gabe utzi militarrak jartzea miaketa-lanak egiteko eta aldi berean Osasunbideko langileak kanporatzea. Hori guztiz gaitzesgarria da une honetan.

Osasunbideko langileak ekitatez, gardentasunez eta araudia errespetatuz egonkortzeko eta kudeatzeko unea da.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...

Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean mobilizatu da LAB, milaka herritar etxegabetze arriskuan jarrita Madrilen “ezkutu soziala” bertan behera utzi dutela salatzeko 

Langileon aldeko politikak, Madrilek inposatu beharrean, Euskal Herrian hartzearen beharra aldarrikatu du LABek Bilbon; hala nola, etxegabetzeak geldiarazteko neurriak, pentsio justu eta duinak bermatzea...

LABek adierazten du Udalen sektorerako Udalhitz hitzarmeneko negoziazio mahaia deitu gabe eta blokeatuta dagoela azaroaren 7az geroztik

Udalhitzen blokeoa gainditzeko otsailean hasiko den mobilizazio dinamika bati ekingo dio LABek Urte bat igaro da EUDELen zuzendaritzak sektoreko sindikatuoi dei egin zigunetik eta mahai...