2026-02-03
HomeEkintza SindikalaBiharko deitutako mahai sektorialaren bileran gure aldarrikapenak jorratzeko eskatuko diogu sindikatuok Osakidetzari

Biharko deitutako mahai sektorialaren bileran gure aldarrikapenak jorratzeko eskatuko diogu sindikatuok Osakidetzari

Bidalitako gai-zerrenda ikusita, egiaztatu dugu Osasun Sailak ez dituela aintzat hartzen ez langileak ez herritarrak.

Osasun Sailak atzo jakinarazi zuenez, Osakidetzak Mahai Sektoriala biltzeko deialdia egin du biharko, ekainak 14. Horren edukia ikusita, LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok salatu dugu Osakidetzak bere jarrera inposatzaileari eusten diola eta mahai sektoriala erabiltzen jarraitzen duela existitzen ez den negoziazio baten itxura emateko. Horrek garrantzia berezia du, kontuan hartzen badugu oraingo honetan deialdia jarraipen oso garrantzitsua izan duten bi greba-egunen ondoren egin dela.

Zehazki, Osakidetzak ez ditu gai-zerrendan sartu sindikatuok azken hilabeteetan behin eta berriz eskatu izan dizkiogun puntuak. Puntu horiek mobilizazioen eta bi greba-egunen aldarrikapenen parte dira. LABek, SATSEk, ELAk, CCOOk eta UGTk behin eta berriz eskatu dugu egoera desblokeatzeko eta Mahai Sektorialaren bilerei berriro ekiteko (bilera horiek benetako eduki negoziatzailea izan behar dute), bi gai zehatz berehala ebazteko: Osakidetzak Garapen Profesionalaren azken zirriborroa erretiratzea eta 2022ko deialdi arrunta egitea; eta % 4ko osagarriaren ordainketaren gatazka negoziatzea eta konpontzea (gogora dezagun Transfusioen eta Giza Ehunen Euskal Zentroko langileek 27 greba-egun baino gehiago egin dituztela arrazoi horrengatik).

Bidalitako gai-zerrendak ez ditu gai horiek aintzat hartzen, eta Osakidetzak aldebakarrez erabaki dituen edukiak zerrendatzera mugatzen da. Horregatik, LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok berriro eskatu diogu Osakidetzari gai-zerrendan sartzeko adierazitako puntuak, eta jakinarazi diogu bilerara joango garela gai horiek jorratzera. Negoziatzeko benetako borondatea erakusteko eta bi puntu horiei heltzeko eskatu diogu Osakidetzari.

Adierazi behar da, sindikatuen aldarrikapenei entzungor egiteaz gain, Osasun Sailak gai-zerrendan sartu dituela informazio-eduki hutsa duten gaiak, Osakidetzak aldebakarrez erabaki baititu gai horiek. Adibide gisa, Lehen Arretako zentroetako eta Etengabeko Arreta Guneetako ordutegiak planifikatu dira udan: Osakidetzak zentroei eta, batzuetan, herritarrei beraiei jakinarazi die zein izango diren arretaren baldintzak. Baldintza horiek Osasun Sailaren aldebakarreko erabakia dira, eta, berriz ere, zentroak medikurik gabe irekitzea barne hartzen dute.

Azken hilabeteotan langileak zein herritarrak oso haserre agertu dira Osakidetzaren gainbeherarengatik, deitutako bi greba-egunen jarraipen garrantzitsuarekin eta egin diren mobilizazio jendetsuekin agerian geratu den bezala. Gogoratu behar da, halaber, mahai sektorialean presentzia dugun sindikatuok behin eta berriz salatu dugula Osakidetzak negoziazioa erabat blokeatu duela; izan ere, Mahai Sektoriala edukirik gabeko foro bihurtu da, eta ez da inolako negoziaziorik egiten.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Tubos Reunidoseko enplegu suntsiketa oro gaitzesten du eta enpresari zein erakundeei erantzukizunak eskatzen dizkie

LABek erabat gaitzesten du Tubos Reunidoseko zuzendaritzak Amurrioko eta Trapagarango lantegietan iragarritako EEEa. Ez dugu onartzen egoera koiuntural baten eta erabaki estrategiko okerren kostua langileei...

Euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea bermatzeko exijitu du LABek administrazio publikoen aurrean

Hego Euskal Herriko administrazio publikoetan euskarak gaztelaniak dituen eskubide berberak izan ditzan aldarrikatu du LABek Bilboko, Donostiako eta Gasteizko administrazio publiko nagusien aurrean. Iruñean...

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...