2026-11-02
HomeEkintza SindikalaCementos Rezolako Enplegu Erregulazio Espedientearen aurrean langileek aurrera eramandako borrokaren balioa nabarmendu...

Cementos Rezolako Enplegu Erregulazio Espedientearen aurrean langileek aurrera eramandako borrokaren balioa nabarmendu eta jasotako babesa eskertu dugu

Añorgako lantegiaren aurrean egin dugu LABeko ordezkariok bi hilabete eta erdiko borroka luze eta gogorraren balorazioa, eta behartutako kaleratzeak saihestu badira, langileek eginiko ahaleginen fruitua izan dela azpimarratu dugu.

Cementos Rezolako langileek bi hilabete eta erdiko borroka luze eta gogorra izan dute. Prozesuaren balorazioa partekatu, jasotako babesa eskertu eta borrokak emandakoa balioan jartzeko agerraldia egin dugu LABetik enpresa atarian. Ekaina hasieran zuzendaritzak Añorgako lantegian Enplegu Erregulazio Espediente bat aplikatuko zuela jakinarazi zion langile batzordeari: 56 kaleratze jarri zituzten mahai gainean. Kaleratzeak justifikatzeko deskarbonizazio prozesu bat egin beharraren aitzakia erabili zuen. Ez zen benetako arrazoia. Etekinak handitzea izan da enpresaren benetako helburua. Gainera, erabat kontraesankorra izan da enpresaren jarrera, hasieratik onartu zigun epe motzean berriro enplegu beharra edukiko duela.

Kaleratzeak egiteko deskarbonizazio prozesu bat egitea beharrezkoa zela argudiatzen zuen enpresak, CO2 isurketak gutxitzea zela beraien helburua. Larrialdi klimatikoaren aurrean industrian trantsizio ekosoziala beharrezkoa izango dela defendatzen dugu LABen, baina ez langileen kontura. Deskarbonizazioak ezin du aitzakia izan enplegua suntsitu eta prekaritatea zabaltzeko. Horrela defendatu dugu Cementoseko borrokan, hasieratik amaieraraino LABeko Industria Federazioko kide Usua Lasak adierazi duen bezala. Bi eskakizun argi izan dituzte langileek: EEEa bertan behera uztea eta langileekin eta lanposturik suntsitu gabe prozesu bat egitea. Hori horrela, enpresak EEEa aurkeztu zuenetik LABen jarrera kaleratzeen aurkakoa izan da.

Langileen borroka izan da Cementos Rezolako gatazkaren ikurra. Enpresaren asmoak ezagutu orduko kaleratzeen aurkako borrokari ekin genion, eta ekaina amaierarako greba mugagabean ginen. 67 egunez izan dugu enpresa itxita. Bi hilabete eta erdi luzean, egunak borrokan eman ditugu, enpresa atarian, Añorgako kaleetan, Donostian, greban eta mobilizatzen. Bada, denbora tarte honetan guztian jasotako babesa handia izan dela nabarmendu dugu, eta esker ona adierazi nahi izan diegu auzokideei, Añorgako Jai Batzordeari, EH Bilduri, Sorturi nahiz Esne Beltza eta Zopilotes Txirriaos musika taldeei.

Enpresak ez du negoziaziorako borondaterik izan. Langileen borrokari esker lortu dugu zuzendaritza mugiaraztea, bere proposamena hobetzea. Langileen borrokari esker ez da behartutako kaleratzerik izango, borondatezkoak izango dira irteerak, eta, enpresak hasieran aurkeztutako proposamenaren aldean, baldintzak hobetuta. Komitean dugun gehiengoa, langileen inplikazioa eta langile batzarraren adostasuna izan dira LABen motorra, langileen interesak aurretik jarri eta horien defentsan aritzeko.

Langileen borroka eta jasotako babesa txalotzearekin batera, ohar bat eginez amaitu dugu agerraldia: Hau ez da hemen bukatzen eta LABek lanean jarraituko du enpresaren etorkizuna bermatzeko eta bertako langileen lan baldintzak defendatzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Osakidetzako langileek irmoki erantzun diote greba deialdiari, eta kaleak bete dituzte lehenengo greba egunean

Eguerdiko manifestazioek milaka pertsona bildu dituzte, osasun zerbitzuko kategoria guztietako beharginak eta osasungintza publikoa babesteko herri plataformetako kideak eta herritarrak barne.

Osakidetzako grebaren baitan Osasun Sailean eserialdia egin dugu

Bilboko egoitzan ekimena egin dugu goizean, eta Alberto Martinez sailburuari eskutitza helarazi ahal izan diote haren idazkariaren bitartez. Greba eguna oso arrakastatsua izaten ari da....

Nafarroako administrazioko langile guztiek 60 urterekin erretiroa hartu ahal izatea eskatu dugu

Gaur goizean LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du Nafarroako Jauregiaren aurrean, urtarriletik aurrera langileok enegarren eskubide-igalera pairatuko dugula salatzeko: erretiro adin arrunta 67 urtera atzeratzea....