2026-10-02
HomeEkintza PolitikoaHABEk ezarritako euskaltegien finantziazio-sistema berriak ez die erantzuten sektoreko beharrei

HABEk ezarritako euskaltegien finantziazio-sistema berriak ez die erantzuten sektoreko beharrei

Komunikabideetan aspalditik iragarri eta oihartzun handia eman ondoren, asteazkenean, hilak 29, EHAAn argitaratu da HABEren 2021-2022 ikasturterako euskaltegientzat subentzio sistema berriaren ebazpena. Langileen lan baldintzak hobetzeko helburu duela dioten arren, asmo hori langileekin eta langileen ordezkariekin kontatu gabe jarri dute martxan, eta LABetik ez-nahikotzat jotzen dugu sektoreak dituen beharrei aurre egiteko.

Akordioak bi arlotan eragiten du soilik: irakasleen soldatetan eta eskola-orduetan. Bi alderdi horietan aurrerapauso bat egon dela aitortzen badugu ere, arautu barik geratzen dira langile guztien lan-baldintzak (egutegia, ordu osagarriak, lizentziak, baimenak…), baita irakasleak ez direnen soldata ere. Azken finean, sektoreko langileentzat ez da nahikoa daukaten egoera prekariotik irteteko eta hain beharrezkoa duten egonkortasuna eta lan-baldintza duinak izateko.

HABEk ezarritako finantziazio berria ildo zaharretik doa, subentzio bidezko sistemari eusten baitio. Subentzioak, legez, finantzazioaren %70eko langa gainditu ezin duenez, herri-ekimeneko euskaltegiek eta pribatuek matrikula garestitu beharra izango dute ikasturtea aurrera ateratzeko. Beraz, Jaurlaritzak hedabideetan egiten duen propagandak dioenaren aurka, euskara ikastea ez da doakoa izango, gero eta garestiagoa baizik. 

Administrazioak urte luzez alde batera utzi duen helduen euskalduntzearen sektoreari finantzazioa hobetzea eta hau egonkortzea positiboa da, baina proposatutako finantziazioa, diru-laguntza den heinean, sasi-egonkortze bat baino ez da. Gainera, helduen euskalduntzearen sektorea ez dute herri ekimeneko euskaltegiek eta pribatuek bakarrik osatzen; horiei udal euskaltegiak gehitu behar zaizkie, eta hauek bestelako errealitatea dute. Akordio honek ez die erantzuten udal euskaltegietako berezko egoera ezta arazoei, ezta gutxiago ere. Euskaltegi hauetan dauden arazoak herri ekimenekoetan eta pribatuetan daudenaren adina diren arren, inbertsioa askoz ere txikiagoa da: herri ekimeneko euskaltegiei eta pribatuei 26 milioi euro emango zaizkie, eta euskaltegi publikoei, berriz, 12,7 milioi.

Hori dela eta, ez-nahikotzat jotzen dugu euskaltegien finantziazioa eta HABEri sektorearen ereduaren inguruko eztabaidarako marko bat zabaltzea exijitzen dio, non helduen euskalduntzea unibertsala, doakoa, publikoa eta kalitatekoa izango den. Aldi berean, euskaltegien titularrei lan-hitzarmen propioaren aldeko urratsak ematea eskatzen diegu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAJk maizterren aurka eta errentismoaren alde egin du, birbanaketa politikei uko eginez eta eskuin muturrari atera irekiz

Espainiako Kongresuan etxebizitzari buruzko bi lege dekretuen bozketan errentisten interesekin lerratu dira EAJ eta UPN, eta LABetik mobilizazioak areagotzeko deia egiten dugu.

Migranteen egoera prekarioa azaleratzen dute langabeziaren datuek

Joan den hilabeteko argazki sozioekonomikoaren zantzuak ikusten jarraitzen dugu, langabeziak gora egin baitu azken hilabetearekin alderatuta, aurreko urteetan beti jaitsi izan denean. Beraz, 3.238 langabetu gehiago daude Hego Euskal Herrian, eta Erregimen Orokorrari dagokionez, 1.103.547 afiliatu iraileko azken egunean.

Basquevolt salatzen dugu lan-diskriminazio arrazista, matxista, morofobiko eta islamofobikoagatik

Apirilean, bere laborategietako batean leherketa bat gertatu eta egun batzuetara, Basquevolt enpresak bi langile kaleratu eta zigortu zituen arbitrarioki. LAB sindikatuarentzat, ekintza hori funtsik...