2026-02-02
HomeEkintza SindikalaBorrokarako prestasuna erakutsi dugu Gipuzkoako Eraikin eta Lokalen Garbiketan, soldata arrakalarekin bukatzea...

Borrokarako prestasuna erakutsi dugu Gipuzkoako Eraikin eta Lokalen Garbiketan, soldata arrakalarekin bukatzea ortzimugan, 1.300 eurotako 15 paga aldarrikatzeko

Gaur, otsailaren 9an, bi urte eta gero, Gipuzkoako Eraikin eta Lokaletako Garbiketako Hitzarmena negoziatzeko mahaia bildu da. LABen ustez, denbora gehiegi pasa da azken mahaiaren bilera egin zenetik, langileei inolako eskaintzarik egin gabe, ezta borrokarako ere. Horregatik, egoerarekin kezkatuak, abenduan, Gipuzkoako garbitzaileen egoera salatzearekin batera, LABetik konpromiso publikoa hartu genuen trantsizioko hitzarmen bat helburu izanda, sektoreko langileak antolatu eta hitzarmena berriz ere negoziatzen hasteko baldintzak sortzearen alde lan egiteko, bai urte hauetan galdutako eros ahalmena berreskuratzeko baita datozenetako lan baldintzak hobetzeko ere.

Egin genuen interpelazio publiko honi esker, gaur mahaia biltzea lortu dugu, gehiengoak mugiarazi ditugulako. Orain ikusteko dago benetan negoziaziorako eta, bereziki, Gipuzkoako garbitzaileen lan baldintzak hobetzeko duten konpromisoa egiazkoa ote den.

Izan ere, langile hauek, ezinbestekoak izan arren, denbora gehiegi daramate lan baldintza izoztuekin. LABek oso argi dauka jendarte justu batean onartezina dela hori, eta langileon baldintzak jendartean bizirauteko behar bestekoak izatea ezinbestekoa dela.

Gaurko mahaian LABek hor jarri nahi izan du fokoa, garbitzaileen lan baldintzak hobetzeko proposamen errealak eginez: soldata arrakalarekin bukatzea ortzimugan, 1300 euroko 15 paga aldarrikatu ditugu urtean, baita jardun minimo bat eta partzialitateagatiko konpentsazioa ere.

Patronala ordea, denbora pasatzera etorri dela salatu behar dugu. Ez genuen gehiago espero. Bestetik, gehiengoa duen sindikatuak, ELAk, proposamen berria aurkeztu du gainontzeko sindikatuekin kontrastatu gabe eta inolako jakinarazpenik egin gabe. Horrelako jarrerek zaildu egiten dute ELA bidelagun izatea. Azpimarratzekoa da, gainera, oraingo mugimendu hau LABek abenduan egindako agerraldian azaldutako proposamenera gerturatzen dela.

Otsailaren 22an Soldata Arrakalaren Aurkako Eguna izango da. Egun horretan, erakunde publikoei ahoa betetzen zaie ondoren errealitate bihurtzen ez diren hitz hutsalekin; izan ere, langile hauek pairatzen duten prekarietatea eta diskriminazioa ez da desagertzen. Are gehiago, pleguen bitartez diskriminazio horrekin bukatu baino, arrakala areagotzen ari da.

Honen aurrean, antolakuntza eta borrokarako deia luzatuko diegu sindikatu guztiei, bai eta langileei ere, oro har. Inork ez digulako ezer oparituko, borroka garaiak datozela aurreikusten dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...

Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean mobilizatu da LAB, milaka herritar etxegabetze arriskuan jarrita Madrilen “ezkutu soziala” bertan behera utzi dutela salatzeko 

Langileon aldeko politikak, Madrilek inposatu beharrean, Euskal Herrian hartzearen beharra aldarrikatu du LABek Bilbon; hala nola, etxegabetzeak geldiarazteko neurriak, pentsio justu eta duinak bermatzea...

LABek adierazten du Udalen sektorerako Udalhitz hitzarmeneko negoziazio mahaia deitu gabe eta blokeatuta dagoela azaroaren 7az geroztik

Udalhitzen blokeoa gainditzeko otsailean hasiko den mobilizazio dinamika bati ekingo dio LABek Urte bat igaro da EUDELen zuzendaritzak sektoreko sindikatuoi dei egin zigunetik eta mahai...