2026-10-02
HomeIndustriaMetalgintzaBlokeo egoera gainditzeko proposamen berriak eramango ditu LABek EAEko metalgintzako hitzarmen probintzialen...

Blokeo egoera gainditzeko proposamen berriak eramango ditu LABek EAEko metalgintzako hitzarmen probintzialen negoziazio mahaietara

Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko metalgintzako hitzarmen probintzialaren negoziazio mailetan dagoen blokeo egoera gainditzeko LAB sindikatuak proposamen berriak bideratuko dituela iragarri du. Eskaintza honek, besteak beste, KPIa errefenete izango duen soldata igoera jaso beharko du, ez du eskubideen murrizketarik ekarriko, alderdien arteko negoziazioen emaitza izaten iraun beharko du, ultraktibitatearen printzipioa bete, derrigorrezko bitartekotza (arbitrajea) baliatuz patronalak alde bakarreko deskuelgeak egiteari ezezkoa emango dio, eta sektorearentzat gutxieneko erreferentetzat hartuko den hitzarmena babesteko konpromisoa jaso beharko du.

Prentsaurrekoaren edukiak

Blokeo egoera gainditzera bideratutako proposamen berriak eramango ditu LAB sindikatuak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako metalgintzako hitzarmen probintzialen negoziazio mahaietara

«Oro har, probintzia mailako sektoreko negoziazio kolektiboa, eta zehazki, metalgintzakoa, arrisku bizian dago, azken lan erreformek eta negoziazio kolektiboaren erreformak eraginda.
Azkenaldian dekretatu diren lan erreformen helburua bikoitza izan da: alde batetik, negoziazio kolektiboa estatu mailako esparruan zentralizatu nahi dute, ezartzean estatu mailako hitzarmenei lehentasuna emanez, probintzia mailakoen aurka, eta bestetik, enpresa esparruari ere eman zaio lehentasuna, probintzia mailako hitzarmenen edukia okertzeko gaitasuna emanez.

Hori nahikoa ez balitz, 2013ko uztailaren 7a baino lehen berrituko ez litzatekeen probintzia mailako hitzarmen oro desagertu egingo da. Hala, etorkizunean, estatu mailako sektoreko hitzarmenak arautuko luke (hitzarmenik balego), eta halakorik ez balego, Langileen Estatutuak.

Patronalak, egoera honen jakitun, negoziazio osoa nahiz estatuaren aurrean, probintziako hitzarmenen balizko blindajea trabatu du. Uko egin dio Sektoreko Esparru Markoa sortzeari eta erabat trabatu du probintzia mailako negoziazioa.
Patronalak badaki denbora langileen aurka dagoela.

LABek, egoera askatzeko helburuan, urrats berriak egitea erabaki du, probintziako mahaietan sektoreko negoziazio kolektiboa aska dadin. EAEko metalgintzako mahaiak erabat trabatuak daude. Bizkaikoari eta Arabakoari dagokienez, nahiz eta biltzen ari diren, ez da inolako aurrerapenik eman, eta Gipuzkoari dagokionez, mahaikideak ez dira bildu ere egiten eta, dirudienez, epe laburrean ez dira elkartuko. Patronalaren epe motzeko ikuskerak trabatzen du negoziazioa.

Egoera honetan eta zazpi hilabetean, uztailaren 7an zehazki, gure hitzarmenak desagertzeko mehatxupean, LABek adierazi nahi du garaia heldu dela erabakimenez ekin diezaiogun probintziako hitzarmenen aldeko borrokari, hau hamarkadetan horrenbeste izerdi isuri dugun borrokarekin lortu ditugun eskubideak babesteko bitartekoa baita. Heldu behar diogu ere, etorkizunean, bertan, bertako errealitate eta beharren arabera, negoziatu ahal izateko eskubideari: egungo krisialdia egoeran, inoiz baino ezinbestekoagoa gertatzen zaielako langileei aipatu eskubideen defentsa. Probintziako hitzarmenek sektoreari, ez bakarrik langileei, egonkortasuna eta segurtasuna emateaz gain, enpresei ere ematen die. Estatu mailako hitzarmenak ez dira probintziakoaren inolako alternatiba. Probintziako hitzarmenik gabe, milaka eta milaka langileak negoziazio kolektiboaren eskubiderik gabe uzten dira, alde batera baztertuta.

Horregatik, beharrezkoa deritzagu EAEko metalgintzako negoziazio mahaiak desblokeatzeari. Ekimen hauen bitartez, jendeak argi ikusi behar du patronala, egiten duen aurkaritzarekin, trabatzen ari dela negoziazio-mahaia, erreformak eman dizkion onurez baliatzen ari dela mozkin gehiago lortzeko, jakinda denbora bere alde igarotzen ari dela. Hortaz, mozorroa kendu behar diogu.

Xede horretan, LABek mahaiak desblokeatu beharko lituzkeen proposamen berria eramango du EAEko metalgintzako mahai guztietara. LABek arduraz jokatuko du, ez du txikira jokatuko, ez du metalurgialarion eskubideekin espekulatuko. LABek eskaintza zintzoa, sinesgarria eta arduratsua egiten du.
Aipatu eskaintzak soldata igoera jaso behar du, eta horren erreferentea KPI-a izango da; hitzarmenak ez du eskubideen murrizketarik ekarri behar; hitzarmenak alderdien arteko negoziazioen emaitza izaten iraun behar du, bertan ultraktibitatearen printzipioa beteko da, derrigorrezko bitartekotza (arbitrajea) baliatuz patronalak alde bakarreko deskuelgeak egiteari ezezkoa ematea, eta sektorearentzat gutxieneko erreferentetzat hartuko den hitzarmena babesteko konpromisoa hitzartuko da. Hitzarmenak EAEko metalurgialariok behar dugun muinari erantzun behar dio eta erreformak sortu egoeraren emaitza izan behar du.
Era berean, patronalak argi izan behar du ez badu benetan hartzen LABek egingo duen ahalegina, beharrezkoak gerta daitezkeen mobilizazio neurri guztiak aurrera eramango ditugula gure hitzarmenak eta gure eskubideak bertan negoziatzen iraun ahal izan dezagun. Ez gara horrenbeste urtez borrokatu, orain, gure eskubideak galtzen ari garela ikusteko, ezertxo ere egin gabe.

Borroka horretan, sindikatuen arteko akordioak lotzearen beharra sustatuko du LABek, elkar hartuz mobiliza gaitezen gure eskubideen defentsan; proposamen hau aukera bikaina izan daiteke. Sindikatuen batasuna sinesten dugu, patronalari aurre egiteko tresna eragingarri gisa.

Izan ere, sindikatuen artean hitzartuko balitz enpresa mailan ez dela ezer negoziatuko probintziakoaren azpitik, erreformen ondorio nagusienak deuseztatuko genituzke. LAB gertu dago gisa honetako konpromisoa lotzeko sektoreko langileei dagozkien eskubideak babes daitezen.

Hortaz, euskal patronalari dagokio LABek botatzen dion erronkari eustea eta ataka hura gainditzea. Garaia da busti daitezen probintziako hitzarmenen defentsan.

Berriro diogu, LAB prest dago metalgintzako sektoreko negoziazio kolektiboa askatuko dituen proposamen berriak sustatzeko, beti ere, bidezko oinarrietan errotua eta egungo egoeran finkatuak.

Gure negoziazio esparruarekin eta metal aroloko langileoi dagozkigun eskubideen defentsarekin lotuak gaude. Ez diegu hutsik egingo.

Donostian, 2012ko azaroaren 22an»

 

 
 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Salatzen dugu Bilboko Portuko amarratzaileen aurka kaleratzeak, zigorrak eta presioa darabiltzala enpresak

Enpresak berriz ere marra gorri bat zeharkatu du: beste ordezkari sindikal bat kaleratu du bere eginkizun sindikala betetzeagatik eta langileen eskubideak eta lan-baldintzak defendatzeagatik. Enpresak mobilizatzen direnei eta lantaldearen alde aurpegia ematen dutenei ezarritako zigorren beste adibide bat da azken kaleratze hau.

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.