2026-10-31
HomeLAB SindikatuaLABCOVID-19aren ondorioz hil den Lesakako Arcelor Mittal-eko langilearen heriotza salatzen dugu

COVID-19aren ondorioz hil den Lesakako Arcelor Mittal-eko langilearen heriotza salatzen dugu

Gaur, apirilak 11, Lesakako Arcelor Mittal-eko 58 urteko langile baten heriotza tamalgarriaren berri eman nahi dugu. Ezer baino lehen, gure babesa eta doluminak helarazi nahi dizkiegu senide eta lagunei, eta gure burua eskaini beharrezko iritzitako ekintza guztiak egiten laguntzeko. Langile horrek, Lesakako Arcelor Mittal-eko lantokiko kide izan arren, margolari gisa egiten zuen lan Arcelor Mittalek Lesakatik gertu duen Legasako lantegian.

Heriotza hori saihestu zitekeen. LABek enpresari ohartarazi zion segurtasun-neurriak hartu behar zirela, are gehiago martxoaren 13an sintomak bazituen lehendabiziko langilea etxera bidali zutenean, baina ez zitzaigun jaramonik egin, eta horregatik LABek salaketa bat jarri zuen Lan Ikuskaritzan martxoaren 17an segurtasun-neurri handiagoak eskatzeko.

Gaur egun, enpresak berak emandako datuen arabera, gutxienez 13 langile daude baja-egoeran COVID-19rengatik, eta beste batzuk berrogeialdian daude. Baina ez da lantegi horietara mugatzen den egoera bat ere; izan ere, multinazionalak dituen beste lantegi batzuetan kutsatutako langile gehiago daude.

Heriotza hau astindu izugarria da, egungo egoeraren larritasunaren berri ematen baitigu, eta segurtasun neurriak zorroztu eta funtsezkoa ez den jarduera oro geldiaraztera behartzen gaitu. LABek Lan Ikuskaritzari exijitzen dio hildakoaren lantokira joan, gertatutakoa ikertu eta jarduera oro geldiarazteko, lan baldintza seguruak egon arte. Era berean, langileen osasuna onura ekonomikoaren gainetik lehenesteko eta jarduera oro geldiarazteko eskatzen diogu multinazionalari, langileen ordezkariekin adostutako segurtasun-protokolo eraginkor bat eduki arte. Ez dugu fabrikara onik sartu eta hilkutxa batean irten nahi.

LABek dei egiten die langileei heriotza hau salatzeko deituko diren ekimen eta mobilizazioetan parte hartzera.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Osakidetzako langileek irmoki erantzun diote greba deialdiari, eta kaleak bete dituzte lehenengo greba egunean

Eguerdiko manifestazioek milaka pertsona bildu dituzte, osasun zerbitzuko kategoria guztietako beharginak eta osasungintza publikoa babesteko herri plataformetako kideak eta herritarrak barne.

Osakidetzako grebaren baitan Osasun Sailean eserialdia egin dugu

Bilboko egoitzan ekimena egin dugu goizean, eta Alberto Martinez sailburuari eskutitza helarazi ahal izan diote haren idazkariaren bitartez. Greba eguna oso arrakastatsua izaten ari da....

Nafarroako administrazioko langile guztiek 60 urterekin erretiroa hartu ahal izatea eskatu dugu

Gaur goizean LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du Nafarroako Jauregiaren aurrean, urtarriletik aurrera langileok enegarren eskubide-igalera pairatuko dugula salatzeko: erretiro adin arrunta 67 urtera atzeratzea....