Etxebizitzak babes ofizialeko kalifikazioa galtzen ari direla aprobetxatuz, errenta igoera neurrigabeak eta abusuzko klausulak ezarri nahi ditu Adania promotoreak kontratu berrietan. Horren aurrean, maizterrek mobilizazioa egingo dute ostiralean, baldintza duinak aldarrikatzeko.
Joan den astean, Vitalquiler Adaniaren maizterren LABeko atal sindikalak asanblada egin zuen, eta Gasteizko Salburua auzoko Vitalquilerren bloke guztietako maizterrek hartu zuten parte bertan. Asanbladan, mobilizazioei ekitea adostu zuten, Adania promotorea negoziazio mahai baten bueltan esertzera behartzeko eta bloke horietako alokairu kontratuen berritze guztietan baldintza duinak eta bidezkoak bermatuko dituen akordioa lortzeko.
Maizterrek osatutako atal sindikalak salatu du Adaniak etekin ekonomikoa lehenesten duela etxebizitza horien funtzio sozialaren gainetik. Etxebizitzok diru publikoarekin eraiki ziren, eta hasieratik babestutako alokairura bideratu ziren.
Hala ere, etxebizitzak babes ofizialeko kalifikazioa galtzen ari direla aprobetxatuz, Adaniak bere irabaziak handitu nahi ditu, errenta igoera neurrigabeak eta abusuzko klausulak ezarriz kontratu berrietan.
Diru publikoa erabiliz eraikitzea eta babestutako alokairuaren bidez urteetan zehar negozioa egitea ez da nahikoa Adaniarentzat, dirudienez. Orain, familiak are gehiago estutu nahi ditu, babes ofizialeko kalifikazioaren amaiera aprobetxatuz.
Horren aurrean, Vitalquiler-Adaniaren maizterren LABeko atal sindikalak mobilizazioa egingo du ostiral honetan, maiatzak 15, 18:30ean, Adaniaren Gasteizko egoitzaren aurrean. Hori da adostutako lehenengo elkarretaratzea, baina mobilizatzen jarraituko dute Adania promotoreak kudeatutako Vitalquiler programaren menpeko etxebizitza parkeko alokairu kontratu guztietan baldintza duinak eta egonkorrak bermatuko dituen akordioa lortu arte.

